- Biosistemak Institutuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari atxikita dago, eta Osasun Publikoaren Europako Kongresuan nazioarteko bilkura bat antolatu du, OMEko, Europako Batzordeko, Depresioaren aurkako Europako Aliantzako eta Osakidetzako erreferenteak bilduko dituena
- Osakidetzaren BIZI programa, Euskadin garatu dena agente komunitarioak suizidioaren prebentzioan gaitzeko, Europan eskalagarritasun-potentziala duen jardunbide onaren adibide gisa aurkeztuko da
Bilbok "Suizidioaren prebentzioa: ekintzarako deia" nazioarteko bilkura hartuko du bihar, azaroak 13, ostirala, European Public Health Conference (EPH Conference) erakundearen esparruan. Topaketa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak antolatu du, Biosistemak Osasun Ikerketarako Institutuaren bitartez, eta Osasunaren Mundu Erakundeko (OME), Europako Batzordeko, Depresioaren aurkako Europako Aliantzako (EAAD) eta Osakidetzako ordezkariak bilduko dira, suizidioa prebenitzeko estrategia eraginkorrenak aztertzeko.
Saioa Euskalduna Jauregian izango da, Ane Fullaondo Biosistemak-eko zuzendari zientifikoak moderatuko du, eta erakundeetako arduradunak, profesionalak eta nazioarteko adituak bilduko ditu, suizidioa prebenitzeko estrategia eraginkorrenak aztertzeko eta ebidentzia zientifikoa benetako eragina duten politika publikoetara eta ekintza komunitarioetara eramatea ahalbidetzen duten esperientziak partekatzeko.
Suizidioa osasun publiko globalaren arazo garrantzitsua da. Urtero, 720.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira munduan bere buruaz beste eginda, eta kalkulatzen da heriotza bakoitzeko hogei saiakera inguru gertatzen direla.
Europatik koordinatutako erantzuna
Parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, Ledia Lazeri, OMEren Europarako Eskualde Bulegoko Osasun Mentaleko arduraduna; Georgios Margetidis, Europako Osasun Agentzia Exekutibo eta Digitalekoa (HaDEA); Ulrich Hegerl, Depresioaren aurkako Europako Aliantzako (EAAD) presidentea; eta Andrea Gabilondo psikiatra, Osakidetzaren Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria eta Euskadin suizidioa prebenitzeko erreferentea.
Topaketan zehar ebidentzia zientifikoak bermatutako ekimenak aztertuko dira, hala nola OMEren LIVE LIFE gida, zeinak lehentasunezko esku-hartzeak proposatzen dituen suizidioa prebenitzeko, besteak beste, metodo hilgarrietarako sarbidea murriztea, komunikabideek komunikazio arduratsua sustatzea, nerabeen trebetasun sozioemozionalak indartzea eta arrisku-egoeran dauden pertsonak goiz detektatzea eta artatzea.
Era berean, European Alliance Against Depression (EAAD) erakundearen esperientzia aurkeztuko da. Haren esku-hartze komunitarioa munduko 120 eskualdetan baino gehiagotan inplementatu da, eta osasun mentalaren arloko Europako jardunbide egokitzat jo da, lanbide-heziketa, gizarte-sentsibilizazioa, inplikazio komunitarioa eta kaltetuei zuzeneko laguntza emateko duen gaitasunagatik.
Suizidioa prebenitzea lehentasuna da Euskadirentzat, Osasunaren Euskal Itunarekin lerrokatuta
Jokabide suizida prebenitzea lehentasun estrategikoa da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat. Azken bi hamarkadetan, Euskadik hainbat ikerketa-, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta asistentzia-ekimen bultzatu ditu, arrisku suizidaren detekzio goiztiarra hobetzeko eta prebentzio-erantzunak esparru askotatik indartzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Suizidioa Prebenitzeko Estrategiak identifikatzen du beharrezkoa dela gizarte-kontzientziazioa areagotzea, suizidioarekin lotutako estigma murriztea eta komunitateko funtsezko eragileak gaitzea alarma-seinaleak detektatzeko eta laguntza-baliabide espezializatuetarako sarbidea errazteko.
