Euskadi Lagunkoia Berriko udalerriek Donostian egin den alkateen nazioarteko topaketan parte hartu dute

Argitalpen-data: 

Euskadi Lagunkoia Berriko udalerriek Donostian egin den alkateen nazioarteko topaketan parte hartu dute

Donostiak munduko hainbat herrialdetatik etorritako alkate eta udal-ordezkarien nazioarteko topaketa hartu du astelehen honetan. Ekitaldia Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Kongresuaren atariko jarduera gisa antolatu da, egunotan Gipuzkoako hiriburuan egiten ari den nazioarteko hitzorduaren testuinguruan.

Harrera instituzionalean mundu osoko ia hogeita hamar udal-arduradun bildu dira, biztanleriaren zahartzearen erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko, esperientziak trukatzeko eta tokiko politiketan garatzen ari diren ekimen berritzaileak ezagutzeko. Topaketak agerian utzi du tokiko administrazioek funtsezko zeregina dutela adin guztietako pertsonentzat inklusiboagoak, irisgarriagoak eta lagunkoiagoak diren komunitateak eraikitzeko.

Jardunaldian Euskadi Lagunkoia Berria sareko hainbat udalerrik ere parte hartu dute. Horien artean, Donostia-San Sebastián, Azkoitia eta Amurrio udalerrietako ordezkariek, sareko beste udalerri batzuekin batera, Euskadin garatutako esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko aukera izan dute. Ekimen horien bidez, adinekoen parte-hartzea sustatzen da, komunitate-sareak indartzen dira eta adin guztietarako ingurune lagunkoiagoak eraikitzen dira.

Nazioarteko topaketa honek, gainera, herrialde ezberdinetako udalerrien arteko lankidetza sendotzeko eta Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako Hiri eta Komunitate Lagunkoien Mundu Sarearen baitan egiten ari den lana ikusgarri egiteko balio izan du.

Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Kongresuak mundu osoko erakundeetako ordezkariak, ikertzaileak, profesionalak eta gizarte-eragileak bilduko ditu datozen egunetan Donostian. Kongresuan parte-hartze soziala, irisgarritasuna, zaintzak, inklusio digitala, jasangarritasuna eta zahartze osasungarria bezalako gaiak jorratuko dira.

Kongresua Euskadin egiteak, halaber, Euskadi Lagunkoia Berria sareko udalerriek urteotan erakutsi duten konpromisoaren aitortza ere badakar. Izan ere, sarea erreferente bihurtzen ari da pertsona guztientzat, eta bereziki adinekoentzat, komunitate inklusiboagoak, parte-hartzaileagoak eta lagunkoiagoak sustatzeko bidean.