Euskal Trenbide Sareak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen bi tarte berri lizitatu ditu, 120,1 milioi eurotan

Argitalpen-data: 

  • Guztira 3,4 kilometro dituzten Orconera-Durañona eta Durañona-Burtxako tarteak dira

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Bilboko portua abiadura handiko sare berrira konektatuko duen Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen bi tarte berrien obrak atera ditu lizitaziora. Guztira 3,4 kilometro izango dituzten eta 120,1 milioi euroko inbertsioa eskatuko duten Orconera-Durañona eta Durañona-Burtxako tarteak dira.

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektuaren lehen faseak zazpi tarte ditu; horietako bi jada esleituta daude eta egikaritzen ari dira, eta beste hiru lizitazio-fasean daude. Bost tarte horiek lehen fasea osatzen duten 12 kilometroetatik 10 kilometro hartzen dituzte.

Orconera-Durañona tartea 1.850 metro da luze eta Trapagarango udalerrian kokatzen da. Ia osorik trenbide bikoitzeko tunel barruan doa, 82,55 m²-ko sekzio librearekin, eta ibilgailu-galeriarekin proiektatu den SE03 larrialdi-irteera dauka, baita tunelera lotzen duten oinezkoentzako galeria paraleloak ere, trenbide-tuneletako segurtasun-araudia betez.

Aurrekoari jarraipena ematen dion eta Trapagaran eta Barakaldo artean dagoen Durañona-Burtxako tartea. 1.620 metro da luze, aireztapenerako eta ebakuaziorako eginkizun bikoitza duen ibilgailu-galeria duen SE04 larrialdi-irteera dauka, baita tunelera lotzeko zortzi irteera dituen oinezkoentzako galeria paraleloa ere, indarrean dagoen trenbide-tuneletako segurtasun-araudia betez.

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen helburua Ibaizabalen ezkerraldeko udalerri barruko merkantzien trafikoa kentzea eta Bilboko portuari lehiakortasun handiagoa ematea da, nazioarteko zabalerako trenbidearen bidez abiadura handiko sare berriarekin eta Europarekin lotuz, Atlantikoko korridorea osatzen duen Europa barruko Sarearen bidez.

Azpiegitura berria Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak finantzatzen du, eta Euskal Trenbide Sareak gauzatzen du kudeaketa-agindu baten bidez, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen erakunde publikoak trenbide bikoitzeko plataforma eraikitzeko proiektuak idatz ditzan, 484,7 milioi euroko aurrekontua duten eta Kupoaren bidez konpentsatuko diren lehen faseko obrak kontratatu eta egikaritu ditzan eta bigarren faseko informazio-azterlana idatz dezan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)