- Bilbon egindako Jarraipen Batzordearen 6. bileran egiaztatu da Europar Batasunarekin batera finantzatutako proiektuen egikaritze-erritmo ona eta proiektu horiek Euskadiko trantsizio berde eta digitalean duten inpaktua.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) 2021-2027 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Programa erritmo onean ari da aurrera egiten eta kudeaketa-gaitasuna sendotzen. Hala egiaztatu da gaur Jarraipen Batzordeak Bilbon egin duen 6. Bileran, 2025eko ekitaldiari dagozkion egikaritze-datuak eta aurtengo aurreikuspenak aztertu direnean.
Bileraren buru izan dira José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordea eta Anais Vega Ogasun Ministerioko EGEFeko Kudeaketako zuzendariorde nagusia, eta bertan izan dira, halaber, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko, hiru foru-aldundietako eta Batzordea osatzen duten gainerako erakundeetako ordezkariak.
Kudeaketa abalatzen duten kopuruak
Batzordeak programaren garapen aurreratua aztertu du, eta arreta berezia jarri du deialdien bilakaeran, eragiketen hautaketan eta gastu ziurtatuan. Aurkeztutako datuen arabera, 2025eko abenduaren 31n, programak guztira 58,4 milioi euroko gastuak egiaztatu ditu. Zenbateko horrek nabarmen gainditzen du aldi horretarako ezarritako finantza-bidea betetzeko eskatzen den 25 milioi euroko zenbatekoa, eta agerian uzten du proiektuen trakzio-ahalmena eta Euskadik egiten duen Europako funtsen kudeaketaren efizientzia.
Foro horretan aditzera eman denez, egikaritze-maila horrek “erakusten du Euskadik Europako funtsak eraginkortasunez, zorroztasunez eta gardentasunez kudeatzeko duen gaitasuna, eta bermatzen du funts horiek bihurtuko direla gure lurraldeko gizarte-kohesioa, berrikuntza eta trantsizio berdea eta digitala bultzatuko duten proiektu erreal”. Ildo horretan, nabarmendu da ziurtatutako euro bakoitza etorkizunera begirako inbertsio ukigarria dela: pertsonen prestakuntzatik eta enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunetik hasi eta ingurumenaren babeseraino eta zerbitzu publikoen modernizazioraino.
Nabarmentzekoa da Maialen Agirre Pinedo Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako zuzendariaren parte hartzea. Izan ere, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP Euskadi 2030) birformulatzeko prozesua azaldu du —gaur egun egiten ari den prozesua—, baita RIS3etik RIS4rako bilakaera ere. Eusko Jaurlaritzak 2025ean hasi zuen birformulazio horrek erantzuten die espezializazio adimendunaren estrategia eguneratzeko beharrari, Europako lehentasunekin koherentzia bermatzeko beharrari eta hiru trantsizioek (teknologiko digitala, ingurumen energetikoa eta soziodemografiko sanitarioa) planteatzen dituzten erronketara egokitzeko beharrari. Horrez gain, Berrikuntza Itsasargiak integratzen ditu, berrikuntza-politikaren inpaktu zientifiko, teknologiko eta soziala bideratzeko elementu egituratzaile gisa.
Lanaldian zehar, garrantzi estrategikoko eragiketetan izan diren aurrerapenak eta ebaluazio-planaren egoera azaldu dira eta programaren errendimendua optimizatzeko aldaketa-proposamenaren berri eman da. Era berean, Bitarteko Organismo bakoitzak batera finantzatutako jardueren komunikazioaren eta ikusgarritasunaren arloan egindako jarduerak azaldu ditu.
Tokian bertan egindako bisita: itsasadarreko bizikleta-ardatza
Lan-saioaren ondoren, Batzordeko kideek Bilboko itsasadarreko bizikleta-ardatzaren proiektua bisitatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako eta EGEF programaren barruan batera finantzatutako proiektua. Azpiegitura hori mugikortasun jasangarrira eta espazio publikoa hobetzera bideratzen da, eta Europako funtsak lurraldean errealitate bihurtzen ari diren proiektu moten adibidea da.
Jarraipen Batzordearen 6. bilera horretan berretsi da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek —Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek— Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGEF Programa behar bezala inplementatzeko duten konpromisoa, baita kudeaketa gidatzen duten eraginkortasun, gardentasun eta erakundeen arteko lankidetzaren printzipioekin duten konpromisoa ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)