Euskararen erabilera areagotzeko Plan Estrategikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean

Argitalpen-data: 

2026.06.03_Kultura_-_sailburua__9_.jpg
  • Planak 4 helburu nagusi, 11 ardatz estrategiko, 27 helburu operatibo eta 73 ekintza jasotzen ditu
  • Datozen urteetarako hizkuntza-politikaren lehentasunak zehazten ditu, JAUZIA GARA estrategiaren barruan

"Gaur inoiz baino pertsona gehiagok daki euskara. Baina euskararen etorkizuna ez da ezagutzan bakarrik jokatuko. Erabileran jokatuko da. Motibazioan. Atxikimenduan. Eta euskarak pertsonen eguneroko bizitzan izango duen lekuan". Horrela adierazi du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, 2026-2030 aldiko Euskararen Plan Estrategikoa aurkezterakoan.

Plan honek datozen urteetan hizkuntza-politikaren norabidea zehaztuko du eta JAUZIA GARA ekimenaren barruan kokatzen da. Erronka nagusia erabileran dago. Horrela, Planak hiru aldaketa nagusi proposatzen ditu: ezagutzatik erabilerara igarotzea; sail baten planetik gobernu osoaren planera jauzi egitea; eta neurri isolatuetatik ikuspegi integral batera pasatzea.

4 helburu, 11 ardatz

Planak lau helburu nagusi ezartzen ditu: euskararen ezagutza indartzea, erabilera handitzea, prestigioa eta balio soziala sendotzea, eta datuetan eta ebidentzietan oinarritutako hizkuntza-politikak garatzea.

Lehendakariordearen arabera, euskararen etorkizuna ez da administrazio edo instituzio publikoetan bakarrik erabakiko. Zentzu horretan, 11 ardatz estrategiko ezartzen dira planean eta aipatutako helburuak hauen bidez garatuko dira: (1) gaitasuna, (2) transmisioa, (3) aisialdi antolatua, (4) eremu publikoa, (5) eremu pribatua, (6) arnasguneak eta erabilguneak, (7) hedabideak eta ikus-entzunezkoak, (8) ingurune digitala, (9) etorkinak, (10) nazioartekotzea etan(11) ikerketa eta datuen garapena.

Planaren barruan kokatzen dira, besteak beste, euskalduntze sistema eraldatuko duen Euskara Bonua; INGURA, euskara ikasteko aukera malguago eta irisgarriagoak eskaintzeko; LANERA proiektua, lan-munduan euskararen erabilera sustatzeko proiektu eta era berriak; Euskorpora, euskara adimen artifizialaren eta etorkizuneko teknologien garaira eramateko; ADI FILMAK euskaraz, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko; EUSGUNEAK, lurraldeen arteko lankidetza sustatzeko; etab.

Gobernantza, exekuzioa eta ebaluazioa

Bengoetxeak azpimarratu duenez, aurkeztutako plana ez da dokumentu itxi bat, ezta asmoen adierazpen hutsa ere. Aitzitik, datozen urteetarako bide-orria da, euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko tresna praktikoa.

"Galdera ez da ea euskarak erronkak dituen ala ez; denok baitakigu badituela. Galdera da nola erantzun nahi diegun erronka horiei", adierazi du.

Ildo horretan, planak 27 helburu operatibo, 73 ekintza estrategiko eta 33 adierazle jasotzen ditu. Horrez gain, urteko kudeaketa-planen bidez garatuko da, eta gobernantza, jarraipen eta ebaluazio sistema iraunkorra izango du. Lehenengo kudeaketa-planak 2026rako 135 jarduera zehatz aurreikusten ditu.

Lehendakariordearen hitzetan, "anbizioz eraikitako plana da, baina errealitatean oinarritua; norabide argiarekin, baina egokitzeko gaitasunarekin; eta, batez ere, euskararen etorkizuna lankidetzatik eta adostasun zabaletatik eraiki nahi duen plana"

JAUZIA GARA

Eusko Jaurlaritzak euskararen etorkizunari begira egiten duen proposamena da JAUZIA GARA. Erronka nagusia erabileran kokatzen du, motibazioan, atxikimenduan eta eguneroko bizitzan. Horregatik, JAUZIA GARAk euskararen biziberritzearen hurrengo etaparako aterkia proposatzen du, hiru bide nagusiren bidez.

Politika publikoak indartuz, euskararen erabileran jauzi kualitatiboa egiteko beharrezkoak diren politika publiko sendoak, eguneratuak eta gaur egungo errealitateetara egokituak garatzea. Hemen kokatzen da gaur aurkeztera gatozen Euskararen Plan Estrategikoa.

Ekosistema soziala aktibatuz, Euskararen etorkizuna ez da instituzioetatik bakarrik eraikitzen. Erabilera soziala handitzeko, ezinbestekoa da gizarte eragileen, enpresen, hezkuntza komunitatearen, kulturgileen eta herritarren arteko aliantzak aktibatzea.

Lotura emozionala indartuz, euskara gero eta hurbilagoa, naturalagoa eta erakargarriagoa izan dadin, bereziki transmisio familiarik jaso ez duten herritarren eta etorri berrien artean.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)