- Euskal errezeta elektronikoa 11 herrialdetan erabil daiteke Europar Batasunean, Austriak bat egin baitu Grezia, Zipre, Lituania, Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia, Estonia, Txekiar Errepublika eta Letoniarekin
- Horrela, Euskadik herrialdeak gehitzen jarraitzen du errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunaren hedapenean Europar Batasunean eta aurreikusita dago 25 herrialde kideetara zabaltzea
Euskadin bizi den edonork erabili ahal izango du, aste honetatik aurrera, errezeta elektronikoa, e-rezeta, Austrian, sendagaiak farmazia-bulegoetan jasotzeko.
Europako Batzordeak baimena eman ondoren, Europar Batasuneko 11 herrialdetan erabil daiteke euskal errezeta elektronikoa, Austriak bat egin ondoren Grezia, Lituania, Zipre, Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia, Estonia, Txekiar Errepublika eta Letoniarekin.
Horrela, Euskadik erreferentziazko zeregina garatzen jarraitzen du errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunaren hedapenean Europar Batasunean eta aurreikusita dago 25 herrialde kideetara zabaltzea.
Urrats berri hori Europako erakundeek Euskadirekin lankidetzan egindako lanaren beste adibide bat da, berrikuntza teknologikoaz harago, EBko eremu osoan herritarrentzako farmazia-prestazioa eta osasun-laguntza hobetzeko balio duen eta beharrezkoa den programa batean. Besteak beste, sendagaien erabilera egokia eta arrazionala errazten du, farmakoetarako sarbidea bizkortzen du, tratamenduak agindu ondoren osasun-zentroetarako bisitak saihesten ditu, paper formatuan ematen ziren errezetak galtzea baztertzen du, eta erabiltzailearen segurtasuna eta erosotasuna handitzen ditu.
AUTONOMIA ERKIDEGOEN ARTEKO ELKARRERAGINGARRITASUNA
Bestalde, errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna autonomia-erkidegoen artean 2018ko urtarrilean ezarri zen Euskadin, eta, horri esker, Estatuko edozein farmazia-bulegotan eskura daitezke sendagaiak, Osasun Txartel Indibiduala aurkeztuta.
Hala, martxan jarri zenetik, EAEko 645.391 pertsonak eskuratu dituzte beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan botikak; guztira 12.871.289 errezeta. Gaztela eta Leon izan da e-rezeta gehien erabili den autonomia-erkidegoa; 4.026.416 errezeta; ondoren, Kantabria (2.411.829), Valentziako Erkidegoa (1.160.120), Errioxa (1.013.861) eta Galizia (947.830).
Era berean, euskal farmaziek beste erkidego batzuetako 240.499 paziente artatu dituzte, 1.787.074 errezetari erantzunez: 357.938 Araban, 843.627 Bizkaian eta 585.509 Gipuzkoan, eta gehienak Gaztela eta Leondik (330.733), Madrildik (299.577) eta Kantabriatik (161.660) etorritakoei dagozkie.
E-rezetak segurtasun- eta erosotasun-plusa ematen die erabiltzaileei; horregatik, ia erabat alboratu du paperezko errezeta. Izan ere, 2025ean, fakturatutako errezeten % 99,8 elektronikoak izan ziren.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)