Euskal ontzi nautiko elektrikoen industria-sektore berria sortu du

Argitalpen-data: 

  • “Zero Emissions Marine Boat” ontzi nautiko elektriko eta deskarbonizatuen belaunaldi berriaren garapena bultzatzeko Proiektu Eraldatzaile berri bat da. Industria-sektore berri horrek Europaren buruan kokatzen du Euskal AE.
  • Itsas elektrifikazioko teknologia aurreratuetan oinarrituta, gaitasun teknologiko eta produktibo berriak sartzen ditu Euskal AEko ontzigintza- eta nautika-sektorean.
  • Euskal AE industriako lider gisa kokatzen du ontzi nautikoen deskarbonizazioan.
  • Proiektu honek 36 milioi euroko inbertsioa ekarriko du datozen hiru urteetan.
  • Goi-mailako kualifikazioko 71 lanpostu zuzen sortzea ekarriko du, zeharkako 120 lanpostu inguruz gain, guztira 191 enplegu berri edukitzera lortu arte.
  • LASAI enpresa buru duen proiektuak 6 euskal ETEk osatutako balio-kate industrial berri bat bultzatuko du, eta Euskal Herriko Itsas Foroa klusterraren laguntza izango du.
  • Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile nagusiak inplikatuko ditu, besteak beste, Tecnalia eta CIC energiGUNE.
  • Euskadi 2030 Industria Planak lidergo publikoko zein pribatuko 23 Proiektu Eraldatzaile biltzen zituen. Horiei lidergo pribatuko 2 Proiektu Eraldatzaile berri gehitu zaizkie: “Zero Emissions Marine Boat” eta “Nanomedikuntzarako hidrogel adimendunak”. 
  • Guztira, 25 proiektu eraldatzaileetatik 15 abiarazi dira dagoeneko: horietako 6 sektore pribatuak gidatuta eta 9 sektore publikoak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik “Zero Emissions Marine Boat” proiektu eraldatzailea aurkeztu du gaur goizean Getxoko Abrako Itsas Klubean, Euskadi 2030 Industria Planaren esparruan sortutako industria-oinarriko seigarren proiektua. Proiektu Eraldatzaile berri horrek % 100 elektrikoak eta deskarbonizatuak diren ontzi nautikoen industria-sektore berri bat sortuko du Euskal AEn, eta herrialdea itsas mugikortasun jasangarriaren Europako erreferente gisa kokatuko du. 

 “Zero Emissions Marine Boat” proiektua gaur goizean aurkeztu dute Getxoko Abrako Itsas Klubean. Proiektuan parte hartzen duten enpresa, enpresa txiki eta ertain, zentro teknologiko eta klusterren arduradunen aurrean egin den ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, LASAIren sortzaile Jose Galidezek, LASAIren CEO Garikoitz Telleriak, CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusi Nuria Gisbertek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Lehiakortasuneko zuzendari Joseba Mariezkurrenak hartu dute parte.

Gainera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Industria Sustatzeko sailburuorde Andoitz Korta, Euskal Herriko Itsas Foroaren zuzendari Sarai Blanc, Tecnaliako Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendari Agustin Saenz, Basquevolt enpresako zuzendari Pablo Fernandez, Obeki Electric Machines enpresako zuzendari nagusia Gorka Astarbe eta Mauke Innovationen sortzaile Josu Errasti.

Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, proiektu honekin "Euskal AEk ontzi nautiko elektrikoen industria-sektore berri bat sortzen du, liderra Europan.  Proiektu Eraldatzaile honek argi erakusten du deskarbonizazioak industria-sare berria sortzeko aukerak irekitzen dituela. Euskal AEko gaitasun industrialak eta teknologikoak batzen ditugu zero emisioko ontzi nautikoen belaunaldi berri bat garatzeko eta produzitzeko". 

Garikoitz Telleria LASAIko CEOaren hitzetan, "merkatu-segmentu berri bat sortzen ari gara, zero emisioko aisia ontziena. Erreferenterik gabeko erronka bati aurre egiten ari gatzaizkio, eta horrek ontzi eraginkor eta jasangarriak ekarriko ditu. Gainera, konponbideak itsas mugikortasuneko beste beharrizan batzuetara hedatzeko modukoak izango dira, hala nola salgaien garraioa, arrantza, portu-zerbitzuak edo bidaiarien garraioa, eta horrek eragin biderkatzailea izango du ".

