Bengoetxea lehendakariordeak legearen aurreproiektua aurkeztu du, eta martxoaren 20an hasiko da alegazioen fasea
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Kultura Sistemaren Lege-aurreproiektua aurkeztu du gaur San Telmo Museoan. Lege-proiektu horren bidez, esparru komun bat sortu nahi da Euskadiko kultura-ekosistema indartu eta proiektatzeko. Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea ere aurkezpenean egon da. Lehendakariordeak jakinarazi du martxoaren 20an hasiko dela testuari alegazioak aurkezteko epea.
“Lege hau tresna bat da Euskadin kulturak sistema gisa hobeto funtziona dezan: eskubideak indartzen ditu, euskara erdigunean jartzen du eta kultura-politikarako benetako tresnak ematen ditu, gure eredu instituzionala erabat errespetatuz eta administrazio-egitura berririk sortu gabe”, azpimarratu du lehendakariordeak.
Testuak esparru juridiko-politiko egonkorra proposatzen du, erakundeen arteko koordinazioa eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza indartzeko, administrazio-egitura berririk sortu gabe eta egungo eskumen-banaketa aldatu gabe. Helburua da dagoeneko existitzen den kultura-sistema antolatzea, koherentzia ematea eta sendotzea.
Legearen bost gako
Proiektua bost ezaugarri nagusiren inguruan egituratzen da:
- Sistema-legea da, kultura-ekosistema anitza antolatzen duena eta koordinazioa eta jarduera partekatua indartzen dituena.
- Euskal eredu instituzionalarekiko errespetu osoa, eskumenak aldatu gabe: lankidetza bai, hierarkia berririk ez.
- Euskararen zentralitatea, hizkuntza propio, kultura-ondare funtsezko eta komunitatea egituratzen duen ardatz gisa.
- Kultura eskubide gisa, sarbidea, parte-hartzea, sorkuntza eta ekoizpena berdintasunez eta diskriminaziorik gabe bermatuz.
- Etorkizuneko legea, plangintza, ebaluazioa, jasangarritasuna eta eraldaketa digitala bermeekin oinarri dituena.
Zer aldatzen da praktikan: sistemaren konpromiso zehatzak
Legeak konpromiso argiak ezartzen ditu kultura-sistemako erakunde eta eragileentzat:
Kudeaketan, kulturaren plangintza eta jarraipen sistematikoa:
- Kultura Plana, gutxienez bost urtean behin, helburuekin, diagnostikoarekin, jarduera-ildoekin, egutegiarekin eta baliabideekin.
- Plan berririk ez bada, aurrekoa automatikoki luzatuko da.
- Plan operatiboak, gutxienez bi urtean behin, sistemaren funtzionamendua hobetzeko.
Gardentasunean, informazio hobea eta herritarrentzako zerbitzuak:
- Erakunde publikoek Zerbitzu Gutunen bidez jakinarazi behar dituzte beren jarduerak eta zerbitzu kulturalak, eta gobernuak Kultur Zerbitzuen Euskal Gutuna garatuko du.
- Erakunde pribatu integratuek edo onuradunek, ahal denean, antzeko tresnak erabiliko dituzte.
Datuetan, erabaki hobeak hartzeko analisia eta ebaluazioa:
- Euskal Kulturaren Behatokiak azterketak egingo ditu eta Kultura Planaren inpaktua jarraituko du adierazleen bidez.
- Sistemako erakundeek dituzten datuak eman beharko dituzte, analisia eta politika publikoak hobetzeko.
Ekipamenduetan, irisgarritasuna, jardunbide egokiak eta jasangarritasuna:
- Ekipamenduak kulturarako sarbide, sorkuntza eta ikaskuntzarako funtsezko espazio gisa ulertzen dira.
- Kudeatzaileek kontratazio egokiak eta lan-araudia, berdintasuna, jabetza intelektuala eta hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte.
- Irisgarritasun unibertsala eta ingurumen-irizpideak bete behar dira, eta jarduera GJHekin lerrokatu (Agenda 2030).
- Ekipamenduen mapak eta sareak bultzatuko dira, banaketa orekatuagoa lortzeko.
Digitalizazioan, teknologiaren bultzada bermeekin:
- Teknologia digitalen erabilera sustatzen da kultura-kate osoan.
- Oinarrizko eskubideak, datuak, jabetza intelektuala eta diskriminaziorik eza bermatzen dira.
- Alfabetatze digitala sustatzen da, bereziki talde zaurgarrien artean, eta AA bezalako teknologien ezagutza kritikoa bultzatzen da.
