- Euskadik BPGaren % 5,4 bideratu du hezkuntzara 2022an, eta bekak, jantokia eta garraioa indartu ditu, ekitaterako eta gizarte-kohesiorako tresna gisa.
- Eskola uzten dutenen ehunekoa % 3,6koa da 2025ean; Espainian, berriz, % 12,9koa.
- 2024-2025 ikasturtean, 36.000 ikaslek baino gehiagok modalitate dualeko prestakuntza garatu dute, ikastetxeen eta ekoizpen-sarearen arteko lotura sendotuz.
- 2025eko Ebaluazio Diagnostikoak bilakaera positiboa izan du Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskal Hezkuntza Sistemaren 2025eko Diagnostikoa aurkeztu du gaur, berak hala eskatuta. Agerraldian, Lucia Torrealday Hezkuntza Politiken sailburuordea, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordea, eta Junkal Gutierrez ISEI-IVEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeko zuzendaria izan ditu lagun.
2025eko Diagnostikoa euskal hezkuntza-sistemaren bi urtez behingo ebaluazio-sistemaren parte da, eta hiru kategoriaren inguruan egituratuta dago —testuingurua, baliabideak eta emaitzak—, Europako esparruekin eta 2024-2028 Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralarekin lerrokatuta. Helburua da sistemaren erradiografia osoa egitea, indarguneak identifikatzea eta, batez ere, ahalegina areagotu behar den eremuak detektatzea.
Datuek erakusten dutenez, euskal hezkuntza-sistemak bilakaera positiboa izan du, hobekuntzak eman dira Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, eta Espainiako eta Europako batez bestekoaren gainetik daude funtsezko adierazleak. Hala ere, ekitateari, testuinguru sozioekonomikoaren eraginari eta ikasleen gero eta aniztasun handiagoari lotutako erronkak ere berresten ditu.
TESTUINGURUA: IKASLE GUTXIAGO, ANIZTASUN GEHIAGO ETA KONPLEXUTASUN HANDIAGOA
Euskal hezkuntza-sistemak 1.234 ikastetxe ditu 2025ean.
2024-2025 ikasturtean, guztira, 384.515 ikasle matrikulatu dira, aurreko ikasturtean baino 8.385 gutxiago, jaiotza-tasaren etengabeko beherakadarekin bat etorriz. 2012tik 2023ra, jaiotzak %29,6 jaitsi dira Euskadin.
Aldi berean, ikasgeletako errealitate soziala nabarmen aldatu da. 2023an, jaiotzen % 32,2 atzerriko amek izan zituzten. 2024an, atzerriko jatorria duten ikasleak % 23,5 dira Haur Hezkuntzan, % 20,3 Lehen Hezkuntzan eta % 17,4 DBHn; 2015ean, berriz, % 2 izan ziren Haur Hezkuntzan.
2024-2025 ikasturtean 7.545 ikasle hasi ziren matrikulazio-aldi arruntetik kanpo. Gainera, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak 14.223 (2012-2013 ikasturtea) izatetik 25.482 (2023-2024 ikasturtea) izatera pasatu dira.
EAEko hezkuntza-sistemak ikasle gutxiagoko testuingurua du gaur egun, baina errealitate sozial eta linguistiko anitzagoa eta konplexuagoa baita ere. Gaur egun, duela hamar urte baino biztanleri heterogeneoagoa eta behar konplexuagoak dituena ebaluatzen du sistemak. Errealitate hori emaitzen azterketan kontutan izan behar da, eta laguntza-politika iraunkorren beharra indartzen du.
HEZKUNTZAREN ALDEKO ETENGABEKO APUSTUA
Euskadik 2022an BPGaren % 5,4 bideratzen du hezkuntzara, eta Estatuak, berriz, % 4,9. 2022-2023 ikasturtean. Ikasle bakoitzeko urtean 11.880 euro gastatzen ditu Euskadik sare publikoan, Estatuko batez bestekoaren gainetik (7.384 euro).