Inbertsio estrategikoa balio-kate industrial berri bat sortzeko

 “Zero Emissions Marine Boat” proiektu eraldatzaileak 36 milioi euroko inbertsioa izango du, 2026-2028 aldian goi-mailako ontzi elektrikoen belaunaldi berri bat industrializatzeko behar diren gaitasun guztiak garatzeko.

Proiektuak goi-mailako kualifikazioak eskatzen dituzten 71 enplegu zuzen eta zeharkako beste 120 inguru sortzea aurreikusten du, guztira 191 enplegu berri sortzera heldu arte. Lanpostu berri horiek ingeniaritzako, fabrikazio aurreratuko, digitalizazioko, elektronikako, energia biltegiratzeko eta ekoizpen industrialeko jarduerei lotuta egongo dira batez ere.

LASAI buru izango duen proiektuak 6 euskal ETEk osatutako balio-kate industrial berri bat bultzatuko du, eta Euskal Herriko Itsas Foroa klusterraren laguntza izango du. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile nagusiak inplikatuko ditu; guztien buruan, Tecnalia eta CIC energiGUNE.

Industriaren, ezagutza-zentroen eta erakundeen arteko aliantza horrek proiektuak oinarri hartzen duen lankidetza publiko-pribatuaren eredua indartzen du. Proiektuak balio-kate industrial berri bat eratuko du, energia, metalurgia, potentzia-elektronika, fabrikazio aurreratua, software industriala eta itsas diseinuko gaitasunak barne hartuko dituena.

Proiektua 2026tik 2028ra bitartean garatuko da. Aldi horretan, ontzien diseinu teknologikoa egingo da, energia-sistemen eta sistema digitalen garapena burutuko da, prototipoak fabrikatuko dira eta itsasoko probak egingo dira. Prozesua amaitzeko, Euskal AEn oso-osorik diseinatu eta fabrikatutako ontzi elektrikoen belaunaldi berri bat merkaturatuko da nazioartean. 

25 proiektu eraldatzaileetatik 15 abiarazi dira dagoeneko: horietako 6 sektore pribatuak gidatuta eta 9 sektore publikoak.

Euskadi 2030 Industria Planak lidergo publikoko zein pribatuko 23 Proiektu Eraldatzaile biltzen zituen. Horiei lidergo pribatuko 2 Proiektu Eraldatzaile berri gehitu zaizkie: “Zero Emissions Marine Boat” eta “Nanomedikuntzarako hidrogel adimendunak”. 

Industria Plana plan dinamikoa da, eta haren gainean garatzen dira Proiektu Eraldatzaileak; beraz, aurreikusten da proiektu berriak txertatzen jarraituko dela, industria-premiek aurrera egin ahala.

Guztira, gaur egungo 25 proiektu eraldatzaileetatik 15 abiarazi dira dagoeneko: horietako 9 sektore pribatuak gidatuta eta 6 sektore publikoak.

Sektore publikoak honako proiektu hauek gidatzen ditu: Sare elektrikoen plangintza (potentzia % 40 baino gehiago handitzea); BasquESG; Energia berriztagarrien garapena; Scale Up funtsa; Euskadi SpaceLab (ESA BIC); Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab (Kaia); Euskorpus; Administrazio-prozesuen hobekuntza (Autobide Arautzailea); eta Lurzoru industrialaren eta azpiegituren erreserba estrategikoa.

Sektore pribatuak gidatutako sei proiektuak, gaurkoa barne, honako hauek dira:  "Euskadin abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoaren arkitektura berriak"; "ROBOOST"; "Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak"; "Erregai berriztagarrien hub-a"; "Grid4Industry"; eta gaur aurkeztutakoa, "Zero Emissions Marine Boat".

Sei Proiektu Eraldatzaile horiek 678 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa eragiten dute, eta horietatik 368 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira. Sei proiektuen artean kalitatezko 3.800 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-sareko beste 159 enpresa —gehienak ETEak— bultzatuko dituzte, herrialdeko teknologia-zentroen laguntzarekin.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)