- Elankidetzak aktiboki hartu du parte konferentziaren lehen hilabeteetako lan instituzionalean, administrazioen arteko koordinazioa, politika publikoen koherentzia eta lankidetza deszentralizatuaren parte-hartze eraginkorra sustatuz.
Maiatzaren 6an egin da Madrilen Garapen Jasangarrirako eta Elkartasun Globalerako Lankidetzaren Sektore Konferentziaren bigarren bilera. Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien arteko koordinazio eta lankidetzarako organo nagusia da konferentzia hori, garapenerako lankidetzaren arloan. Bertan izan da Javier Cortés Elankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak.
Saio horretan, Euskadik Kataluniari eman dio konferentziaren lehen lehendakariordetza, erakundearen txandakako sistemaren baitan, 2025eko apirilean konferentzia eratu zenetik ardura hori bete ondoren. Garapen Jasangarrirako eta Elkartasun Globalerako Lankidetzaren Sektore Konferentzia Garapenerako Lankidetzari eta Elkartasun Globalari buruzko 1/2023 Legearen garapenaren barruan sortu zen, lankidetza-politikaren maila instituzionala indartzeko eta lankidetza deszentralizatuaren zeregina aitortzeko helburuarekin. Horren bidez, aurreko Lurraldearteko Batzordea Konferentzia Sektorial bihurtu da, autonomia erkidegoek eta tokiko erakundeek garapenerako lankidetzan duten eginkizuna indartuz.
Elankidetzak aktiboki hartu du parte konferentziaren lehen hilabeteetako lan instituzionalean, administrazioen arteko koordinazioa, politika publikoen koherentzia eta lankidetza deszentralizatuaren parte-hartze eraginkorra sustatuz.
Bilera honetan, administrazio bakoitzaren aurrerapenak eta Konferentziaren Jarraipen Batzordearen baitan eratutako lan-taldeen jarduna aztertu dituzte. Era berean, Agenda Globalen lokalizazioaren garrantzia azpimarratu dute, lurralde ikuspegia txertatuz eta tokiko eragileen parte-hartzea indartuz.
Saioan hainbat ekimen estrategiko jorratu dituzte, besteak beste Agenda 2030, Garapenerako Finantzaketaren Agenda, Europar Batasunaren Global Gateway estrategiaren lokalizazioa eta ekainaren 9tik 11ra Bilbon egingo den Bilbao Blueprint Bootcamp topaketa.
Testuinguru horretan, Euskadik erreferentziazko rola betetzen jarraitzen duela nabarmendu du Cortések, bai administrazioen arteko koordinazioan, bai nazioarteko aliantzen sustapenean. Elankidetzak agenda hori bultzatzen du Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioarekin, beste autonomia erkidego batzuekin eta nazioarteko eragileekin elkarlanean; besteak beste, Euskadin egoitza duen Nazio Batuen Local2030 Coalition sarearekin eta GJHen aldeko Nazio Batuen Funts Bateratuarekin.
Konferentzia Sektoriala osatzen dute Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak, 17 autonomia erkidegoek, Ceuta eta Melillako hiri autonomoek, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak (FEMP) eta Lankidetza eta Elkartasun Fondoen Konfederazioak (CONFOCOS).
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)