Euskalmeten arabera, urria beroa eta, oro har, lehorra izan da, Bizkaian izandako euri-jasa handiak gorabehera

Argitalpen-data: 

Web___Urria_Octubre.png
  • Prezipitazioen banaketan alde handiak izan dira: Bilbo Handian pilatutako euri-kantitateak oso handiak izan dira; Arabako zenbait eremutan eta Gipuzkoako ekialdean, berriz, hilabetea lehorra edo oso lehorra izan da.
  • Batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 1,1 °C altuagoak izan dira. Hilaren erdialdean 30 °C-tik gorako tenperatura maximoak izan dira, eta azken egunetan udazkeneko lehen izozteak erregistratu dira.
  • Urrian, 14 abisu hori eta 2 alerta laranja eman dira, batez ere prezipitazio handiengatik eta itsasaldeko arriskuagatik.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, joan den urria beroa eta, oro har, lehorra izan da, nahiz eta prezipitazioei dagokienez alde handiak izan diren lurralde batetik bestera. Bizkaiko ipar-mendebaldean eta Arabako Errioxan hilabeteak hezerako joera izan du, bereziki Bilbo Handian, euri-jasa handien ondorioz. Gipuzkoako ekialdean eta Arabako zenbait eremutan, aldiz, lehorra edo oso lehorra izan da. Bestalde, batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 1,1 °C altuagoak izan dira.

PREZIPITAZIOA

Prezipitazioei dagokienez, urrian ezohiko banaketa izan da, eta euri-kantitate handienak Bilbo Handian pilatu dira. Izan ere, hilaren hasierako zaparrada trumoitsuek eragin berezia izan zuten bertan. Markina-Ondarroa eta Debabarrena eskualdeetan ere prezipitazio-kantitate handiak erregistratu ziren. Hona hemen zenbait datu: Abusu, 155,8 mm; Iruzubieta, 139,1 mm; Altzola, 137,8 mm; Berriatua, 136,9 mm; eta Garai, 135,4 mm.

Aitzitik, prezipitazio-kantitate txikienak Araban erregistratu ziren, bereziki Arabako Haranen eta Arabako Lautadaren artean. Hona hemen zenbait datu: Langraiz, 39,8 mm; Zambrana, 40,1 mm; Abetxuku, 42 mm; eta Espejo, 42,1 mm. Goierrin ere prezipitazioak ohikoak baino urriagoak izan ziren, 50 mm-tik beherako balioekin.

Bereziki aipagarria izan zen urriaren 3ko euri-jasa handien gertakaria. Egun hartan, goi-geruzetan aire hotza zeraman ibar batek zaparrada oso gogorrak eta iraunkorrak sortzea erraztu zuen. Prezipitazioak oso mantso mugitu zirenez, ezohiko euri-kantitateak pilatu ziren, batez ere Bizkaiko ipar-mendebaldean. Venta Altan 94,4 mm erregistratu ziren; Sangronizen, 81,7 mm; Abusun, 75,3 mm; Larrainazubin, 63,1 mm; eta Iruzubietan, 62 mm. Gertakariak gorabehera ugari eragin zituen Bilbon, bereziki Alde Zaharrean, baita Getxon, Basaurin, Laudion, Galdakaon, Sestaon eta Erandion ere.

Egun hartan, Euskalmeten sareko hainbat estaziotan prezipitazio-errekorrak hautsi ziren, bai eguneko metaketetan, bai ordubeteko eta hamar minutuko intentsitateetan. Bereziki aipagarria da Venta Altako estazioa: urriaren 3an pilatutako 94,4 mm-ek estazioaren serie historikoko eguneko errekor berria ezarri zuten, 2017ko urtarrilean erregistratutako 93,6 mm-ak gaindituta.

TENPERATURA

Tenperaturei dagokienez, urria hilabete beroa izan da, 14,8 °C inguruko batez besteko tenperaturarekin, ohikoa baino 1,1 °C altuagoa, gutxi gorabehera. Kantauri isurialdean, batez besteko tenperaturak 15 eta 17 °C artekoak izan dira, eta Mediterraneo isurialdean, 13 eta 15 °C artekoak. Euskadi osoan, 2026ko urria 1970az geroztik izandako hamaseigarren urririk beroena izan da, 2022an eta 2023an erregistratutako ezohiko balio beroetatik urrun.

Hilaren lehen erdian egun beroak nagusitu ziren, bereziki hilaren 14an eta 15ean. Egun horietan, anomalia termikoak 6 °C ingurukoak izan ziren, eta batez besteko tenperatura maximoek 25 °C-ak gainditu zituzten. Hegoaldetik iritsitako aire-masa beroak, hego-osagaiko haizearekin batera, tenperaturen igoera nabarmena eragin zuen, bereziki Kantauri isurialdean. Estazio askotan 30 °C-ak gainditu ziren: Gardean 32 °C, Ibai Ederren 31,3 °C, Igorren 31,3 °C, Sodupe-Cadagua estazioan 31,2 °C, Balmasedan 31,1 °C eta Jarraltan 31,1 °C.

Aitzitik, hilaren bigarren erdian giro hotzagoa nagusitu zen, bereziki hilaren 19an, Euskadi osoko batez besteko tenperaturak 10 °C-tik behera jaitsi zirenean. Arabako eta Gipuzkoako eremu askotan tenperatura maximoak 10-12 °C-ra baino ez ziren iritsi, eta mendialdeko zenbait tokitan 5 °C-tik behera geratu ziren.

Tenperaturen jaitsiera horren ondorioz, udazkeneko lehen izozteak izan ziren urriaren 20an, Arabako mendebaldean. Tobillasen -0,4 °C-ko tenperatura minimoa erregistratu zen, eta Espejon -0,2 °C-koa. Hilaren amaieran izozteak berriro agertu ziren, bereziki hilaren 31n, Iturrietan -1,2 °C eta Roitegin -0,6 °C erregistratu zirenean.

HAIZEA

Haizeari dagokionez, oro har indar txikiko tokiko haizeak nagusitu dira, nahiz eta hilaren bigarren hamabostaldian mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizearekin lotutako hainbat gertakari izan diren.

Haize-boladarik gogorrenak hilaren 22an eta 23an izan ziren. Haizearen eraginpean dauden eremuetan 100 km/h-ko abiadura gainditu zen, eta honako balio hauek erregistratu ziren: Matxitxakon 108,6 km/h, Santa Claran 102,7 km/h eta Urduñan 100,2 km/h.

Haize-gertakari horiekin batera, itsas denborale nabarmena izan zen urriaren 21etik 26ra. Mendebaldeko haize indartsuak Kantauri itsasoko olatuen altuera nabarmen handitzea eragin zuen. Hilaren 23an erregistratu ziren gertakariaren baliorik altuenak, eta Pasaiako portuan olatuen altuera adierazgarria 6,88 metrora iritsi zen.

METEOROLOGIA KALTEGARRIA

Meteorologia kaltegarriari dagokionez, urrian 2 alerta laranja eman ziren (prezipitazio handiengatik eta nabigaziorako olatuen altueragatik), baita 14 abisu hori ere (2 prezipitazio iraunkorrengatik, 4 prezipitazio handiengatik, 4 nabigaziorako olatuen altueragatik. 3 olatuek kostaldean izan dezaketen eraginagatik eta 1 ur-jaurtiketengatik eta zipriztinengatik).

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)