- Denis Itxaso sailburuak iragarri du aurten xehetasun-azterketak tramitatuko direla eta lehen obrak 2028an hasi ahal izango direla, 2029tik 2030era bitartean amaitzeko aurreikuspenarekin
- Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatutako ekimenak lehendik dauden 65 eraikin publiko emendatzea proposatzen du, lurzorurik kontsumitu gabe alokairuko parke publikoa handitzeko
Eusko Jaurlaritzak dagoeneko sei aurreproiektu ditu Gasteizen, Bilbon, Leioan, Arrasaten eta Mutrikun guztira 189 zuzkidura-apartamentu eraikitzeko, lehendik dauden eraikin publikoen gainean jasodurak eginda. Hala iragarri du gaur goizean Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak El Correo egunkariak antolatutako ‘La joven arquitectura vasca ante el reto de recrecer la ciudad construida’ (euskal arkitektura gaztea eraikitako hiria emendatzeko erronkaren aurrean) jardunaldian, Bilboko BAT | B Accelerator Tower-en.
Bere hitzaldian, Itxasok bizitegi-eskaintzaren egungo krisiaren testuinguruan kokatu du ekimen hau. “Denok bat gatoz eskaintza-krisi baten aurrean gaudela, hainbat faktorek baldintzatuta: eraikitako etxebizitzen murrizketak, hirigintza-burokrazia konplexua (epe luzeegiak dituena) eta gero eta etxebizitza gehiago eskatzen dituzten dinamika sozial eta demografikoak, nahiz eta biztanleriak egonkor iraun”, adierazi du. Eta gogorarazi du 2007an urtean 15.000 etxebizitza eraikitzen zirela Euskadin, eta gaur egun, berriz, 5.000 baino ez. Hurrengo hamarkadan, berriz, 100.000 etxe berri sortzea aurreikusten da, eta horrek, nabarmendu duenez, produkzio-erritmoa bikoiztera behartzen du, metatutako eta etorkizuneko eskariari erantzuteko.
Topaketak Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariaren zenbait ediziotan saritutako taldeak bildu ditu —Aurtenetxe & Usabiaga, Bear Arquitectos, Tudanca Acedo Arquitectura eta Ocamica Berbois Arquitectura, Ortega y Diago Arquitectos—. Horiek beren proposamenak aurkeztu dituzte titulartasun publikoko bizitegi-eraikinen gainean solairu berriak gehitzea aztertzen duen ekimen baten esparruan, alokairuko parkea lurzoru berririk kontsumitu gabe handitzeko.
“Erronka horri aurre egiteko, begirada berritzailea behar dugu. Konbentzionala denetik haratago begiratu behar dugu, bide berriak aztertu, eraikuntza-prozesuetan eta esparru arauemaileetan berritu. Ez da nahikoa gehiago eraikitzea; beharrezkoa da hobeto eraikitzea, hobeto kudeatzea eta daukaguna hobeto aprobetxatzea”, adierazi du Itxasok, eta aldarrikatu du hiri-espazioa berrantolatzeko, dauden baliabideak optimizatzeko eta bizitegi tipologia berriak sortzeko gai den gizarte-tresna gisa arkitekturak duen zeregina formula tradizionalek beren mugak erakusten dituzten lekuetan.
Sei proiektu pilotu horiek irismen handiagoko estrategia baten parte dira. Estrategia horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurreikusita dauka gaur egun duen zuzkidura-apartamentuen parkea hirukoiztea, lehendik dauden 65 eraikin publikoen gainean altuera gehigarriak eraikitzea proposatuta. Neurri horri esker, 2.000 bizileku berri ere gaitu ahal izango dira, eta dagoeneko erabiltzen ari diren 992ei eta gaur egun eraikitzen ari diren 255ei gehituko zaizkie, alokairuaren eskaintza publikoa nabarmen handituta. “Ez gaude ariketa teorikoen aurrean, baizik eta parke publikoa handitzeko inflexio-puntu izan daitezkeen proposamen bideragarri, kuantifikagarri eta erreplikagarrien aurrean”, nabarmendu du sailburuak.
