2026ko apirilaren 21etik 24ra, Bilbok Europako profesionalak batuko ditu kultura-berrikuntzarako eta jasangarritasunerako funtsezko hitzordu batean
2026ko apirilaren 21etik 24ra, Euskadi izango da ENCATC Academy on Sustainable Cultural Management and Policy prestakuntza entzutetsuaren agertokia. Kultura-kudeaketa jasangarrian nazioarteko erreferentzia den programa hau European Network on Cultural Management and Policy (ENCATC) erakundeak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bilboko Udalarekin lankidetzan. Topaketa honek Euskadi kokatzen du Europako eztabaidaren erdigunean, kulturak eredu jasangarriagoetarako trantsizioan duen rolaren inguruan.
ENCATC Academy 2026k sendotu egingo ditu Bilbo eta Euskadi osoa Europako erreferente gisa kultura-berrikuntzan, jasangarritasunean eta gizarte-eraldaketan. Prestakuntza ekimen intentsibo honek Europa osoko arlo akademikoko profesionalak, kultura-kudeaketako arduradunak eta politika publikoetako eragileak bilduko ditu, ezagutza, esperientziak eta estrategiak partekatzeko, jasangarritasuna —ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa— kultura-erakundeetan eta agenda publikoetan integratzeko helburuarekin.
Kultura jasangarriarentzako nazioarteko aukera bat
Bilbok testuinguru egokia eskaintzen du edizio honetarako, hiri-berroneratzean, herritarren parte-hartzean eta politika kultural integratuen garapenean duen ibilbideari esker. Nazioartean aitortua izan da bere eraldaketa kultural eta ekonomikoagatik, bai eta Local 2030 Coalition bezalako agendetan duen lidergoagatik ere, Garapen Jasangarriko Helburuen tokiko ezarpena sustatzen baitute. ENCATC Academyren programazioak teoria eta praktika uztartzen ditu hitzaldi, tailer, kasu praktiko eta kultura-espazioetara egindako bisiten bidez.
Prestakuntza edukia
Programa lau eguneko jardueretan egituratzen da, eta honako hauek barne hartzen ditu:
- Kultura-erakundeen kudeaketa jasangarriari, berrikuntza politikoari eta eraldaketa metodologiei buruzko aurkezpenak eta saio tematikoak.
- Erakundeen jasangarritasun estrategiak garatzera bideratutako tailer praktikoak.
- Bilboko erreferentziazko kultura-erakundeetara bisitak, hala nola Guggenheim Museoa, Harrobia, Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa eta La Perrera, praktika jasangarrien ereduak modu esperientzialean ezagutzeko.
- Parte-hartzaileen eta nazioarteko adituen arteko elkarrizketa eta lankidetza guneak.
- Programaren gai nagusien artean daude kudeaketa jasangarriko praktikak, ikuspegi ekologiko eta soziala duten kultura-politiken garapena, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren arteko sinergiak, eta kulturak klima-ekintzan duen eginkizuna.
Jasangarritasunarekiko eta berrikuntzarekiko konpromisoa
ENCATC Academy foro paregabea da gaitasunak indartzeko, irtenbide berritzaileak identifikatzeko eta administrazio publikoen, kultura-sektorearen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza sustatzeko, trantsizio hirukoitz berde, sozial eta digitalaren erronken inguruan. Prestakuntza programaren helburua da ezagutza praktika errealetan bihurtzea, kultura-erakundeetan eta sektoreari lotutako politika publikoetan jasangarritasuna bultzatzeko.
ENCATCri buruz
European Network on Cultural Management and Policy (ENCATC) Europako hezkuntza eta politika kulturalen sarea da, kultura-kudeaketaren eta kultura-politiken garapen profesionala nazioartean sustatzen duena.
Oraingo honetan, ENCATC Academy 2026k Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren babesa du, eta lankidetzan antolatzen da Europako sare eta erakunde garrantzitsuekin, hala nola Michael Culture Association, Network of European Museum Organisations (NEMO), EUROCITIES, WLO (World Leisure Organization), Julie’s Bicycle eta Youth Heritage Europe.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)