Europa Hegoaldean aurrez eman diren etxebizitza larrialdietako esperimentu kolektiboak berreskuratu ditu Euskadiko Arkitektura Institutuak

Argitalpen-data: 

Pablo_Garcia_Astrain__Mari_Jose_Telleria__Maria_Garcia__Moises_Puente_y_Jose_Angel_Medina__junto_a_la_exposicion.jpg
  • Marrazkien, argitalpenen, kartelen eta pankarten, argazkien, planoen, maketen eta ikus-entzunezkoen bidez esperientzia erradikalak dokumentatzen ditu “Hiria, lehian” erakusketak, 1949 eta 1976 urteen artean Italian, Espainian eta Portugalen eman zen etxebizitza-eskasiaren aurrean arkitektura modu kolektiboan nola jorratu zen jasotzen dutenak
  • María García Ruiz eta Moisés Puente dira erakusketaren komisarioak eta Bartzelonako Udalaren La Virreina Centre de l’Imatge-n aurkeztu ondoren iritsi da institutura
  • Ekainaren 14ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, eta familiei zein helduei zuzendutako tailerrak eta apiriletik maiatzera egingo den hitzaldi ziklo batek osatutako programazioa izango du osagarri

Zein izan zen arkitektura eta biztanleen erantzun partekatua etxebizitza gabeziaren aurrean testuinguru politiko historiko ezberdinetan? Etxebizitzaren inguruko galdera honi eta beste batzuei erantzuten die gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan inauguratu den “Hiria, lehian. Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen inguruko esperimentu kolektiboak (1949-1976)”  erakusketak. Ekainaren 14ra arte egongo da irekita, eta arkitektura oinarrietatik eta komunitateetatik abiatuta, beste garai eta latitude batzuetako etxebizitza-eskasiaren arazo larriak konpontzeko sortu ziren esperientziak aurkezten ditu. Hausnarketa horietan parte hartu zuten, besteak beste, Pier Paolo Pasolini edo Adalberto Libera bezalako figurek Italian; Espainian Aita Llanosek edo Francisco Javier Sáenz de Oízek; eta Portugalen Elvira Leitek edo Álvaro Sizak.

Erakusketa María García Ruiz eta Moisés Puentek komisariatu zuten Bartzelonako Udalaren Virreina Centre de la Imatge-rentzat. Erakusketak XX. mendeko hiru esparru politiko nagusi aztertzen ditu: gerraosteko Italiako berreraikuntza neorrealista, Madril frankistako poblados dirigidos izeneko auzoak, eta Portugalen Krabelinen Iraultzaren ondorengo SAALen esperimentuak (Serviço de Apoio Ambulatório Local: Tokiko Laguntza Ibiltarirako Zerbitzua).

Erakusketak jatorrizko eduki batzuk aurkezten ditu, hala nola Apirilaren 25eko Dokumentazio Zentroaren eta Marques da Silva Fundazioaren maketak eta kartelak, eta 30 erakunde baino gehiagok kontserbatutako piezen erreprodukzioekin osatuta dago: Centre Pompidou, MoMA, Serralves Fundazioa, Portoko Arkitektura Etxea, Mitma, Saenz de Oiza artxiboa eta Madrilgo Erkidegoko Eskualdeko Artxiboa, besteak beste.  Aurkezpenean, José Ángel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak adierazi du erakusketa bereziki egokia den une batean iritsi dela: "Etxebizitzaren egungo krisia kontuan hartuta, oso egokia da aztertzea nola, iraganeko larrialdi egoeretan, estatu-eredu desberdinek irtenbide anitz sortu zituzten, ikuspegi kolektiboan oinarrituta". Medinak azpimarratu du, halaber, erakusketak institutuak etxebizitzaren arloan egiten duen lan-ildoari jarraipena ematen diola, 2025ean "Elkarbizitzen. Europako Etxebizitza Kolektiboaren Saria” aurkeztu eta gero.

Bestalde, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak nabarmendu duenez, "etxebizitza eta arkitektura estuki lotuta daudela frogatzen eta erakusten du erakusketa honek, hala nola, arkitekto entzutetsuak etxebizitzaren aldeko borrokan konpromisoz trebatzen direla, beraien ofizioa zerbitzutza gisa, arkitektura konpromiso modura eta etxebizitza kausatzat hartuta". García Astrainek azaldu duenez, "erakusketa honek hiria izateko eskubideaz eta arkitekturarako eskubideaz hitz egiten digu; eskubide horiek nola lortu eta nola gauzatu aztertzen du", gaineratu du.

