Euskalmeten arabera urtarrila hilabete heze eta oso haizetsua izan da, tenperatura normalekin

Argitalpen-data: 

Oleaje__7_.JPG
  • Ohikoa baino prezipitazio handiagoak, haize- eta itsaso-denborale ugari eta guztira 61 abisu meteorologia-arriskuagatik nabarmendu dira urteko lehen hilabetean.

Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, joan den urtarrila hezea izan dela adierazi du lurraldearen zati handi batean, bereziki kostaldean eta Arabako ipar-ekialdean; aldiz, batez besteko tenperaturek balio normalen barruan jarraitu dute, 1991-2020 aldiko batez bestekotik oso gertu.

Euskalmeten arabera, urtarrilean ohikoa baino prezipitazio handiagoak izan dira, bereziki kostaldean eta Arabako ipar-ekialdean. 200 l/m²-tik gorako metaketak neurtu dira Gipuzkoako ipar-ekialdean (Añarbe 272, Eskas 245.6, Ereñozu 213.5), kostaldeko zenbait puntutan (Almike 226.1, Berriatua 216.7, Miramon 205.7) eta isurialde kantauriarreko barnealdean (Mallabia 207.5, Zegama 226.2). Aitzitik, baliorik baxuenak Ebroko ardatzean erregistratu dira, 40-50 l/m² inguruko metaketekin (Páganos 48.6, Zambrana 41.5, Moreda 43.5).

Prezipitazioa izan duten egunen kopurua oso handia izan da ohikoarekin alderatuta, hiriburuetan 14 eta 19 egun inguru egin du euria. Bereziki azpimarragarriak izan dira prezipitazio oso ugari izan dituzten bost gertaera, horietako batzuk kota baxuetako elurrarekin eta zaparrada biziekin batera.

Hileko batez besteko tenperaturak normalak izan dira: 8 eta 10 °C artean kostaldean, eta 5 °C inguruan Arabako Lautadan. Hilabetea hotzaldi nabarmen batekin hasi zen, jatorri artikoaren aire-masa baten eta Francis borraskaren etorrerarekin batera; horrek gutxieneko tenperaturen beherakada eragin zuen Errege bezperaren eta Errege egunaren inguruan, eta anomalia negatiboek 6 °C-tik gora egin zuten une batzuetan.

Aitzitik, hilabete erdialdean eta amaieran giro epelagoa nagusitu zen, eta tenperatura maximoak 20 ° C ingurukoak izan ziren isurialde kantauriarreko zenbait puntutan (Galindo 19, Higer 18,6; Oleta 19,9, Jarralta 19,6, Arteaga 18,6, Oiartzun 18,5).

Haizea izan da hilabeteko fenomeno nabarmenenetako bat, haize-bolada oso bortitzen pasarte ugari izan baitira. Boladarik indartsuenak hilabete amaieran neurtu ziren, 156 km/h-ra iritsiz Urduñan, eta 140 km/h-tik gorako balioak zenbait gune agerian, baita 100 km/h-tik gorakoak ere gune babestuetan. Denborale horiek itsaso zakarreko egoerekin batera gertatu dira, hainbat egunez 5 metro baino gehiagoko olatu esanguratsuekin, bereziki urtarrilaren 25etik 26ra, Ingrid borraskarekin bat eginez.

Muturreko meteorologiari dagokionez, urtarrila oso aktiboa izan da, Atlantikoko borrasken etengabeko igarotzearekin eta haize, itsaso zakar, elur eta izotz-pasarte ugarirekin. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 55 abisu hori eta 6 alerta laranja aktibatu zituen, gehienak haize-denboraleekin eta itsasertzeko arriskuarekin lotuta.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)