- XXIV. edizioak edizioak 200 nazioarteko espezialista eta ordezkari instituzional inguru bildu ditu Bilbon, birgaitzeari, hiri-berroneratzeari eta lurzoru gehiago kontsumitu gabe bizitegi-eskaintza handitzeko formula berriei buruzko esperientziak partekatzeko
- Topaketa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatu du, NBE-Habitat programaren laguntzarekin, eta, besteak beste, Euskadin, Herbehereetan, Estatu Batuetan, Kanadan, Erresuma Batuan, Italian eta Andaluzian garatutako proiektuak jorratu ditu bi jardunalditan
XXIV. EuskalHiria kongresua Bilbon amaitu da gaur, edizio honetan parte hartu duten 200 aditu, profesional eta ordezkari instituzional inguruk bere egindako ideia batekin: hiriek barrutik ere hazten ikasi behar dute, dauden auzo eta eraikinak hobeto aprobetxatuz etxebizitza-beharrei erantzuteko, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasuna arriskuan jarri gabe. ‘Ber-hazi. Hiria etxebizitzaren eta jasangarritasunaren erronken artean’ lelopean, topaketak birgaitzean, hiri-berroneratzean, azpiegituren berrerabileran eta finkatutako inguruneen egokitzapenean jarri du fokua, egungo hiri-erronkei aurre egiteko funtsezko tresna gisa.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatu, Giza Kokaguneetarako Nazio Batuen Programaren (NBE-Habitat) laguntzarekin, Euskal Hiria 2026k Estatu Batuetako, Kanadako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako eta Herbehereetako espezialisten partaidetza izan du. Nazioarteko proiekziorik handieneko edizioa izan da, eta aukera eman du oso askotariko esperientziak ezagutzeko, helburu bera dutenak: eraikitako hiriaren potentziala aprobetxatzea etxe berriak sortzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta biztanleak beren auzoetatik kanporatzea saihesteko.
Atzo, astelehena, izandako irekiera instituzionalean parte hartu zuten Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Shubhagato Dasgupta NBE-Habitat programako Plangintza eta Finantzetako buruak.
Hitzaldian, Denis Itxasok defendatu zuen uztartu beharra dagoela, alde batetik, etxebizitza babestu berrien eraikuntza eta, bestetik, lehendik dauden eraikinen birgaitzearen, berroneratzearen eta eraldaketaren aldeko apustu irmoa. Sailburuak erronka nagusien artean kokatu zuen etxebizitza babestua ezartzeko bizilagunen erresistentziak —NIMBY fenomenoa— gainditzea, eta udalerrien eta auzoen artean erantzukizun partekatu handiagoa eskatu zuen, lurraldeko ezein tokik ez diezaion muzin egin bizitegi-eskaintza zabaltzeko beharrari. Era berean, komentuak, fabrikak, epaitegiak eta bulego-eraikinak zuzkidura-apartamentu bihurtzeko Sailak bultzatutako edo aztertutako hainbat ekimen errepasatu zituen, baita etxebizitza-eraikin publikoak handitzeko, merkataritza-lokalak berreskuratzeko eta belaunaldien arteko bizitegi-formulak sustatzeko aukerak ere.
Egungo hiria, aukera gisa etxebizitza eta hiri-kalitatea sortzeko
Bi jardunaldietan zehar, erabiltzen ez diren azpiegiturak eta hiri-espazioak egungo beharrei erantzuteko aukera nola bihur daitezkeen erakusten duten proiektuak aurkeztu dituzte hainbat hizlarik. Horien artean, Duncan Lewis Scape Architecture-ren sortzaileetako batek azaldu du Bilboko Telefónicaren eraikin zaharra eraldatzeko proposamena, lehendik dagoen azpiegitura batean landaredia eta herritarren topaguneak integratzea planteatzen duena.
Londresko Croydon auzoan garatutako bizitegi-birmoldaketaren esperientziak ere ezagutu dira (han, azken bi hamarkadetan, familia bakarreko etxebizitzak bizitegi-ahalmen handiagoko eraikin bihurtu dira), baita hiri-berroneratzearen arloko proiektuak ere, hala nola Turinen 1995etik bultzatutakoa. Proiektu horrek ahalbidetu du industria- eta trenbide-espazioak berreskuratzea horiek parke eta ingurune bizigarriago bihurtzeko.