BIZI: suizidioaren prebentzio komunitariorako euskal berrikuntza
Konpromiso horren adibide nabarmenetako bat BIZI da. Osakidetzak bultzatutako programa da, eta komunitate-prebentzioko esperientzia berritzaile gisa aurkeztuko da saioan zehar. BIZI "zaindariak" prestatzeko programetan Euskadin metatutako esperientziatik sortu da. Pertsona horiek, beren jarduera profesional edo komunitarioagatik, ohiko harremana dute kolektibo ahulekin, eta funtsezko zeregina bete dezakete arrisku suizidaren identifikazio goiztiarrean.
Programa profesional ez-sanitarioentzako eta eragile komunitarioentzako trebakuntza iraunkorra eta eskuragarria bermatzeko beharrari erantzuteko sortu zen. Prestakuntza online, doakoa, laburra eta autokuiatua izan zen, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonekin egon daitezkeenen ezagutzak, jarrerak eta konfiantza hobetzeko diseinatua.
Bere garapena suizidioa prebenitzeko eta komunitateko zaindariak prestatzeko programei buruzko nazioarteko ebidentzia zientifikoan oinarritzen da, eta, horrez gain, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak eta Depresioaren aurkako Europako Aliantzak aurrez Euskadin garatutako esperientzia txertatzen du.
Ebaluazioaren emaitzek hobekuntza nabarmenak erakusten dituzte ezagutzetan, autoeraginkortasunean eta arrisku-egoeretan jarduteko gaitasunean, bai eta parte-hartze eta gogobetetze maila handiak ere. Ezaugarri horiei esker, BIZI tresna berritzaile gisa finkatu da, suizidioa prebenitzeko prestakuntzarako sarbidea demokratizatzeko eta ingurune komunitarioetatik prestakuntza horren irismena zabaltzeko.
Ekimen hori, gainera, Osasunaren Euskal Itunean kokatzen da. Itun horrek osasun-eredu prebentiboagoa, komunitarioagoa eta pertsonengan zentratua sustatzen du, eragile sozialak eta komunitarioak gaitzen baititu alarma-seinaleak detektatzeko eta laguntza eskuratzeko. Bizik arrisku suizidaren detekzio goiztiarra hobetzen, estigma murrizten eta osasun mentala komunitatetik indartzen laguntzen du, Euskadiren lehentasun estrategikoekin bat etorriz.
Ekintzarako deia, Euskaditik Europara
Ekimen horrek nazioartean sortu duen interesa dela eta, BIZI programa JA PRISM Europako Ekintza Bateratuaren parte da. Ekintza hori hainbat testuingurutara egokitzen ari da, eta eskala handian egingo da Europako sei ezarpen-lekutan. Ezagutzaren transferentzia horren ondorioz, Euskadi Europako erreferente bat da osasun mentalaren erronkei aurre egiteko eta suizidioa prebenitzeko irtenbide berritzaileen bilaketan, eta estrategia eraginkorragoak, jasangarriagoak eta pertsonengan oinarritutakoak garatzen laguntzen du.
Nazioarteko saio honek helaraziko duen mezu nagusia da suizidioaren prebentzioak erantzun koordinatuak behar dituela, politika publikoak, osasun-zerbitzuak, ekintza komunitarioa eta estigmaren murrizketa uztartzen dituztenak.
Horrela, Bilboko hitzorduak Europako erakundeen, nazioarteko erakundeen eta osasun-sistemen arteko lankidetza indartzeko balioko du, suizidioa prebenitzeko eta herritarren osasun mentala babesteko gizarte prestatuagoetarantz aurrera egiteko konpromiso partekatua bultzatuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)