Euskadik 39 egunera murriztu du eutanasia-prozeduraren batez besteko denbora 2025ean eta arintasunean nabarmendutako erkidegoen artean dago

Argitalpen-data: 

  • Osasun Sailak hiltzeko laguntza medikoaren prestazioaren urteko memoria ezagutzera eman du eta eskaera-kopuruaren goranzko joera berretsi da, % 60 baino gehiagoko igoerarekin: 120 eskaera eta 78 prestazio egin dira 2025ean
  • Euskadik eutanasia-eskaeren % 90 inguru baimendu zituen, legea ezarri zenetik tasarik altuena, eskatzaileen batez besteko adina 75 urtekoa da, eta horien % 58,3k gaixotasun kroniko eta eragozlea zuten
  • Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa indarrean jarri zenetik, Euskadik 211 pertsonari hiltzeko laguntza medikoa bermatu die, Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordean (EBEB) jasotako 315 eskaeretatik
  • Kasuen % 20,8 aurretiazko borondateen dokumentu bidez izapidetzen dira eta, gainera, SIEE tresna digital berriak prozesuaren trazabilitate osoa ahalbidetzen du hasieratik

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hiltzeko laguntza medikoaren 2025eko prestazioaren urteko memoria argitaratu du gaur. Bertan, prozeduraren batez besteko denbora murriztu dela nabarmentzen da, 39,4 egunekoa baita lehen eskaeratik prestaziora arte, legeak ezartzen duen 41 eguneko epearen azpitik, eta pazienteentzako berme guztiekin. Datu horrek nabarmen hobetzen ditu aurreko erregistroak, eta Euskadi prozesu horien izapidetzean erkidego arinenen artean kokatzen du, Estatuko batez besteko denborak (82 egun) baino askoz beherago.

Osasuneko sailburuorde Gontzal Tamayok, Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko (EBEB) presidente eta Osakidetzako barne-medikuntzako mediku Julia Barrosok eta kargu horretan aurretik egon denak, Osakidetzako eutanasia talde korporatiboko kideak eta Osakidetzako etxeko ospitalizazioko medikuak, Itxaso Bengoetxeak, urteko memoria honetan jasotako datuak jakinarazi dituzte gaur goizean. Memorian zehatz-mehatz jasotzen dira eutanasiari buruzko legea Euskadin azken urtean aplikatzearen bilakaera, ezaugarriak eta emaitzak.

Eskaera gehiago eta baimen-tasa handiagoa

Txostenak joan den otsailean ezagutzera emandako aurretiazko datuak berresten ditu: 120 eutanasia-eskaera erregistratu dira eta  78 prestazio egin dira 2025ean; 2024an, berriz, 74 eskaera eta 49 prestazio erregistratu ziren. Hala, azken urteko eskaera-kopuruaren % 61,2 igoerarekin, 3/2021 Lege Organikoa indarrean jarri zenetik ikusitako goranzko joera sendotu da, eta euskal gizarte osoan prestazio horren eskaera gero eta handiagoa dela berretsi da.

Espedienteen bilakaerari dagokionez, 120 eskaeretatik 107 baimendu ziren legeak hiltzeko behar den laguntza eskatzeko eta jasotzeko ezarritako baldintzak betetzean: gaixotasun terminala (gaixotasun larria eta sendaezina) edo pairamen larria, kronikoa eta eragozlea. Horrek erakusten du eutanasia-prozesu baterako eskaeren % 90 inguru onartu zirela Euskadin, eutanasiaren legea ezarri zenetik tasarik altuena. Hala ere, memoriak kasu askoren konplexutasun klinikoa ere islatzen du: 31 pertsona hil ziren prozesuan zehar eskaera aurkeztu ondoren, horietako 21 espedientea Berme eta Ebaluazio Batzordera iritsi ondoren.

Legea indarrean sartu zenetik, Euskadik 211 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa. Guztira 468 eskaera hasi dira, eta horietatik 315 Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak (EBEB) jaso eta aztertu ditu. Gainerako eskaerak ez dira Batzordera iritsi, pazienteak atzera egin duelako edo prozesuan zehar hil egin delako. Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea medikuntzako, erizaintzako, zuzenbideko, psikologiako eta gizarte-laneko 25 profesionalen diziplina anitzeko talde batek osatzen du, eta funtsezko zereginak betetzen ditu, besteak beste, eskaerak ebaluatzea, erreklamazioak ebaztea, etab.

Aldaketak profilean eta sarbidean: aurretiazko borondateen dokumentua

Txostenaren azterketa kualitatiboak, gainera, aldaketa garrantzitsu batzuk dakartza prestaziora sartzeko profilean eta moduan. Horrela, ikusten da Aurretiazko Borondateen Dokumentuaren (ABD) pisua handitu egin dela, eskaeren % 20,8an erabili baita, eta horrek berretsi egiten du bizitzaren amaieran erabakiak aldez aurretik planifikatzeko joera gero eta handiagoa dagoela.

Eskatzaileen batez besteko adina 75 urtekoa da, 27-98 adin-tartekoa, eta horietatik ia bi herenek (% 63,7) arreta aringarria jaso zuten gaixotasunean zehar. Eskaeren motiboei dagokienez, pairamen kroniko eta eragozleak dira nagusi (% 58,3), gaixotasun larri eta sendaezinen kasuen aldean (% 41,7). Era berean, prestazioa egiten den inguruneek anitzak izaten jarraitzen dute (ospitalea, etxea edo eremu soziosanitarioa), sistema pertsonen borondatera egokitzen delako.

Lurraldeka, 22 eskaera egin ziren Araban (15 prestazio), 45 Bizkaian (26 prestazio) eta 53 Gipuzkoan (37 prestazio).

Informazio-sistema berria eta antolamendua indartzea

Bestetik, 2025. urteak aurrerapauso nabarmena ekarri du antolamenduaren eta teknologiaren ikuspegitik. Aldi honetan, Euskadiko Eutanasiaren Informazio Sistemaren (SIEE) hedapena sendotu da. Tresna honek aukera ematen du prozesu osoaren ikuspegi integrala izateko, denbora errealean, hasierako eskaeratik azken ebazpenera arte.

Sistema honen osagarri izateko Eutanasiaren Unitate Teknikoa sortu da, 2025eko ekainetik operatiboa, profesionalei ematen zaien laguntza zentralizatzen duena eta euskal osasun-sistema osoan prestazioaren aplikazio homogeneoa bermatzen laguntzen duena. Tresna hauek eskaera guztien trazabilitate osoa ahalbidetzen dute lehen aldiz, hasieratik azken ebazpenera arte.

Konpromiso instituzionala

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Eutanasiaren Legea Euskadin aplikatzeko konpromisoa berresten du memoria honekin, pertsonen autonomiarekiko errespetua, asistentziaren kalitatea eta bizitzaren amaierako prozesuetan laguntzea lehenetsita. Konpromiso hori Euskadiko Osasun Itunaren printzipioetan jasotzen da, pertsona ardatz duen osasun-arreta, kalitatearen etengabeko hobekuntza, eta asistentziaren ibilbide osoan zehar eskubideak bermatzea sustatzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)