Euskadik estrategia aitzindaria abiarazi du benzodiazepinen erabilera optimizatzeko eta pazientearen segurtasuna hobetzeko

Argitalpen-data: 

  • Osasun Sailak eta Osakidetzak plan aitzindaria aktibatu dute somniferoen eta lasaigarrien luzaroko kontsumoari heltzeko eta profesionalengan eta herritarrengan kultura-aldaketa sustatzeko
  • Ekimena bat dator Euskadiko Osasun Itunaren ardatz estrategikoekin, eta lehentasuna ematen die pazientearen segurtasunari, kronikotasunaren arretari eta lehen mailako arreta indartzeari
  • Estrategiak 70 urtetik gorako emakume eta pertsonengan lehenesten du arreta, erabilera-prebalentzia handiagoa duten kolektiboengan, ongizate emozionalaren sustapena areagotuz, loaren neurri higieniko-dietetiko egokien gainean heziz, ondoezak goiz identifikatuz egoera patologikoetara ez igarotzeko, eta, azkenik, antsietatearen eta insomnioaren maneiu biosoziala indartuz

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadin Benzodiazepinen Erabilera Egokirako Estrategia abiarazi dute. Anbizio handiko plan hori diziplina anitzeko zenbait osasun-eragilerekin batera egin da, eta tratamendu horien egokitzapena hobetzeko eta luzaroko erabilerarekin lotzen diren arriskuak murrizteko sortu da.

Estrategia hori ez da neurri isolatua, guztiz txertatzen baita Euskadiko Osasun Itunaren hedapenean. Zehazki, benzodiazepinen erabileraren optimizazioak Itunaren funtsezko ildo estrategikoei erantzuten die, hala nola pazientearen segurtasuna indartzeari, kronikotasunaren arretan asistentzia-kalitatea hobetzeari eta herritarrak beren osasunaren kudeaketan ahalduntzeari.

Sendagai horien erabilpenean eta neurri ez-farmakologikoak sustatzean arreta jartzearekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrera egiten dute pertsonentzako osasun-emaitzetan oinarritutako sistema eredu prebentiboagorantz eta jasangarriagorantz eraldatzeko konpromisoan.

Kultura-aldaketa 360º-ko ikuspegiarekin

Estrategia horren bidez, zifrak murrizteaz gain, kultura-aldaketa eragin nahi da, 360º-ko ikuspegiarekin. Helburu nagusia da farmako horien erabileraren egokitzapena hobetzea eta laguntza-prozesuan inplikatutako profesionalak eta, oro har, herritarrak sentsibilizatzea eta prestatzea.

Hori lortzera begira, planak funtsezko bost lan-ardatz ditu:

  1. Komunikazioa eta koordinazioa. Eragile inplikatu guztiek ikuspegi bateratua partekatzen dutela eta estrategia modu koherentean hedatzen dutela ziurtatzea.
  2. Zuzeneko esku-hartzeak. Profesionalentzako “Audit eta Feedback” tresnak diseinatzea eta pazienteentzako eta herritarrentzako hezkuntza-kanpainak diseinatzea.
  3. Digitalizazioa eta tresna klinikoak. Historia klinikoan (Presbide) preskripzioen berrikuspena errazten duten eta adierazi gabeko hasierez ohartarazten duten sistemak integratzea.
  4. Monitorizazioa eta ebaluazioa. Kontsumoaren bilakaera eta hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzeko aginte-taulak sortzea.
  5. Jasangarritasuna. Preskripzioaren hobekuntzak epe luzera mantentzen direla bermatzea, prozesuak automatizatzearen eta etengabe berrikustearen bidetik.

Estrategiak neurri praktikoak jasotzen ditu, aldaketa eraginkorra izan dadin, eta neurri horiek eragin zuzena izango dute asistentzia-lanean eta pazienteak jasotzen duen informazioan —preskripzio-jarraibideei buruzko txosten pertsonalizatuen bidez; errezeta elektronikoko sistemaren optimizazioaren bidez, tratamendu batek gomendatutako asteak gainditzen dituenean abisuak eman ditzan; pazienteentzako eta herritarrentzako talde-hezkuntzako tailerrak antolatzearen bidez edo preskripzio mailakatuko protokoloak ezartzearen bidez—.

