Euskadiko osasunaren arloko ikerketak 120 proiektu eta ikerketa kliniko inguru garatzen ditu minbizi ginekologikoaren eta bularreko minbiziaren arloan Osakidetzako osasun-institutuetan

Argitalpen-data: 

  • Gaur egun, Euskadiko emakumeen minbiziaren biziraupen globala % 60 ingurukoa da bost urteren buruan, eta datu hori Estatuko eta Europako batez bestekoaren antzekoa edo handiagoa da
  • EiTB Maratoia elkartasun-ekimenak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza du, eta aurten bildutako dirua minbizi ginekologikoaren eta bularreko minbiziaren ikerketarako izango da

Euskadiko ikerketa medikoa funtsezkoa da herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko. Gaur egun, Osasun Ikerkuntzarako Institutuak —Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa— 120 proiektu eta azterketa kliniko inguru garatzen ari dira, bularreko, umetoki-lepoko, obulutegiko eta endometrioko minbiziaren inguruan, besteak beste.

Osakidetzako arreta hobetzeari zuzenean lotutako ikerketa-ahalegin hori izango da EiTB Maratoia elkartasun-ekimenaren hurrengo edizioaren protagonista. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza izango du, eta aurten, minbizi ginekologikoaren eta bularreko minbiziaren ikerketarako bilduko da dirua. Milaka lagunen elkartasunari esker, terapia berrietarako ikerketa-proiektuak bultzatu eta diagnostiko zehatzagoetan aurrera egin ahal izango da.

Gaur Bilbon egindako aurkezpenean, Iñaki Gutiérrez Ibarluzea Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak azpimarratu du “Euskadin minbiziaren inguruko ikerketa laguntzen ari dela diagnostiko onkologiko baten ondoren pazienteak gehiago eta hobeto bizi daitezen”.

 “Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ikerketa-institutuen bidez, ezagutza zientifikoa praktika klinikoan zuzenean aplikatzea helburu duten ehun proiektu baino gehiago egiten ari dira”, gogorarazi du. “Helburua argia da: pazienteen eta minbizitik bizirik atera direnen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzea”.

Gaur egun, Euskadiko emakumeen minbiziaren biziraupen globala % 60 ingurukoa da bost urteren buruan, eta datu hori Estatuko eta Europako batez bestekoaren antzekoa edo handiagoa da. Bularreko minbiziaren kasuan, biziraupen-tasa % 90 ingurukoa da gure inguruko herrialdeetan, eta hobekuntza hori ikerketa biomedikoaren, detekzio goiztiarraren eta aurrerapen terapeutikoen lan bateratuaren emaitza da.

Euskal ikerketa-institutuen lan-ildoek tumoreen biologia, prebentzioa eta aplikazio klinikoa uztartzen dituzte, medikuntza pertsonalizatua oinarri. Gainera, biomarkatzaileak identifikatzea eta baliozkotzea bultzatzen da, diagnostikoa hobetzeko, pazienteak estratifikatzeko eta erantzun terapeutikoa aurreikusteko.

Ekimen horiek osatzeko, immunoterapia aurreratu berriak garatzen dira, eta osasun arloko emaitzak ebaluatzeko proiektuak egiten dira. Arreta onkologikoak pertsonen eguneroko bizitzan duen benetako inpaktua optimizatzen laguntzen dute proiektu horiek.

Prebentzioa, baheketak eta ikerketa sustatzea

Gutiérrezek nabarmendu duenez, “biziraupenean emandako aurrerapausoak ez dira kasualitatearen ondorio, prebentzioan, baheketetan eta ikerketan egindako etengabeko ahaleginaren ondorio baizik”. Ildo horretan, gogorarazi du Osakidetzak Europan erreferente diren detekzio-programak dituela, hala nola:

  • Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du, eta aurten 48 urteko emakumeei eman die estaldura; 2027an 45 urtera arte luzatuko da.
  • Umetoki-lepoko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 25 eta 65 urte bitarteko 600.000 emakume gonbidatu ditu dagoeneko parte hartzera, prebentzioa eta detekzio goiztiarra indartuta.

Jardunaldian, Inés Gallego Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariak eta hogei bat paziente-elkartek ere parte hartu dute —besteak beste, Pedro Carrascalek zuzentzen duen Pazienteen Erakundeen Plataformak—. Javier Muñoz Peralta Biobizkaiako ikertzailea ere jardunaldian egon da, eta bere taldeak lortutako aurrerapenak aurkeztu ditu; Euskal Osasun Ikerkuntzako Fundazioak (BIOEF) bultzatutako laguntzei esker egin dira, eta EiTB Maratoiak aurreko edizioetan bildutako funtsekin finantzatu.

 “Proiektu horiei esker aztertzen ari gara tumore-zelulek nola fabrikatzen eta berritzen dituzten beren proteinak, proteomika izenez ezagutzen den eremua, eta horrek tumoreek nola jokatzen duten hobeto ulertzen lagundu diezaguke”, azaldu du Muñozek. “Bularreko minbiziaren zelulek beren proteinak nola kudeatzen dituzten ulertzeak oinarriak ezar ditzake terapia esperimentalak optimizatzeko eta tratamendu eraginkorragoak aplikatzeko”.

25 urte baino gehiagoko ibilbidean eta euskal herritarren ekarpen solidarioei esker, EiTB Maratoiak 11 milioi euro baino gehiago lortu ditu 142 ikerketa-proiektu egiteko eta hainbat patologia ikertzeko, besteak beste minbizia.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ustez, zientziaren, osasun-sistemaren eta gizartearen arteko lankidetza horrek helburu beraren aldeko konpromisoa irudikatzen du: pertsona gehiagok gainditzea minbizia, eta bizitza oso, osasungarri eta itxaropentsua izatea. Alderdi horiek guztiek berebiziko garrantzia dute Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030 Planean, Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorria. Itun horren helburua da pertsona gehiagok gainditzea minbizia, eta bizi-kalitate hobea lortzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)