- Euskadin ekoizten diren elikagaien elikadura-segurtasuna bermatzeko tresna da
- Administrazioen arteko koordinazioa hobetzen du eta gardentasun handiagoa eskaintzen dio herritarrari
- Eguneratze honek nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan kontrol ofizialerako programa berriak jasotzen ditu
Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpena argitaratu du, Euskadiko Elikadura Katearen Kontrol Ofizialerako Plana (EKOP) eguneratzeko, 2026-2030 aldirako.
Autonomia-erkidegoko Kontrol Ofizialerako Plan hau euskal ekoizpen- sektorean elikadura-segurtasuna bermatzeko tresna da, eta, ondorioz, ekoizten ditugun elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonen osasunaren babes maila handia ziurtatzen du.
Elikagaien eta pentsuen kalitateari buruz EBk eskatzen dituen araudi-baldintzak betetzeko estrategia orokor gisa garatu da, bai eta Euskadin elikagaien eta pentsuen kontrol ofizialean inplikatutako agintari guztien arteko integrazio eta koordinazio beharrak asetzeko ere.
Lortutako dokumentua Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren, foru aldundietako nekazaritza eta abeltzaintza arloetako sail eskudunen eta Elika Fundazioaren arteko lankidetza-lanaren emaitza da. Erakunde horiek plana gure ekoizpen-sistemen errealitatera eta euskal administrazioaren eskumen-egiturara egokitu dute.
Lehenengo Autonomia-erkidegoko Plana (2016-2020) irailaren 16an argitaratu zen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren agindu bidez, eta aurrerapauso handia izan zen administrazioen arteko koordinazioan eta lankidetzan, elikadura kate osoan egiten diren kontrol ofizial guztiak integratzeko. Prozesu horretan hutsuneak eta gainjartzeak atzeman ziren, eta kontrol ofizialerako eskuragarri zeuden baliabideak optimizatu ziren. 2021ean plana eguneratu zen 2021-2025 aldirako, berriki amaitu dena.
2026-2030 aldirako eguneratze honen berrikuntza nagusia kontrol ofizialerako programen kopurua 19ra handitzea da, honako kontrol-arlo hauek barne hartuta:
- Arrantza: arrantza erauzketako lehen mailako ekoizpenean eta akuikulturan garbiketa.
- Nekazaritza: nekazaritzako lehen mailako ekoizpenean garbiketa eta fitosanitarioen erabilera, landare-osasuna, produktu fitosanitarioen merkaturatzea, GMOen borondatezko askapena eta giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuen erabilera ongarrien ekoizpenean.
- Abeltzaintza: abeltzaintzako lehen mailako ekoizpenean eta esne gordinean garbiketa, animalien ongizatea, animalien elikadura, animalien identifikazioa eta erregistroa, albaitaritza-sendagaien hondakinen ikerketa, ugalketarako produktuen establezimenduen kontrola eta erkidego barruko mugimenduak egiten dituztenen kontrola, baita giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuen kontrola ere establezimenduetan eta garraioan.
- Kalitatea: elikagaien kalitatea, kalitate bereizia eta ekoizpen
Autonomia-erkidegoko plan hau martxan jartzearen beste lorpen handietako bat kontrolen homogeneotasuna da Euskal Autonomia Erkidego osoan, baita hartzen dituen sektore guztietan ere. Horrez gain, gardentasuna handitu da herritarren aurrean, egindako kontrol ofizialaren berri ematen baita programak eta lan-prozedurak argitaratuz, bai eta planaren urteko betearazpen-txostenak ere.
Plana, eguneratze berriak eta urteko txostenak barne, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean argitaratuta dago:
Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana 2026-2030
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)