Euskal Trenbide Sareak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen hirugarren tarteko obrak lizitatu ditu

Argitalpen-data: 

  • Castaños ibaiaren eta Baxatxuren arteko trenbide-plataforma 1.624 metro luze da
  • Lanak egiteko epea 40 hilabetekoa da, eta aurrekontua 97,2 milioi eurokoa (gehi BEZa)

  

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea entitate publikoaren bitartez, Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen hirugarren tartearen lizitazioa atera du. Castaños ibaiaren eta Baxatxu tunelaren arteko tartearen lizitazioak 97,2 milioi euroko aurrekontua du (gehi BEZa) eta lanak egiteko 40 hilabeteko epea.

Tartea 1.624 metro luze da, eta Butxako - Castaños ibaia tarteko irteera-puntutik biaduktuan gurutzatzen du Castaños ibaiaren ibarbidea, eta tunelean jarraitzen du 1.411 metroz, Baxatxu inguruan, Kadagua ibaiaren ibarbidean azaleratu arte. Puntu horretan hasten da hurrengo obra-tartea. Hirugarren tarte hau osorik garatzen da Barakaldoko udalerrian.

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen helburua da Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko udalerrietan barrena salgaien trafikoa ezabatzea eta Bilboko portuari lehiakortasun handiagoa ematea, nazioarteko zabalerako trenbide bidez lotzen baita abiadura handiko sare berriarekin eta Europarekin, Atlantikoko korridorea osatzen duen Europa barneko sarearen bidez. Aldi berean, errepidean zeharreko salgaien trafikoa nola murritz daitekeen bilatzea du xede.

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektuaren lehen faseak zazpi tarte ditu, eta horietako bi jada adjudikatuta daude —lehenengoa, Seranteseko tunela - Ortuella, eraikitzeko lanean ari dira, eta bigarrena berriki adjudikatu da—.Castaños ibaiaren eta Baxatxu tunelaren arteko hirugarren tartearen lizitazioarekin, beraz, lehen fasea osatzen duten 12 kilometroen erdia baino gehiago egikaritzen ari dira edo lizitazio fasean daude.

Azpiegitura berria Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak finantzatzen du, eta Euskal Trenbide Sareak egikaritzen du, kudeaketa-gomendio baten bidez, Eusko Jaurlaritzaren ente publikoak bide bikoitzeko plataforma eraikitzeko proiektuak idatz ditzan, lehen faseko obrak kontrata eta egin ditzan, 484,7 milioi euroko aurrekontuarekin (kupo bidez konpentsatzen dira), eta bigarren faseko informazio-azterlana idatz dezan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)