Eusko Jaurlaritzak natura-intereseko habitaten jarraipena egiteko lanak hasi ditu landan, EAEko Natura Ondarearen Jarraipen eta Ebaluazio Sistemaren bigarren zikloaren esparruan. Sistema hori Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 Programak finantzatzen du.
Sistema hori 2019an jarri zen abian, eta habitat naturalen eta basaflora eta basafaunako espezieen kontserbazio-egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egitea du helburu, Batasunaren nahiz eskualdearen interesekoak, eta arreta berezia jartzen du Natura 2000 Sarea Euskal Autonomia Erkidegoan osatzen duten espazioetan.
Bigarren jarraipen-zikloa 2025 eta 2030 bitartean egingo da. Aldi horretan, 93 habitat naturalen jarraipena egingo da, gutxi gorabehera 1.100 lurzatiko sare baten bidez, eta horietan datuak landan hartuko dira. Horietatik, %71 inguru Natura 2000 Sareko gune babestuen barruan daude.
Ziklo honetarako orain arte 1,6 milioi euro kontratatu dira, eta horietatik %40 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du. Lan horietan gutxienez 25 pertsonak hartuko dute parte 2025-2030 zikloan, gehienak biologoak, ekosistemen ezagutzan espezializatuak.
Natura-ondarearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema funtsezko tresna da eragiten dioten presioak eta mehatxuak identifikatzeko. Era berean, Natura 2000 guneak kudeatzeko tresnetan aurreikusitako kontserbazio-neurriak aztertzeko eta horien gauzatze-maila eta egokitasuna ebaluatzeko aukera ematen du.
Lortutako emaitzak lagungarriak izango dira Biodibertsitateari buruzko 2030erako Europako Estrategiaren helburuak betetzeko bidean aurrera egiteko, bai eta natura-ondarearen kontserbazioaren arloko Erkidegoko arauditik eratorritako betebeharrei erantzuteko ere. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondarea kontserbatzeko 9/2021 Legearen aplikazioa erraztuko dute, eta natura lehengoratzeari buruzko 2024/1991 Europako Erregelamendua betetzen lagunduko dute.
Sistema 2019-2024 aldian inplementatu zen hasiera batean, Europako Batzordearen jarraibideak eta autonomia-erkidegoen eta Estatuko Administrazio Orokorraren artean adostutako metodologia jarraituz, eta horrek emaitzen homogeneotasuna eta konparagarritasuna bermatzen ditu. Gaur egun, 2025-2030 aldirako aurreikusitako lan gehienak martxan daude.
Jarduera hau EGEFen helburuetan kokatzen da: naturaren babesa eta kontserbazioa indartzea, Europa berdeago eta iraunkorrago baterantz aurrera eginez.