- NARE programak 15 urteko ibilbidea bete du 2026an, eta erreferente gisa finkatu da giza eskubideen defendatzaileen babesean
- Ainhoa Zugasti, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria: "funtsezkoa da giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak babestea, eta, horregatik, aurten aurrekontu handiagoarekin indartu da NARE"
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren ordezkaritza batekin batera, Eusko Legebiltzarrak eta giza eskubideen eta kooperazioaren aldeko hainbat erakundek -Alboan Fundazioak, Bakearen aldeko Mugimenduak (MDPL Colombia)- eta Zehar-Errefuxiatuekin, Euskadiko GGKEen Koordinakundea)), Kolonbiara egingo du bidaia, NAREn, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan, parte hartu duten pertsona eta kolektiboen jarraipena egiteko. Programak 15 urteko ibilbidea bete du 2026an. Euskal ordezkaritza 13 pertsonak osatuko dute, Ainhoa Zugasti, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria buru.
Bisita urtarrilaren 22tik 31ra bitartean garatuko da, eta helburua da NAREn parte hartu duten defendatzaileen babesa eta laguntza indartzea, euskal erakundeen, legebiltzarraren eta elkarteen babesa ikusarazita. Horretarako, ekina izango da lan-agenda, eta topaketak egingo dira hainbat erakunderekin, besteak beste, Landa Garapeneko Nekazarien Elkartearekin (ACADER), Antiokiako Desplazatuen eta Emakumeen Elkartearekin (ADMA) eta Awá Herriko Emakume eta Familia Sailarekin. Bisitaldian zehar jasotako eskariak eta kezkak Kolonbiako erakunde publikoei helaraziko zaizkie gero. Bestetik, agendak bilerak ditu aurreikusita, nazioarteko erakundeekin eta herrialdean dauden kidego diplomatikoko ordezkariekin.
Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendari Ainhoa Zugastik nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak hartua duen konpromisoa giza eskubideen alde eta nazioarteko elkartasunaren alde. Adierazi du funtsezkoa dela defendatzen dituztenak babestea, eta horregatik indartu da aurten NARE aurrekontu handiagoarekin. Zugastik azaldu duenez, bisita konpromiso horren parte da: arrisku bereziko testuinguruetan defendatzaileei babesa eta laguntza ematea eta tokiko erakundeekin lankidetza indartzea. Gainera, Euskadik demokraziarekin duen konpromisoa berretsi du, giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpena, mehatxuak eta hilketak gaitzetsi ondoren.