Eraikinen berrerabiltzeak ere protagonismo nabarmena izan du. Euskadin hainbat ekimen aurkeztu dira, hala nola komentu eta eskola zahar bat etxebizitza bihurtzea Azpeitian, baita erabiltzen ez diren beheko solairuko lokalak etxe bihurtzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektua ere. Bilbon, gainera, udal-plangintzaren bizitegi-garapeneko aurreikuspenak azaldu dira (15.000 etxebizitza aurreikusten ditu, horien artean 2.500 etxebizitza babestu Zorrotzaurren), baita Errekalde inguruak eskaintzen dituen berroneratze-aukerak ere, industria-espazio zaharrak eraldatuta eta A-8 autobidea lurperatuta.
Montrealeko esperientziak etxebizitza eskuragarriari buruzko beste ikuspegi bat ekarri du, irabazi-asmorik gabeko etxebizitza-ereduaren bidez (hors marché). Eredu hori kooperatibekiko eta gizarte-organizazioekiko lankidetzan oinarritzen da. Kanadako hiri horretako hipodromo zaharraren eraldaketa ere aurkeztu da, 20.000 etxebizitza berri inguru garatzea ahalbidetuko duena.
Bestalde, Aretian Urban Analytics and Design erakundeko kide eta Harvardeko Unibertsitateko hiri-berrikuntzako ikertzaile Ramon Gras-en azaldu ditu hiri-analisiko datuek eta tresnek berroneratzearen eta birdentsifikazioaren arloan erabakiak hobeto hartzeko eskaintzen dituzten aukerak. Bere metodologia Bartzelona, Boston edo Mexiko Hiria bezalako hirietan erabiltzen da jadanik, eta aukera ematen du informazio zehatzetik abiatuta aukerak identifikatzeko eta hirigintzako esku-hartzeak bideratzeko.
Auzoak birgaitzea eta haien espazio guztiak aprobetxatzea
Bigarren jardunaldia astearte honetan egin da, eta hiria berroneratzeko eta auzoak birgaitzeko proiektu zehatzetan sakontzea ahalbidetu du. Horien artean, Opengela nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa, zazpi urteko ibilbidean 25 auzotan lan egin duena eta Euskadiko ingurune kalteberetan 2.000 etxebizitza baino gehiago birgaitzea erraztu duena. Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren zuzendari Ana Telleriak bere emaitza nagusiak aurkeztu ditu, eta Angel M. Cea arkitektoak, berriz, Durangoko Aramotzen garatutako esku-hartzea azaldu du. Bertan, 16 eraikinetan jardun da, fatxadak hobetuta, igogailuak instalatuta eta espazio komunak birnaturalizatuta.
Orain arte gutxiegi erabili diren espazioak aprobetxatzeko ekimen berritzaileak ere ezagutu dira. Nikki Kamps Rotterdam Rooftop Days enpresako zuzendariak Rotterdameko eraikinen estalkiek dituzten aukerak aurkeztu ditu. Haien teilatutan 18 kilometro karratu daude, berdeguneak, eguzki-energiako instalazioak, aisiarako espazioak eta etxebizitza berriak barne har ditzaketenak. Azaldu duenez, azalera horren % 10 soilik aprobetxatuz gero, 15.000 etxe inguru eraikitzeko aukera legoke.
Hiri-berroneratzearen, etxebizitzaren eta klima-egokitzapenaren arteko erlazioa beste esku-hartze batzuen ardatz izan da. Parisko Sciences Po-ko Federica Rotondo-k bizitegiaren arloko desberdintasunak murrizteko behar diren politikei buruzko azterlan bat aurkeztu du, eta Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeko Estibaliz Sanzek, berriz, politika klimatikoak eta sozialak konektatzeko beharrari heldu dio, ekipamendu eta espazio publikoak klima-aldaketaren aurreko erresilientzia elementu bihurtuko dituzten ekimenen bidez.