Proiektuen deskribapena
Proiektuak alokairuko parke publikoaren sustapenetan oinarritzen dira, eta hiru lurraldeetako bost udalerritan banatzen dira. Bizkaian, proiektu pilotuetako bat Bilbon dago, Miribilla auzoan, ALO-B004 (Miribilla, 60 BOE) sustapenean, Claudio Gallastegui kaleko 21., 23., 25. eta 27. zenbakietan. Kasu honetan, 2008an eraikitako bi bizitegi-eraikinen gainean solairu berriak gehitzea planteatzen du aurreproiektuak, 31,4 metro karratuko batez besteko azalera erabilgarriko 28 bizileku gehiago sortzeko helburuarekin. Horiek 40 pertsona inguru hartzeko bidea emango dute. Planteatutako egitura-sistema CLT zur kontralaminatuzkoa da.
Bizkaiko bigarren proiektu pilotua Leioan kokatzen da, ALO-B017 (Leioa, 101 BOE) sustapenean, Elexalde etorbideko 1., 3., 5. eta 7. zenbakietan. 2019ko eraikina da, eta haren gainean proiektatutako jasodurek aukera emango dute 54,5 metro karratuko batez besteko azalera erabilgarriko 34 zuzkidura-bizitoki berri gehitzeko. 72 pertsona inguru hartzera bideratuta daude. Proiektu horretarako altzairuzko sare arin bat (LSF) planteatzen da egitura-sistema gisa.
Gasteizen, bestalde, esku-hartzeak Zabalgana auzoan biltzen dira, bi sustapen bereiziren gainean. Lehenengoa ALO-A019 (Zabalgana, 161 BOE) eraikinari dagokio. Eraikin hori Iruña Veleia kaleko 63., 65., 67. eta 69. zenbakietan eta Pablo Picasso kaleko 2. eta 4. zenbakietan dago. Arabako hiriburuko bigarren jarduketa ALO-A030 (Zabalgana, 155 BOE) sustapenean egingo da, Pablo Picasso kaleko 12., 14. eta 16. zenbakietan eta Nazio Batuen kaleko 43. zenbakian. Oro har, bi eragiketa horiei esker, 44,6 metro karratuko batez besteko azalera erabilgarriko 82 etxebizitza berri gaitu ahal izango dira 209 pertsona ingururentzat, 2011n eta 2012an egindako eraikinen gaineko jasoduren bidez. Jarduketa bikoitz honetarako, zurezko bilbadura arineko egitura-sistema bat aurreikusi da.
Azkenik, Gipuzkoan, jarduketak Mutrikun eta Arrasaten egingo dira. Mutrikun, proiektuak ALO-G012 (Mutriku, 75 BOE) sustapenari eragiten dio, Hirigibel kaleko 2. eta 4. zenbakietan eta Agirre Lehendakaria kaleko 21. zenbakian. Kasu honetan, zurezko bilbadura arineko jasodura bakarra egitea erabaki da —solairu gehigarri bakarra—, biren ordez. Horri esker, 48,9 metro karratuko azalera erabilgarriko 23 bizileku gaitu ahal izango dira 50 pertsonarentzat. Eta, Arrasaten, esku-hartzea ALO-G023 (Arrasate, 70 BOE) sustapenaren gainean planteatzen da, Txaeta kaleko 2. eta 4. zenbakietan. 2023an egin berri den eraikin horretan, aurreproiektuak aurreikusten du 44,5 metro karratuko unitate berriak gehitzea CLT zurezko kontralaminatuan, 22 zuzkidura-bizitoki gehigarrira iritsi arte, 40 pertsona hartu ahal izateko.
Guztira, sei aurreproiektuek 189 bizileku gehitzea dakarte: 82 Gasteizen, 28 Bilbon, 34 Leioan, 22 Arrasaten eta 23 Mutrikun. Azken zifra eraikinez eraikin egindako aurretiazko azterketen eta bideragarritasun-azterketen emaitza da. Azterketa horien arabera zehaztu da kasu bakoitzean egokitzat jotako hirigintza- eta arkitektura-baldintzekin bateragarriak diren solairu eta etxebizitza kopuru maximoa.
Egutegia: azterketak 2026an, obrak 2028tik aurrera
Sailburuak zehaztu du gaur egun Sailak aurreproiektuak dituela, baina urte honetan zehar “udalerri bakoitzari dagozkion xehetasun-azterketak lizitatu, idatzi eta tramitatu beharko direla”, eta, gaineratu duenez, “tramitazioa eta onarpena udalei dagokien ezinbesteko urratsa da”.
