- Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko hilabete askotako lanaren eta negoziazioaren ondoren, gaur Ministroen Kontseiluak 2030 Horizontea Garraio Sarearen Plangintzaren behin betiko bertsioa onartu du
- Behin betiko bertsioak jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren eskaera: Euskadiko sare elektrikoaren potentzia %50 handitzea. Horren ondorioz, Euskadiko potentzia elektrikoa 6.000 MW arte handituko da
- Gure sareetan egingo den inbertsio horrek ez du aurrekaririk, eta gure industriarako eraldatzailea izango da; haren deskarbonizazioa, hazkundea eta gure herrialdera inbertsio estrategikoak erakartzea ahalbidetuko du
- %50eko potentzia gehigarri hori lortzeko, azpiestazio ia guztietan jardungo da, 20 esku-hartze baino gehiagoren bidez eta 10 azpiestazio-parke berri sortuko dira
- Plangintza horrek gure sare elektrikoaren potentzia 6.000 MW handituko du, garraio-sareko 2.300 MW-eko eskari gehigarriari erantzuteko. Horri 3.000 MW-eko sarbide-ahalmena gehituko zaio, banaketa-sareetan agertuko dena. Era berean, energia berriztagarrira bideratutako sarbide-ahalmena 750 MW baino gehiago handitzea aurreikusten da
- Garraio sareetan egingo diren inbertsio berri horiek, Euskadiko banaketa-sarearen planen onarpenarekin batera, eraldaketarako esparru bat sortzen dute euskal industriarentzat, hidrogeno berdearen ekoizpenerako, garraioaren eta portuen elektrifikaziorako eta etxebizitzen sustapen berriak garatzeko
- Plangintza berriari esker, etxebizitza berrien garapena eta eraikuntza bultzatuko da; izan ere, etxebizitza sustapen batzuk sare elektrikorako sarbiderik ezak baldintzatu ditu
- Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburua: “Hilabete askotako lanaren, negoziazioaren eta Euskadiren interesen defentsaren ondoren, Madrilekin gure potentzia elektrikoa %50 handitzea adostu dugu. Euskal industriaren kezka nagusietako bati erantzuten diogu: entxufe falta. Deskarbonizazioan bakarrik ematen diegu erantzuna 117 enpresari, eta 70.000 enplegu baino gehiago bermatzen ditugu Euskadin”
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioa eta lan luzearen ondoren, gaur Ministroen Kontseiluak 2030 Horizontea Garraio Sarearen Plangintzaren behin betiko bertsioa onartu du. Behin betiko bertsio horrek Eusko Jaurlaritzaren eskaera jasotzen du: Euskadiko sare elektrikoaren potentzia %50 handitzea. Horren ondorioz, Euskadiko potentzia elektrikoa 6.000 MW arte handituko da.
Gure sareetan egingo den inbertsio horrek ez du aurrekaririk eta eraldaketa sakona ekarriko dio gure industriari: haren deskarbonizazioa, hazkundea eta gure herrialdera inbertsio estrategikoak erakartzea ahalbidetuko du.
Sarearen ahalmenaren handitze horrek berebiziko garrantzia du Euskadiren industria eta energia garapenerako, baita proiektu industrial berrien konexioa errazteko ere.
Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuak, adierazi du, “Hilabete askotako lanaren, negoziazioaren eta Euskadiren interesen defentsaren ondoren, Madrilekin gure potentzia elektrikoa %50 handitzea adostu dugu. Euskal industriaren kezka nagusietako bati erantzuten diogu: entxufe falta”.
“Elektrizitatea gure industriak behar duen oxigenoa da”, nabarmendu du Jauregik, “Elektrizitatea gure energia-kontsumoaren %25 da gaur egun, eta 2040rako %46ra igo daitekeela uste dugu. Elektrizitate gehiago lortu dugu gure industriaren deskarbonizazioa, hazkundea eta Euskadira inbertsio estrategiko berriak erakartzea ahalbidetzeko. Deskarbonizazioan bakarrik ematen diegu erantzuna 117 enpresari, eta 70.000 enplegu baino gehiago bermatzen ditugu Euskadin. Akordio honekin, Euskadik aurrepauso handia eman du entxufe gehiago izateko eta Industria gehiago, Industria hobea eta Isuri gutxiago sustatzeko”.