Arlo horretan, Bartzelonako eremu metropolitanorako proiektuak ere aurkeztu dira, hala nola masia zahar bat adineko pertsonentzako 13 etxebizitza bihurtzea Sant Vicenç dels Horts-en, edo polizia-etxe zahar bat 16 zuzkidura-apartamentu bihurtzea Santa Coloma de Gramenet-en. Bestalde, n’UNDO estudioaren sortzaileetako bat den Beatriz Sendín-ek soberan dagoena murriztu, minimizatu eta ezabatzean oinarritutako hirigintza-filosofia defendatu du, herritarrentzako espazioak berreskuratzeko eta beharrezkoak ez diren eraikuntzak saihesteko.
Eskuragarritasuna, parte-hartzea eta auzoan jarraitzeko eskubidea
Etxebizitza eskuragarria eskuratzea eta pertsonek beren auzoetan jarraitzeko duten eskubidea izan dira kongresuaren beste ardatz nagusietako bat. Ildo horretatik, Amsterdamgo Etxebizitza Elkarteen Federazioko Anne-Jo Visser-ek Herbehereetako hiriburuko bederatzi egoitza-elkarteen lankidetza-eredua azaldu du. Elkarte horiek 180.000 etxebizitza inguru kudeatzen dituzte eta administrazioekin lan egiten dute gizarteratzea eta auzoen garapena bultzatzeko.
San Frantziskoko YIMBY mugimenduaren sortzaileetako bat eta YIMBY Law-ko zuzendaria den Sonja Trauss-ek ere parte hartu du, eta azaldu du herritarren mobilizazioak etxebizitza berrien eraikuntza defendatzen eta bizitegi-eskasiari aurre egiten nola lagundu dezakeen. Bere esku-hartzeak aukera eman du NIMBY (Not In My Backyard) eta YIMBY (Yes In My Backyard) posizioak kontrastatzeko. Bi ikuspegi horiek islatu egiten dute hiri-eraldaketak egoiliarren interesekin eta biztanleria osoaren beharrekin uztartzeko moduari buruz dagoen eztabaida soziala.
Granadako Santa Adela auzoa berroneratzeko esperientziak, Juan Manuel Suárez Fernándezek aurkeztuak, erakutsi du zein garrantzitsua den hirigintzako esku-hartzeekin batera auzoekin zuzenean lan egitea, hurbiltasuneko bulegoen eta parte hartzeko prozesuen bidez. Euskadin, Mikel Inchaurbe Gasteizko Udaleko Hirigintzako zuzendari nagusiak Lakua eta Salburua auzoetako zenbait birgaitze- eta plangintza-jarduketa azaldu ditu, auzo horien zuzkidurak osatzera eta bizitegi-inguruneak hobetzera bideratutakoak.
Ildo horretatik, topaketan behar bat aztertu da, alegia, hiri-berroneratzea ez dadila mugatu eraikin eta espazio publikoen eraldaketa fisikora, baizik eta lagundu dezala kohesio soziala indartzen, auzoen aniztasuna mantentzen eta hobekuntzak bertan bizi diren pertsonengana iritsiko direla bermatzen.
Itxieran, ONU-Habitat Españako Ana Beatriz Jordaok jardunaldien ondorio nagusiak aurkeztu ditu, eta Etxebizitzako sailburuorde Juan Carlos Abascalek, berriz, nabarmendu egin du hiri-garapena ulertzeko modu berri horrek hiri-jasangarriago eta gizatiarragoetarantz aurrera egiteko dakarren aukera.
Horrela, EuskalHiria 2026 kongresuak ezagutza eta esperientziak trukatzeko bi jardunaldi itxi ditu konklusio bera aterata: hirien etorkizunak konbinatu egin behar ditu etxebizitza berrien sorrera eta dauden baliabideen aprobetxamendu zentzuduna. Eraikinak birgaitzea, auzoak berroneratzea, gutxiegi erabiltzen diren espazioak berreskuratzea eta pertsonak beren inguruneetan gera daitezen erraztea ezinbesteko jarduketak dira bizitegi-erronkari erantzuteko eta hiri bizigarriagoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)