Xehetasun-azterketak onartu ondoren, 2027an gauzatze-proiektuaren eta obren lizitazioa egingo da. Itxasok jakitera eman duenez, “epe administratiboek aurreikusitakoaren arabera aurrera egiten badute, lehen obrak 2028an has litezke”. Obraren epe estimatua 18 hilabete ingurukoa izango da, eta horrek 2029 eta 2030 artean kokatuko luke sustapenen amaiera. “Zorroztasun teknikoa eta koordinazio instituzionala eskatzen dituen estrategia baten aurrean gaude. Lehenik eta behin, azterketa guztiak osatu behar ditugu; gero, lizitatu eta gauzatu. Gure horizonte errealistak 2029 edo 2030 inguruan kokatzen ditu lehen entregak”, aitortu du sailburuak.
Aldi berean, Itxasok nabarmendu du jarduketa-ildo hau Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presako Neurrien 6/2025 Legean oinarritzen dela. Lege horrek bidea ematen du xehetasun-azterketa baten bidez zuzkidura-bizitokiak ezar daitezen baimentzeko, gehienbat alokairuko etxebizitzetara bideratutako eraikin publikoen jasoduretan. “Ez da doikuntza tekniko hutsa; tresna estrategikoa da. Tramitazioa sinplifikatu dugu eta lehen jarduketa horiek moteltzen zituzten oztopoak ezabatu ditugu” azaldu du. Esparru horri esker, jasodurek bizitoki-ahalmena handitzea ahalbidetzen dute, lurzoru gehiago okupatu gabe, plangintza orokorra aldatu gabe eta hirigintza-eraikigarritasuna handitu gabe, zuzkidura-ekipamendutzat hartzen baitira.
Era berean, sailburuak gogorarazi du ekimen sozialeko kooperatibekin batera bultzatutako eta Eraikal programak babestutako Kabian proiektuak estrategia hori indartzen duela, zurezko sistema industrializatuak, arinak eta modularrak txertatzen baititu, epeak, kostuak eta ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen dutenak, eta, aldi berean, programaren dimentsio soziala sendotzen dutenak.
Lege-esparrua eta gazteenganako orientazioa
Jarduketa hauek Etxebizitzaren 3/2015 Legean sartutako aldaketan oinarritzen dira, Presako Neurrien Legearen bidez. Aldaketa horri esker, udalek, xehetasun-azterketa baten bidez, baimena eman dezakete % 75 baino gehiagoko titulartasun publikoa duten alokairuko partzelen jasoduretan zuzkidura-apartamentuak kokatzeko.
Zuzkidura-bizitokien eredu orokorra belaunaldien arteko formuletarantz aldatzen ari bada ere, dauden eraikinen gaineko jasoduren kasu zehatzean, haiek osorik gazteei zuzentzea erabaki da. “Formula honek gazteen emantzipazioa errazten zuzenean lagundu dezan nahi dugu, lurzorurik kontsumitu gabe eta dagoeneko finkatuta dauden azpiegiturak aprobetxatuz parke publikoa handituta”, adierazi du sailburuak.
Itxasok, gainera, etxebizitza eskuragarrien parkea indartzeko estrategia zabalago baten barruan kokatu du ekimen hau: legegintzaldian alokairuko 7.000 etxebizitza berri eraikitzea, erabiltzen ez diren lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta eremu tentsionatuetan prezioak erregulatzea, hilero 75.000 etxetara iristen den laguntza-sistemarekin batera. “Etxebizitza konponbidea duen arazoa da, baina diagnostikoa partekatzea baino zerbait gehiago eskatzen digu; irtenbide zehatzak, proiektuak eta inplikatutako eragile guztien lankidetza partekatu beharra daukagu”, esanez amaitu du.
Bilbon egindako jardunaldi honek, gainera, balio izan du Administrazioaren eta profesionalen arteko elkarrizketa zabaltzeko dentsifikazio arduratsuko, jasangarritasuneko eta eraikuntza-industrializazioko formula berrien inguruan, fokua birdentsifikazio jasangarrian jarrita, Euskadin hiri-kohesioa indartzeko eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko aukera gisa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)