“Orain, inbertsio horiek bizkortu eta martxan jarri behar dira lehenbailehen. Datorren astean bilera batera deituko ditugu REDEIArekin, Iberdrolarekin eta hainbat erakunderekin lanari ekiteko”, amaitu du sailburuak.
Plangintza horrek gure sare elektrikoen potentzia 6.000 MW handituko du, garraio-sareko 2.300 MW-eko eskari gehigarriari erantzuteko. Horri 3.000 MW-eko sarbide-ahalmena gehituko zaio, banaketa-sareetan agertuko dena. Halaber, energia berriztagarrien sorkuntzarako sarbide-ahalmena 750 MW baino gehiago handitzea ere aurreikusten da.
Hiru lurraldeetako azpiestazioetan egingo diren jarduketak
%50eko potentzia gehigarri hori lortzeko, dauden azpiestazio ia guztietan esku hartuko da, 20 esku-hartze baino gehiagoren bidez eta 10 azpiestazio-parke berri sortuko dira.
Jarduketa horien adibide gisa, Araban, Gasteizko hegoaldeko azpiestazio berri batek bere industria-eremuaren hazkundeari eta modernizazioari erantzuteko aukera emango du. Aiaraldean, Aiarako azpiestazioaren hobekuntzak eskualdeko industria suspertzen lagunduko du. Arabako hegoaldean azpiestazio berri bat eraikiko da, garapen industriala ahalbidetuko duena; adibidez, Talgoren handitzea.
Bizkaian, Gatikako azpiestazioaren gaitasuna handituko da, Zamudioko Teknologia Parkearen hedapena (horrek enpresa berriak ezartzea eta kalitatezko enplegua sortzea ekarriko du) eta Bizkaiko ekialdeko eremuaren garapena bultzatzeko. Gainera, Santurtziko azpiestazioa modernizatzeak eta Ortuellarekiko konexioa indartzeak Bilboko Portuaren elektrifikazioa ahalbidetuko dute, haren deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiten jarraitzeko, eta proiektu berriak martxan jartzea erraztuko dute.
Gipuzkoan, Azpeitiako azpiestazio berriak horniduraren segurtasuna bermatuko du, eta Urola eskualdeko eta kostalde osoko industria-jarduerari bultzada emango dio. Gainera, Ormaiztegiko eta Oiartzungo azpiestazioen handitzeek, hurrenez hurren, Goierriko industria (Beasain, Ordizia…) suspertzea eta Oarsoaldeko ingurunea eta Pasaiako portua garatzea bultzatuko dute.
Era berean, plangintza berriari esker, etxebizitza berrien garapena eta eraikuntza bultzatuko dira; izan ere, sarerako sarbiderik ezaren ondorioz, eragina izan duten etxebizitza-sustapenak egon dira. Adibidez, Hernaniko azpiestazioa berrituta, sarerik ez dagoelako gelditu diren sustapenak konektatu ahal izango dira. Alonsotegiko azpiestazioko jarduketek Zorrotzaurren garatuko diren etxebizitza-sustapenari lagunduko diote, eta Gasteizko azpiestazio berriak Salburuan eta Zabalganan etorkizunean egingo diren etxebizitza-sustapen berrien garapena erraztuko du.
Inbertsioak erakartzeko esparru eraldatzailea
Garraio sareetan egingo diren inbertsio berri horiek, Euskadiko banaketa-sarearen planen onarpenarekin batera, eraldaketarako esparru bat sortzen dute euskal industriarentzat, hidrogeno berdearen ekoizpenerako, garraioaren eta portuen elektrifikaziorako eta etxebizitzen sustapen berriak garatzeko.