2024-2025 ikasturtean, 85.581 ikaslek erabili zuten eskola-jantoki publikoa, eta 20.773k eskola-garraioa. Beketan 77,7 milioi euroko inbertsioa egin zen.
Aurrekontu-lehentasun horrek hezkuntza gizarte-kohesiorako eta aukera-berdintasunerako ardatz estrategiko gisa finkatzen du, ahaleginak egitea eta baliabideak sistemaren etengabeko hobekuntzara bideratzea eskatzen duen testuinguru batean.
EGITURAZKO ADIERAZLEAK EUROPAREKIN ALDERATUTA
Euskadin eskola-uzte goiztiarraren tasa % 5ekoa da 2024an; Estatuan, % 13koa, eta Europar Batasunean, % 9,3koa. 2025ean, zifra hori % 3,6ra jaitsi da Euskadin, Europako daturik baxuenetakoa. Sistemaren erretentzio-ahalmena islatzen duen adierazle positiboa da.
16 urterekin, eskolatzea % 98,4koa da (2022-2023 ikasturtea), eta 25 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 55,7k hirugarren mailako ikasketak ditu (2023); Espainian, berriz, % 41,4k eta EB-27n, % 35,1ek.
Helduen etengabeko prestakuntzan, parte-hartzea 5,3 puntu igo da 2020tik, eta Estatuko eta Europako batez bestekoaren gainetik dago.
LANBIDE HEZIKETA: HAZKUNDEA ETA SENDOTZEA
Lanbide Heziketak sistemaren zutabeetako bat izaten jarraitzen du.
2024-2025 ikasturtean, Lanbide Heziketan 50.688 ikasle matrikulatu ziren, hau da, aurreko ikasturtean baino %3,3 gehiago.
Lanbide Heziketa Dualaren ezarpena zabaltzen jarraitzen du. 2024-2025 ikasturtean, 36.000 ikaslek baino gehiagok egin dute prestakuntza modalitate dualean, eta horietatik 2.800ek modalitate dual trinkoan, ikastetxeen eta ekoizpen-sarearen arteko lotura sendotuz. Ereduak sendotu egin du Oinarrizko Lanbide Heziketan, Erdi Mailan eta Goi Mailan duen hazkundea, eta enpresen parte-hartzea handitu du. Laneratze tasa %85 ingurukoa da.
Lanbide Heziketak erreferentziako prestakuntza- eta lanbide-ibilbide gisa duen zeregina sendotzen jarraitzen du.
ED 2025EKO EMAITZAK: BILAKAERA POSITIBOA LEHEN HEZKUNTZAN ETA BIGARREN HEZKUNTZAN
2025eko Ebaluazio Diagnostikoa 836 zentrotan egin da, eta 44.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Ebaluazio diagnostikoak bilakaera positiboa izan du sistema osoan.
Lehen Hezkuntzako 4. mailan gaztelaniak (+6,1 puntu) eta matematikak (+4,3 puntu) hobera egin dute; euskarazko gaitasunak, berriz, aurreko edizioko maila bertsuei eutsi die. Euskarazko egonkortasun hori ikasgeletan gero eta hizkuntza-aniztasun handiagoa dagoen testuinguruan gertatzen da, eta hurrengo etapan ere aurrerapen nabarmena egiten da. DBHko 2. mailan, hobekuntza nabarmenagoa da: euskara (+10,2 puntu), gaztelania (+7,6 puntu) eta matematika (+5,1 puntu). Horrek adierazten du hezkuntza-ibilbidean zehar gaitasuna pixkanaka finkatzen ari dela.
Errendimendu-mailaren araberako azterketak joera hori indartzen du. Lehen Hezkuntzako 4. mailan, hasierako mailan dauden ikasleak % 36,0 dira euskaraz, % 14,3 gaztelaniaz eta % 16,7 matematikan. DBHko 2. mailan, ehunekoa nabarmen txikitzen da; batez ere, matematikan, hasierako maila % 17,9tik % 7,6ra jaisten baita (-10,3 puntu), eta euskaraz, % 52,4tik % 42,2ra (-10,2 puntu), eta gaztelaniaz, % 26tik % 18,3ra (-7,7 puntu). Horrekin batera, ikasle gehiago daude maila ertainean eta aurreratuan.
