Euskadik gazteen pentsamendu kritikoa saritu du VIII. Filosofia Olinpiadan

Argitalpen-data: 

  • 28 ikastetxe publiko eta itundutako 74 ikaslek parte hartu dute finalean, sei modalitatetako lanekin: iruzkina, dilema morala, bideosormena, argazkilaritza filosofikoa, marrazketa filosofikoa eta nazioarteko disertazioa.
  • Lehiaketak pentsamendu kritikoa sustatzen du DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean, eta aurten “Eromena. On Kixote gaurko munduan” gaiaren ingurukoa izan da.

Agora Filosofia Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako Euskadiko VIII. Filosofia Olinpiadaren amaiera ospatu da gaur goizean Lakuan, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Edizio honetan Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako 40 ikastetxek hartu dute parte, eta 519 filosofia-lan aurkeztu dituzte. Ekimen hau DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean pentsamendu kritikoa lantzeko topagune gisa finkatu da. Finalera 28 ikastetxe publiko eta itundutako 74 ikasle iritsi dira, sei modalitatetako lanekin: iruzkina, dilema morala, bideosormena, argazkilaritza filosofikoa, marrazketa filosofikoa eta nazioarteko disertazioa.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua izan da itxiera-ekitaldiaren buru, eta, epaimahaiarekin eta entitate laguntzaileetako ordezkariekin batera, lehiaketaren sari-banaketan parte hartu du. Parte-hartzaile hauek saritu dituzte, kategorien arabera:

DILEMA

  1. Briany Marcela Castro (Abadiño BHI)
  2. Lidia Varela Caminero (Egiluze Ikastetxea)
  3. Goretti Francisco (Beasain BHI) (Laratz)

BIDEOGINTZA

  1. Rosangela, Noemi Betanzos Lora, eta Paula Astudillo Quelle, Elkar Hezi Ikastetxea (Laratz)
  2. Izaro Urkia García, Malen Bautista Vega eta Ibtisan Chaikh (Arrasate BHI)
  3. Olaia Romero Fernández eta Lia Uribarren Heniz (Arrasate BHI)

ARGAZKIGINTZA

  1. Simone Ojanguren (Eibar BHI)
  2. Luka Astiz Diez (Begoñazpi Ikastola) (Laratz)
  3. Oriol Jorge Pérez (El Regato Ikastetxea)

MARRAZKETA

  1. Ane Fernández de Matauco (Corazonistas Gasteiz)
  2. Leire Matia Rival (Eretza Berri IPI)
  3. Alba Ocejo Carazo (El Regato Ikastetxea) (Laratz)

DISERTAZIOA

  1. Haizea Luengo Bausela (El Regato Ikastetxea) (Laratz)
  2. June Sánchez Díaz (Orixe BHI)
  3. Olaia Olivas (Lauro Ikastola)

NAZIOARTEKO DISERTAZIOA

  1. Nahia Cerezeda Mercado (Begoñazpi Ikastola)

 

Edizio honetan “Eromena. On Kixote gaurko munduan” gaia proposatu da. Proposamen horrek arrazoiarekin, identitatearekin, normaltasunarekin edo egungo errealitateari buruzko begirada kritikoarekin lotzen diren gaien inguruan hausnartzera gonbidatzen ditu ikasleak, betiere filosofiaren ikuspegitik.

Gaur goizean, 22 ikaslek —modalitate bakoitzeko hiru finalistak— beren lanak defendatu dituzte epaimahaiaren aurrean. Epaimahaia osatu dute Egoitz de la Fuentek (Mondragon Unibertsitatea), Joanes Tovarrek (CSICeko ikertzailea) eta Leire Bilbaok (psikologoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea).

Hezkuntzako sailburuak aditzera eman du honelako ekimenak baliagarriak direla gazteen artean pentsamendu kritikoa sustatzeko eta humanitateek hezkuntza-sisteman betetzen duten zeregina indartzeko. “Filosofiak autonomiaz pentsatzeko, ideiak argudiatzeko eta gero eta konplexuagoa den gizartean errespetuz hitz egiteko tresnak eskaintzen dizkie ikasleei”.

Era berean, Begoña Pedrosa sailburuak ikastetxeetan Filosofia Olinpiada bultzatzen duten irakasleen lana nabarmendu du, “aurkeztutako lan bakoitzaren atzean ikasleei laguntzeko, ikasgelan eztabaidatzeko eta hausnarketa partekatua egiteko prozesua dago, eta agerian uzten du irakasleek pentsamendu kritikoa eta jakin-min intelektuala sustatzen duen hezkuntzarekin duten konpromisoa”.

Ildo horretan, parte hartzen duten irakasleen konpromisoa azpimarratu dute antolatzaileek; izatez, irakasleek ikastetxeetan egindako lanari esker eta ikasleei prestakuntza-hilabeteetan laguntzeko egin beharreko ahaleginari esker dinamiza daiteke ekimen hori. Era berean, lehiaketa antolatzea ahalbidetzen duten boluntarioen inplikazioa eskertu dute.

Parte hartzen duten ikasleentzat, Filosofia Olinpiada prestakuntza-esperientzia bihurtzen da, aukera ematen baitie gaurkotasuneko gaiei ikuspegi kritiko eta argumentatibo batetik heltzeko eta sormen-formatuak aztertzeko, ikus-entzunezko modalitateetan eta modalitate artistikoetan. Gainera, antzeko interesak dituzten beste gazte batzuekin elkartzeak ideia-trukea eta eztabaida bultzatzen ditu.

Irabazleek Euskadi ordezkatuko dute apirilaren 17an eta 18an Ciudad Realen egingo den Estatuko XIII. Filosofia Olinpiadan, marrazketa filosofikoaren modalitatean izan ezik, modalitate hori Euskadiko espezifikoa baita.

Euskadiko Filosofia Olinpiada Agora Filosofia Elkarteak bultzatutako kultura- eta hezkuntza-ekimena da. 2018an sortu zen, bigarren hezkuntzako irakasleen ekimenez, ikasleen artean pentsamendu kritikoa, eztabaida eta hausnarketa filosofikoa sustatzeko. Lehiaketak Deustuko Unibertsitatearen, EHUren, UEUren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)