Plangintza horrek esparru eraldatzaile bat eskaintzen du, sare elektrikoetara bideratutako inbertsio-bolumena handitzeko aukera ematen duena. Horrekin, inbertsio estrategiko berriak erakarri eta lehendik dagoen industriaren zein proiektu berrien konexio-beharrei aurrea hartuko die.
Horrela, ekintzak ez dira egungo beharrei erantzutera mugatzen; aitzitik, sarea prestatzen dute konexio berriak txertatzeko eta inbertsio estrategikoak bizkortzeko horiek gauzatu ahala. Modu horretan, sarearen ahalmenak arinago lagundu ahal izango die etorkizuneko industria-inbertsioei.
Aurrerapen horrek Eusko Jaurlaritzaren lehentasun bati erantzuten dio: sare elektrikoak industriaren hazkunde, modernizazio eta deskarbonizazio beharrek eskatzen duten erritmo berean aurrera egitea bermatzea.
Egungo eta etorkizuneko euskal industriari erantzuna
Sarearen ahalmenaren handitze horri esker, kontsumo intentsiboa duten 117 enpresak identifikatutako konexio-beharrei erantzun ahal izango zaie. Horrek Euskadin 70.000 lanpostu baino gehiagoren jarraipena bermatzen du, eta Euskadiko industriarentzat energia-arloko mugarri nagusia da. Gehien eragindako sektoreak metalaren, forjaren eta galdaketaren, beiraren eta motordun ibilgailuen fabrikazioaren sektoreak dira. Horrenbestez, plangintza horrek Euskadiko industria-proiektu handien zein euskal ETEen energia-beharrei erantzutea ahalbidetzen du.
Haren irismenari esker, epe luzerako hornidura-bermea eskaini ahal izango zaie industria-proiektuei. Proiektu horiek potentzia elektriko handiagoa behar dute deskarbonizatzeko, hazteko, hedatzeko, instalazioak modernizatzeko edo euren ekoizpen-prozesuen elektrifikazioan aurrera egiteko. Gainera, atzerriko inbertsioak erakartzea eta industria berria sortzea ahalbidetuko du.
Potentzia elektrikoaren eskuragarritasuna lehiakortasunerako faktore estrategiko bihurtu da. Industria-jardueraren hazkundeak, ekoizpen-prozesuen elektrifikazioak eta erregai fosilen ordezkapen mailakatuak sare sendoagoak eta prestatuagoak behar dituzte, gero eta eskari handiagoari erantzuteko.
Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du aurreikusitako inbertsioak ahalik eta lasterren abian jar daitezen eta azpiegitura berriak eskuragarri egon daitezen, Euskadiko behar elektrikoak handitzen diren heinean.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzak konfiantza du Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den autobide arautzaileak datozen bost urteetan inbertsio horien gauzatzea azkartzen lagunduko duela.
Euskal industriaren elektrizitate eskaria
Euskadiren elektrizitate eskaria egonkorra izan da azken 20 urteetan, 12.000 MW-ko gaitasun elektrikoarekin, eta ez da inbertsio esanguratsurik egin gero eta handiagoa den eskaerari erantzuteko.
Hala eta guztiz ere, gure industriaren deskarbonizazio-prozesuak, egungo proiektu industrialak handitzeko beharrak eta industria-enpresa berriak sortu eta erakartzeak eragin dute 12.000 MW-eko gaitasun hori erabat eskasa izatea gure industriaren energia-potentzia handiagoaren eskariari erantzuteko.
Aintzat hartu behar da, Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) datuen arabera, industria eta zerbitzu aurreratuen sektoreak Euskadiko BEGaren %40 ordezkatzen dutela eta 200.000 enplegu baino gehiago sortzen dituztela. Euskal industria nagusiki elektrointentsiboa da, eta, horregatik, hain zuzen, Euskadik Estatuko industria-elektrizitatearen kontsumo osoaren %10 inguru biltzen du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)