Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado Turismo Mahaiaren buru izan da gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen. Mahai horretan, etorkizuneko Euskadiko Turismo Legearen aurreproiektua aurkeztu da.
Mahaian izan dira aldundietako ordezkariak, euskal hiriburuetako udaletakoak eta Eudelekoak, merkataritza-ganberetakoak, unibertsitatekoak eta turismo-eskoletakoak, ostatu-enpresetakoak eta ekitaldien antolaketakoak, bidaia-agentziak eta turismo-gidariak, turismo aktiboko enpresak, ostalaritza-elkarteak eta kontsumitzaileen elkarteak eta sindikatuak.
Bileran, Hurtado sailburuak lege-aurreproiektuaren elementu nabarmenenak jakinarazi dizkie sektoreko ordezkariei, arau-esparru berriaren ildo estrategiko nagusiak partekatzeko eta izapidetzen jarraitu aurretik ekarpenak jasotzeko.
Aurkeztutako testuaren asmoa da 2016tik indarrean dagoen lege-esparrua eguneratu eta sektorearen egungo erronketara egokitzea. Testuak lehentasunezko helburutzat du turismo jasangarri eta etikoaren eredu bat finkatzea, bisitarien eta egoiliarren arteko bizikidetza orekatua bermatzeko. Horretarako, legeak bat egiten du iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamenduarekin, eta gobernantza, lehiakortasun profesionala eta laneko eskubideen babesa indartzen ditu, Euskadi turismo-kudeaketa integralaren abangoardian kokatuta. Neurri aipagarrienen artean, aurreproiektuak nabarmen zorrozten du erabilera turistikoko etxebizitzen gaineko kontrola (UET), eta debekatu egiten du eremu tentsionatuetan, etxebizitza babestuetan eta lurzoru urbanizaezinean jardutea; horrez gain, inskripzioa bost urtean behin berritzea eskatzen du. Bestetik, araudiak ikuskaritza-ahalmena indartzen du eta bitartekaritza-plataforma digitalentzako zehapenak eta baldintzak areagotzen ditu. Arau-esparru honekin, Eusko Jaurlaritzak jarduera turistikoa modu orekatuan antolatu nahi du, eraikinen bizitegi-erabilera eta herritarren beharrak lehenetsita.
Turismo Mahaiaren aurrean egindako aurkezpen horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du sektorearekin etengabeko elkarrizketa izateko eta datozen urteetarako Euskadiko turismo-ereduaren oinarriak ezartzen dituen araudia modu partekatuan eraikitzeko konpromisoa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)