Euskal Okela: balioa sortzen duen eta abeltzaina babesten duen kalitate-zigilua

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agerraldia Eusko Legebiltzarrean
  • Euskadin, urtean 66.000 behi-kanalen baliokidea kontsumitzen da
  • "Animalia horien % 54, 35.000 baino gehiago, gure ustiategietan jaiotzen dira: abereak, kontsumitzaileak eta merkatua ditugu"
  • Eusko Label markak 18 produktu-familia biltzen ditu, 500 operadore baino gehiago ditu, eta urtean 3.500 auditoria eta analisi baino gehiago egiten dira

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, "Eusko Label bereizgarria kalitatea eta jatorria bermatzen dituen tresna da, balio-kate osoan eragiten duena, eta Estatuko haragi-marken artean eskakizun zorrotzenak dituena kalitatea bermatzeko".

Sailburua Eusko Legebiltzarreko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean agertu da, Euskadik haragiaren arloan egiten duen kudeaketaren kalitatea ebaluatu eta aztertzeko. "Gure behi-haragiaren kalitate-zigiluak, Euskal Okela markak, balioa sortzen du eta abeltzaina babesten du. Eusko Label bereizgarriak kalitatea eta jatorria bermatzen ditu, eta balio-kate osoan eragiten du", zehaztu du Amaia Barredok.

"Euskadin 500 abeltzaintza-ustiategi, baimendutako 27 pentsu-fabrika, hiltegiak, merkaturatzaileak, haragia zatitzeko instalazioak eta 200 harategi ditugu. Kate osoan kontrolak egiten dira: ustiategietako ikuskapenak, analisiak eta DNA-probak. Horri esker, haragi-pieza bakoitzaren jatorrizko animaliaren trazabilitatea bermatzen da. Iaz 750 DNA-analisi egin genituen, eta ez zen inolako ziurtagiririk kendu behar izan. Horixe erosten du kontsumitzaileak 'K' bereizgarria ikusten duenean: kalitatea ez ezik, elikagaien segurtasuna eta etiketan adierazitakoa egia dela jakiteko bermea ere bai".

Amaia Barredok gaineratu duenez, "oinarri horretatik abiatuta, egindako diagnostikoa eta Sailaren erronkak kontuan hartuta, etorkizunerako estrategia bat planteatzen dugu, bi ardatzetan oinarrituta: Eusko Label marka etorkizuneko egoerara egokitzea eta Haragitarako Behi-aziendaren Plan Sektoriala garatzea. Biak sektorearekin batera lantzen ari gara dagoeneko".

"Ziurtatutako haragiak, batez ere, abeltzainarentzat balioa sortzeko tresna izan behar du. Hori da gure lehen helburua: salmenta-prezioaren zati handiagoa ustiategietara iristea eta, ahal den neurrian, ekoizpen-kostuak murriztea. Horretarako, gehiago saldu behar dugu, horrek ekoizpen-oinarria handitzen lagunduko baitu: txahal gehiago hemen gizendu eta hiltzea", azpimarratu du Barredo sailburuak.

Amaia Barredoren hitzetan, "ekoizpena handitzeak merkatu handiagoa eskatzen du: behi-haragiaren sustapen espezifikoa, Basque Label Harategia, ostalaritza, erosketa publikoa eta gure erkidegotik kanpoko merkatu berriak irekitzea, abeltzain eta saltoki gehiago batu daitezen. Euskal kalitate-zigiluak kontsumo-eta erosketa-ohitura berrietara egokitu behar du, eta sistema sinplifikatu eta arindu, kontrolari uko egin gabe".

"Horrek guztiak gobernantza sendoa behar du: kate osoa ordezkatuta egongo den Batzorde Profesional bat, elkarlana eta helburu komuna oinarri izango dituena, eta urtero argitaratuko den adierazleen fitxa publiko bat. Eusko Label gure haragiaren bermea izan da azken hogeita hamar urteotan, eta beste hogeita hamar urtez hala izatea nahi dugu, sektorearekin, establezimenduekin eta kontsumitzaile leialekin batera. Hori da plan sektorial berri honen helburua", azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

Sailburuarekin batera, Legebiltzarreko batzordean izan dira Raúl Pérez Iratxeta, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordea, eta Raimundo Ruiz de Escudero, HAZI Fundazioko zuzendari nagusia.

Eusko Label Euskadin ekoitzi, landu edo prestatutako nekazaritza- eta abeltzaintza-elikagaiak identifikatzen dituen kalitate-marka da. Kanpoko kontrolen eta ziurtagirien bidez, elikagai horien kalitatea, benetakotasuna eta jatorria bermatzen ditu.

Urtean 3.500 auditoria

Eusko Labelen Kontseilu Arautzailea eta Eusko Label marka 1989an sortu ziren, eta Eusko Label bereizgarria zuten lehen produktuak 1992an merkaturatu ziren. Gaur egun, Eusko Label markak 18 produktu-familia biltzen ditu, 2.500 operadore baino gehiago ditu, eta urtean 3.500 auditoria eta analisi baino gehiago egiten dira.

Amaia Barredok azaldu duenez, "Euskadiko lau kontsumitzailetik hiruk berez aipatzen dute Eusko Label, inork iradoki gabe, hemengo produktu bat nola ezagutzen duten galdetzen zaienean. Merkatuan oso ezagunak diren nazioarteko marka handien pareko ezagutza-maila du. Marka publiko edo pribatu gutxik esan dezakete hori".