Gainera, legeak euskara indartzen du kultura-esparru guztietan:
- Presentzia, ezagutza, transmisioa, zabalkundea, ikusgarritasuna eta erabilera sustatzeko neurriak.
- Euskarazko edukiak sortu, ekoitzi, banatu eta erakusteko programak, eta behar denean neurri positiboak.
- Presentzia ingurune digitaletan eta komunikabideetan, EITB funtsezko eragile gisa.
- Euskal kulturaren nazioartekotzea, bereziki euskaraz, Etxepare Euskal Institutua eragile nagusi gisa.
Zer ekarriko du herritarrentzat, sektorearentzat eta herrialdearentzat
- Herritarrentzat: eskubide kulturalak berdintasunez baliatzeko berme gehiago.
- Kultura-sektorearentzat: egonkortasuna, plangintza eta ebaluazioa, gobernantza argiagoarekin.
- Herrialdearentzat: koordinazio handiagoa, baliabideen erabilera hobea eta kultura jasangarriagoa eta kohesionatuagoa.
- Euskararentzat eta euskal kulturarentzat: indartze estrategikoa, sorkuntza, transmisio eta nazioartekotzearen ardatz gisa.
Legearen 10 berrikuntza nagusiak
- Sistema-legea da, ikuspegi integratuarekin.
- Ez du administrazio-egitura berririk sortzen, ezta eskumenak aldatzen ere.
- Bost urteko Kultura Plana ezartzen du, luzapen automatikoarekin.
- Bi urteko plan operatiboak ezartzen ditu.
- Adierazle homologagarrien sistema sendotzen du.
- Euskal Kulturaren Behatokia indartzen du eta datuen erabilera bultzatzen du.
- Dimentsio digitala txertatzen du (espazio digitalak, alfabetatzea eta eskubideen ikuspegia, AA barne).
- Jasangarritasuna eta GJHak integratzen ditu politika eta zerbitzuetan.
- Espazio publikoaren balioa aitortzen du kultura-esparru gisa.
- Bermeak ezartzen ditu: Arartekoaren papera eta hiru konpromiso (finantzaketa, Zerbitzu Gutuna eta Jardunbide Egokien Gida).
Legearen egitura
Proiektua hamar titulutan egituratzen da, eta bertan arautzen dira, besteak beste, printzipio orokorrak, euskararen eginkizuna, plangintza, ekipamenduak, finantzaketa, eraldaketa digitala eta eskubide kulturalen babesa.
Prozesu irekia
Alegazioen epea martxoaren 20an irekiko da, sektore kulturalaren, erakundeen eta herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu parte-hartzaile baten barruan.
EUSKADIKO KULTUR SISTEMA, ZIFRATAN
Euskal kultur sistemak gizartearen parte-hartze zabala eta ekonomian gero eta pisu handiagoa duen unean aurkeztu da aurreproiektua.
Euskal Autonomia Erkidegoko parte-hartze kulturalari buruzko inkestaren arabera, herritarren % 91,8k uste du kulturak gizarte hobea eraikitzen laguntzen duela. Parte-hartze datuek erakusten dute, halaber, kulturak presentzia handia duela eguneroko bizitzan:
- Biztanleen % 75,9k liburuak irakurtzen ditu
- % 64,8 kontzertuetara joaten da
- % 63,4 zinemara joaten da
- % 57,9 antzerkira joaten da
- Herritarren % 40k baino gehiagok jarduera artistiko amateurren bat egiten du, hala nola pintura, dantza edo artisautza.
Datu horiek erakusten dute Euskadin kultura ez dela eskaintza instituzionala soilik, asko zabaldutako praktika soziala ere badela.
Ekonomia kulturala
Kulturak ere pisu nabarmena du euskal ekonomian.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuak kultura- eta sorkuntza-industrien ekosistemari buruz egindako txostenaren arabera, Euskadin honako hauek ditugu:
- 16.886 kultura- eta sorkuntza-enpresa.
- Kultura-sektoreari lotutako 33.983 lanpostu
- Sektoreak Euskadiko enplegu osoaren % 3,8 du.
Txostenak dioenez, Euskadik espezializazio nabarmena du hainbat sorkuntza-sektoretan.
Zehazki:
- Estatuko batez bestekoak baino ia bost aldiz pisu handiagoa du diseinuak.
- Estatuko batez bestekoak baino hiru aldiz pisu handiagoa du musikak.
Gainera, zenbait esparru nabarmen hazi dira azken urteotan:
- Ikus-entzunezkoen sektoreak % 23,8 egin du gora 2015etik.
- Hizkuntzen industriak % 24,3 hazi dira.
- Bideojokoen sektorea 1 enpresa izatetik 14 izatera pasatu da hamarkada batean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)