Euskadik eta Medellínek ezagutza eta esperientzien trukea sustatu dute Kultura eta Sormen Industrietan (KSI)

Argitalpen-data: 

Irudia1.jpg

Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak «Medellín Capital Creativa» topaketan parte hartu dute, eta, horren bidez, erakundeen arteko harremanari ekin diote Medellíngo Merkataritza Ganberarekin (Antioquia).

Medellín, Kolonbia. Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) ekosistemak eta Medellíngo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Barrutiak hurbilketa instituzional emankorra izan dute. Innobasque-Euskal Berrikuntzaren Agentziako eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko ordezkariek lan-agenda bizia garatu dute Antioquiako hiriburuan, Medellíngo Merkataritza Ganberak gonbidatuta. Topaketa horri esker, eskualdeen arteko esperientzia-truke baliotsua egin da eta bi erakundeen arteko epe luzeko harremanaren oinarriak ezarri dira.

Topaketa bi jardunalditan egituratu da, sektore-mahai eta lantegi praktikoen bidez, eta helburu nagusia kultura, zientzia eta enpresa-garapena artikulatzeko ikuspegiak partekatzea izan da.

Ministerioaren babesa eta euskal ereduaren balioa

Agenda akademikoaren hasieran, Kolonbiako Kultura ministro Paola Holguínek parte hartu zuen. Bere hitzaldian, ministroak berariaz nabarmendu zuen euskal kultura eta sormen industrien sistema, eta adierazi zuen haren gobernantza-egitura eta enpresa-erresilientzia balio handiko erreferenteak direla.

Era berean, Holguínek azpimarratu zuen premiazkoa dela tokiko ekosistemak nazioartean frogatutako ereduekin konektatzea, eta Kolonbiako sortzaile eta kudeatzaileak animatu zituen teknologia-transferentziako mekanismoak eta Europako kultura-barrutiak ezagutzera, ekonomia sortzailea dinamizatzeko.

Ezagutzen eta lurralde-berrikuntzaren arteko elkarrizketa

Euskal ordezkaritzak —Gotzon Bernaola, Innobasqueko Berrikuntzaren Sustapen eta Azelerazioko zuzendaria, eta Josean Urdangarín, Eusko Jaurlaritzako KSI Unitateko arduraduna— ikuspegi teknikoa eskaini zuen bai ikus-entzunezkoen eta animazioaren sektoreko elkarteekin (MECA, GEMA, COVA) egindako bileretan, bai Antioquiako enpresariekin egindako Sormen Laborategietan.

Trukearen muin teknikoa «Euskal Autonomia Erkidegoa eta Medellín: Sormen Industrien eskualde-garapenari begirada» izeneko panel akademikoan garatu zen. Diego Cifuentes Sormen Industrien Klusterreko kudeatzaileak moderatutako saioan, berrikuntza bizkortzeko metodologiak aztertu ziren, mikroenpresek osatzen duten sektore batean, baita nazioartekotzearen erronkak ere, kultura-nortasuna eta berezko hizkuntza —euskara— errespetatuz.

Tokiko ekosistemaren aldetik, María Fernanda Galeanok, Medellíngo Garapen Ekonomikoko idazkariak, hiriko azpiegitura-ekimenak azaldu zituen. Horrela, aldebiko elkarrizketa aberastu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko «helize laukoitzaren» eredua Antioquiako hiriburuaren egungo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Barrutiaren estrategiarekin alderatuz.

Erakundeen arteko harreman baten hasiera

Topaketa emankor hau ez da agenda baten amaiera izan, baizik eta Medellíngo Merkataritza Ganberarekin (Antioquia) harreman estu bati ofizialki ekiteko abiapuntua. Bi ordezkaritzek bat egin dute honako honetan: egun hauetan partekatutako ezagutza lehen urrats zehatza da etorkizunean komunikazio-kanalak, transferentzia teknikoko misioak eta jardunbide egokien etengabeko trukea aktibatzeko, bi lurraldeetako sormen-enpresen lehiakortasuna indartze aldera.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)