Generoaren ikuspegia aintzat hartuko duen osasun publikoko erronka

Ekimen horren arrakasta zeharkako izaera izatean datza. Lehen mailako arretako, osasun mentaleko, ospitale-arretako, espetxeetako, osasun publikoko eta farmazia komunitarioko profesionalez osatutako diziplina anitzeko koordinazio-talde batek zehaztu du estrategia.       

Lehentasunezko populazio gisa 70 urtetik gorakoak zehaztu dira, eta genero-ikuspegi nabarmenarekin lan egingo da, BZDaren erabilera ohikoagoa baita emakumeen artean, batzuetan, mota horretako farmakoak erabiltzen direlako ondoez emozionaletarako.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak —Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Euskadiko adineko biztanleen adikzio-jokabideei buruz egindako azterketa aitzindariaren barruan—psikofarmakoen kontsumoaren prebalentzia handiaren berri eman zuen, batez ere 65 urtetik gorako emakumeen artean. Benzodiazepinak (BZD), somniferoak eta lasaigarriak farmako efikazak dira, epe laburrean, antsietatea eta insomnioa tratatzeko. Hala ere, insomnioaren kasuan 4 astez baino gehiagoz erabiltzeak edo antsietatearen kasuan 12 aste baino gehiagoz erabiltzeak tolerantzia eta mendekotasuna sortzen du, eta kontrako ondorio larriak izateko arriskua areagotzen du, hala nola erorikoak, hausturak, zirkulazio-istripuak eta narriadura kognitiboa.

Euskadin, preskripzio-datuek islatzen dute 2016 eta 2024 bitartean gora egin duela tratamenduan dauden pertsonen kopuruak. Gainera, genero- eta adin-arrakala hauteman da. Izatez, Euskadiko 70 urtetik gorako emakumeen % 40,3k preskripzio aktiboa dute, eta adin-tarte bereko gizonen % 20,8k. Gainera, biztanleriaren ehuneko handi batek aise gainditzen du gomendatutako denbora. Horri guztiari gehitu behar zaio erabilera nabarmen handiagoa dela pertsona zaurgarrien artean.

Estrategia hori abian jarrita, Euskadi pazientearen segurtasunaren arloko abangoardian kokatzen da, ongizate emozionala eta osasun fisikoa lehenesten dituen arretaren aldeko apustua egiten baitu, estres edo insomnio arineko egoeretan farmakoterapia sistematikoa erabiltzearen gainetik. "Herritarrek farmako bat baino epe luzerako neurri ez farmakologiko eraginkorragoak daudela jakin dezaten nahi dugu, nabarmendu dute Osasun Sailetik.

Euskadiko Adikzioen Plana 2023-2027

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak 2023-2027 aldirako Euskadiko Adikzioen Planaren balantzea aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta Eusko Jaurlaritzak mendekotasunen prebentzioarekin —jatorri farmakologikoko mendekotasunak barne— duen konpromisoa azpimarratu du. 20 jarduketa-ildoek aurrera egin dutela egiaztatu da, eta arreta berezia jarri da komunitate-inguruneetako kontsumoaren desnormalizazioan eta kolektibo zaurgarrienen babesean. Azken aldiko gertaera adierazgarrien artean, jarduketa-ardatz hauek nabarmentzen dira:

  • Ingurune osasungarriak eta kontsumoa desnormalizatzea. Kerik Gabeko Guneen Sarea 765 gunera iritsi da 2025eko itxieran. Horien artean nabarmentzen dira kerik gabeko EHUko Arabako campusa eta Gasteizko autobus-markesina guztiak. Horrez gain, erretzeari uzteko 2 gida egin dira, Osakidetzarekin koordinatuta. Horietako bat herritar guztiei zuzentzen zaie, eta bestea, berriz, haurdun dauden emakumeei.
  • Ongizate digitala. Adingabeen artean pantailen erabilera desegokiaren inguruko arriskuaren pertzepzioa handitzen ari denez gero, “Zeu zara sarerik onena” kanpaina abiarazi zen. Ekimen horren bidez, familiak eta profesionalak sentsibilizatu nahi dira pantailen erabileran mugak jartzearen inguruan eta bide horretan laguntzearen garrantziaren inguruan, betiere ingurune digital segurua bermatze aldera.
  • Jardunbide onen aitortza.  Joan den hilean, Elkar Eginez sariak banatu ziren, eta sari horietan Ailaket elkartearen ibilbidea eta Bilboko eta Portugaleteko udalen prebentzio-lana aitortu ziren.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)