Euskadiko emakumezkoen selekzioa munduko txapeldunorde izan da Espainiaren aurkako final estu baten ondoren, eta gizonezkoen selekzioak urrezko domina eskuratu du Ameriketako Estatu Batuen aurka nagusituta.
Euskadiko Pilota Selekzioak gaur kirolaren euskal historian orrialde garrantzitsu bat idatzi du, bere izen propioarekin ofizialki lehiatzen hasi zenetik nazioarteko txapelketa batean lehen dominak eskuratuta. Lorpena Uruguaiko Colonia del Sacramentoko Real de San Carlos frontoi berrituan jokatutako Zesta Puntako finaletan etorri da, Pilotako Munduko XX. Txapelketaren baitan.
Euskadiko emakumezkoen selekzioak zilarrezko domina eskuratu du Espainiako selekzioaren aurka jokatutako final oso parekatuan galdu ostean. Emaitza gorabehera, euskal pilotariek Euskadiren lehen domina ofiziala lortu dute Munduko Txapelketa batean.
Jarraia, Euskadiko gizonezkoen selekzioak txapelketa bikaina borobildu du Estatu Batuetako selekzioa mendean hartuta, eta urrezko domina eskuratuta. Horrela, Euskadik bere lehen munduko titulua lortu du selekzio propio gisa ofizialki lehiatzen hasi zenetik.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Gorka Iturriaga, izan da bertan, egunotan Argentina eta Uruguain baitago euskal ordezkaritza babesten, munduko txapelketa honetako parte-hartze historiko honetan.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak emaitza hauen garrantzia nabarmendu du euskal kirol osoarentzat: "Une historikoa bizitzen ari gara. Hauek dira Euskadik selekzio propio gisa ofizialki lehiatuz Munduko Txapelketa batean lortzen dituen lehen dominak, eta horrek aparteko balio sinbolikoa eta kirol-balioa ematen die. Lorpen hauen atzean urteetako lana, ahalegina eta irmotasuna daude, kirolarien, federazioen eta erakundeen aldetik."
Era berean, Eusko Jaurlaritzak euskal selekzioen nazioarteko aitortzaren alde egiten duen lana azpimarratu du Iturriagak: "Kirol-ofizialtasuna ez da helburu bat berez, baizik eta gure kirolariek Euskadi ordezkatuz lehiatu ahal izateko tresna. Eusko Jaurlaritzak bide honetan lagundu du, euskal kirolak nazioarteko esparruetan presentzia propioa merezi duelakoan, eta gaurko bezalako jardunaldiek gure selekzioen potentzial handia erakusten dute."
Kirol zuzendariak bi selekzioetako kide guztiak zoriondu ditu, eta adierazi du lortutako emaitzek "kirolaren esparrua gainditzen dutela eta euskal kirolaren historiaren parte bihurtzen direla". Gaur Colonia del Sacramenton lortutako dominek mugarri bat ezarri dute Euskadirentzat, eta pilotaren nazioarteko proiekzioa indartzen dute, euskal kultura eta nortasunean sustrai sakonak dituen kirola baita.
Pilotako Munduko XX. Txapelketak datozen egunetan jarraituko du Buenos Aireseko Errendimendu Handiko Kirol Zentro Nazionalean (CeNARD). Bertan, Euskadiko selekzioak final gehiago jokatuko ditu eta domina gehiago eskuratzeko aukera izango du. Gaur Colonia del Sacramenton lortutako emaitza historikoen ondoren, euskal ordezkaritzak txapelketaren azken txanpari ilusioz ekingo dio, pilotarien bikaintasunaren erakusgarri den eta, aldi berean, Euskadik kirolaren bidez nazioartean duen presentzia indartzen duen domina-zerrenda handitzen jarraitzeko asmoz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)