Analisiari esker, errefortzu-neurriei eutsi eta horiek ardaztu behar zaizkien eremu zehatzak identifika daitezke, bereziki gaitasun eta etapa jakin batzuetan.
DBHko 4. mailako graduazio-tasa % 94,3ra iritsi da, eta joera positiboa finkatu du azken hamarkadan.
EKITATEA: AURRERAPAUSOAK EGITURA-ERRONKA BATEAN
Maila sozioekonomikoak errendimenduan eragiten jarraitzen du, Europako hezkuntza-sistema guztietan gertatzen den bezala. Hala ere, matematikarako gaitasunean, ED23tik ED25era, ISEK altua eta baxua duten ikasleen arteko aldea egonkor mantentzen da Lehen Hezkuntzako 4. mailan (+1,1 puntu); DBHko 2. mailan, berriz, 16,8 puntu murriztu da, eta horrek hobekuntza nabarmena islatzen du ekitateari dagokionez. Bigarren Hezkuntzan arrakalak murrizteak agerian uzten du sistemak jatorrizko desberdintasunak leuntzeko duen gaitasuna.
2025EKO ED-REN EMAITZEN SINTESIA
- Hobekuntza orokorrak konpetentzia guztietan.
- LH 4: bilakaera positiboa eta egonkorra.
- DBH 2: hobekuntza nabarmenagoa eta orokorragoa.
- Hasierako mailan ikasle gutxiago.
- Emaitzak handitu egin dira eskumen guztietan, bai sare publikoan, bai itunpekoan.
- ISEKen batez besteko diferentziek aurrera jarraitzen dute, baina maila guztiek hobekuntzak lortzen dituzte emaitzetan.
- Hizkuntza-eredu guztiek emaitzak hobetzen dituzte.
- Egoera desegokian dauden ikasleek ere emaitzak hobetzen dituzte.
- Atzerriko ikasleek ere emaitzak hobetzen dituzte.
Irakurketa horretatik abiatuta, Sailak jarduerak bideratzen eta indartzen ditu datuek premia handiena erakusten duten tokietan, konbinatuz oinarrizko gaitasunak indartzea —irakurtzeko gaitasuna eta gaitasun matematikoa bereziki—, ikastetxeei laguntzea, zailtasun handienak dituzten ikasleentzako laguntza espezifikoak eta irakasleen prestakuntza eta laguntza sendotzea, ibilbide arrakastatsuak ahalbidetzeko eta emaitzen hobekuntza iraunkorra sendotzeko ekitatearen ikuspegitik.
HOBEKUNTZA BIDERATZEKO EBALUAZIOA
Emaitza horietatik abiatuta, Sailak laguntza -, eta inklusio-programak indartzen ditu datuek behar handienak erakusten dituzten esparruetan, bai eta errendimendu globala handitzera bideratutako ekimenak ere.
Pedrosa sailburuak ebaluazio diagnostikoa etengabeko hobekuntzarako tresna dela azpimarratu du: “2025 diagnostikoak aurrerapausoak islatzen ditu duela hamarkada bat baino testuinguru konplexuago batean. Oinarri sendoa da, baina baita zorroztasunez eta autoexijentziaz lanean jarraitzeko deia ere”.
“Aldizkako ebaluazioa gure erantzukizun publikoaren parte da: zintzotasunez aztertzea, funtzionatzen duena indartzea eta zailtasunak dauden lekuan jardutea. Helburua ez da soilik adierazle onak mantentzea, baizik eta ikasle guztiek, salbuespenik gabe, beren gaitasunak ahalik eta gehien garatu ahal izatea bermatzea”, amaitu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)