Bestalde, Euskal Okela 1994an sortu zen. Bi urte geroago behi eroen krisia iritsi zenean, sektoreak babes handiagoa izan zuen, kontsumitzaileek Eusko Labelengan zuten konfiantzari esker, jatorriaren eta kontrolaren berme publiko gisa. 2004an, Europak Adierazpen Geografiko Babestu gisa aitortu zuen.

2016an, Euskadik harategi-eredu berri bat bultzatu zuen, zerbitzu eta prestazio hobeekin, kontsumitzaileen beharretara egokituagoa. 2021ean, eskakizun berrietara egokitu zen, eta, gaur egun, egokitzapen berriak egiteko abian jarri beharreko tresnak zehaztuko dituen plan sektoriala amaitzen ari dira.

Amaia Barredok hainbat datu gogorarazi ditu: "2015etik 2025era, etxeetako behi-haragiaren kontsumoa % 34 murriztu zen Espainiako Estatuan (pertsonako eta urteko 5,69 kilotik 3,77 kilora), eta % 36 Euskadin (8,82 kilotik 5,62 kilora). Hala ere, kontsumitutako kopuruaren beherakadak ez du gastuaren antzeko jaitsierarik ekarri: pertsonako gastua % 4,1 baino ez da murriztu Euskadin (89,78 eurotik 86,08 eurora, prezio arruntetan), eta % 2,6 igo da Estatu osoan. Ondorioz, erositako kilo bakoitzeko batez besteko gastua nabarmen handitu da".

"Euskadin, pertsonako Estatuko batez bestekoa baino % 49 behi-haragi gehiago kontsumitzen da etxeetan, eta % 60 gehiago gastatzen da. Horrenbestez, Euskadik Estatuko etxeetako behi-haragiaren kontsumo handiena izaten jarraitzen du. Lehen ondorio gisa, haragi gutxiago kontsumitzen da, eta beherakada handiagoa da behi-haragiaren kasuan. Hala ere, Euskadiko kontsumitzaileek jarraitzen dute Estatuko behi-haragi gehien kontsumitzen, eta azken hamar urteotan pertsonako behi-haragian egindako gastuari eutsi zaio", zehaztu du Amaia Barredok.

Etorkizuneko erronkak

"Haragiaren kontsumoaren beherakada, bereziki behi-haragiarena, establezimenduen itxiera, batez ere auzoko harategiena, eta lehiatzeko tamaina handiagoa izateko beharra dira ziurtapenen beherakadaren arrazoi nagusiak. Badira beherakada horrekin lotutako beste faktore batzuk ere, hala nola aukeratutako ziurtapen-sistemak salmenta-puntuak mugatzea, geure buruari ezarritako eskakizun zorrotzak, zigiluaren ezaugarriak eta egoera horri aurre egiteko modua", adierazi du Barredok.

"Euskadiko haragitarako behi-aziendaren kopuruak nahiko egonkor jarraitu du. 2020tik % 9 jaitsi da, eta azken hamarkadan % 6 baino ez. Abereak eta behi amak baditugu. Nabarmen jaitsi dena hemen gizendu eta hiltzen diren animalien kopurua da. Gure hiltegietan hildako animalien kanalak % 26 murriztu dira 2020tik, eta Eusko Label bereizgarria dutenak % 27, ia neurri berean. Lehen erronka Euskadin gizentzen diren animalien kopurua handitzen saiatzea da, ekoizpen-ziklo osoari lagunduz. Dagoeneko badugu aldaketaren lehen zantzu bat: 2025ean, zigilua duten ustiategietako behien kopurua lehen aldiz hazi zen 2020tik. Igoera txikia da, % 0,6koa, eta ez dut gehiegizko garrantzirik eman nahi. Baina norabide egokian goaz, eta joera hori sendotzeko lanean ari gara", azaldu du Barredok.

Kontsumoa

Euskadin, urtean 66.000 behi-kanalen baliokidea kontsumitzen da. Lehen datua positiboa da: animalia horien % 54, 35.000 baino gehiago, gure ustiategietan jaiotzen dira. Abereak, kontsumitzaileak eta merkatua ditugu.

Euskadin jaiotzen diren hamar txahaletik hiruk Eusko Label ziurtagiria lortzen dute: 11.305 kanal 2024an. Beste hiru zigilurik gabe hiltzen dira: 10.000 baino gehiago. Eta lau, ia 14.000 animalia, Euskaditik kanpora eramaten dira gizentzeko edo hiltzeko. Beste autonomia-erkidego batzuetako hiltegietara zuzenean bidalitakoak 8.703 izan ziren 2024an, eta ia erdiak Nafarroara joan ziren.

2024an Euskadiko hiltegietan hil ziren 35.562 animalietatik 14.000 baino gehiago kanpotik etorriak ziren, hau da, hamarretik ia lau. Txahalak kanpora bidaltzen dira, eta hiltzeko animaliak kanpotik ekartzen dira. Merkataritza-balantzan oreka dago gizentzeko edo hiltzeko bizirik kanpora bidaltzen diren animalien eta hiltzeko kanpotik bizirik ekartzen direnen artean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)