Erakusketaren hiru ardatzak: Italia, Espainia eta Portugal

Erakusketa institutuko bi aretotan egituratzen da, Italiako eta Espainiako testuinguru historiko desberdinak lehen aretoan aurkezten dira eta bigarren espazioa Portugali erreserbatuta dago SAAL prozesuari protagonismo handiagoa emateko, hori baita proposamenen artean erradikalena eta ezezagunena. Italian, gerraosteko Erroman eta INA-Casa Planean (1949-1963) jartzen da fokua, XX. mendeko Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen lehen plan handia. Erakusketak ezagutzera ematen ditu borgate ufficiali delakoak: Mussoliniren faxismoak hiriaren erdigunetik kanporatutako komunitateei ostatu emateko sortutako Erromako hiri bazterretako etxebizitza-multzoak. Halaber, INA-Casa etxebizitza-planak paradigma-aldaketa nola ekarri zuen aurkezten du erakusketak, Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen lehen plan handia, arkitektura neorrealismoaren iruditeria herrikoiari lotutako formen laborategi bihurtu zuena. Borgateen miseria sozial eta estetikoa samingarria zen, baina, paradoxikoki, bizitasun gune bat zen. Dualtasun horrek Pier Paolo Pasolini bezalako intelektualak erakarri zituen, eta errealitate hori dokumentatu zuen Rodrigo Paisen hainbat argazkirekin batera areto honetan ikusgai dagoen  "Una vita violencia" eleberriarekin batera. Erroma moderno bat eraikitzeak bizimodu bereziak suntsitzen zituela kritikatu zuen Pasolinik, eta homogeneotasun kultural bat ezartzen zuela salatu zuen.

Testuinguru sozial horren aurrean, gerraosteko gobernu italiarrak etxebizitza publikoa eraikitzeko eta enplegua sortzeko INA-Casa plan nazional handia sortu zuen 1949an, lehen aldiz arkitekto ezagunak etxebizitza sozialen eraikuntzan inplikatuz. Horien artean zegoen Adalberto Libera, Italiako mugimendu modernoaren erreferentziazko arkitektoa.

INA-Casak ekarri zuen paradigma-aldaketaren bi adibide erakusten dira "Hiria, lehian" erakusketan. Adalberto Liberak sortu zuen Tuscolano auzoa da horietako bat: Etxebizitza mistoen multzo bat da, patio-etxeak eta altuerako apartamentuak dituena. Eman zen aldaketa ikus daiteke bertan, arkitektura oso adierazkorra eta lerro modernoak baititu, biztanleentzako elkarguneak asko zaintzen dituena. Centre Pompidouko krokisen erreprodukzioek, argazki historiografikoek eta planoek joan den mendearen erdialdeko errealitate horretara hurbiltzen gaituzte. Halaber, Accademia Nazionale di San Lucca-tik ekarri diren Tiburtino auzoaren planoak eta argazkiak erakusten dira, Mario Ridolfi eta Ludovico Quaroniren lanak.

Herrixkak, esperimentazio eta autokudeaketa eremuak

Espainiari dagokion eremuan, 50eko hamarkadako Madril frankistan sortutako herrixkak erakusten dira. Areto honetako pieza nagusia mosaiko bat da, Madrilgo Hiri Antolaketarako Komisaldegiaren azpietxebizitzen erroldako hainbat fitxarekin eginda dagoena. Mosaikoak erakusten duenez, erregimenak txabola-herri horien inguruan zituen kezkak gehiago zentratzen ziren biztanleriaren kontrol moralean, osasun edo populazio metaketetan baino.

El Pozo del Tío Raimundoren kasuak — gaur egun Entrevías auzoa — erakusten du Aita Llanosen iritsierak autokudeaketa eta esperimentazio kolektiboko prozesu bat bultzatu zuela, biztanleen bizi-baldintzak hobetu zituena. Italian gertatu zen bezala, garaiko arkitekto erradikalenetako batzuek etxebizitza sozialak eraikitzen lagundu zuten. Hala gertatu zen Javier Saenz de Oizarekin, non Entrevías auzorako gauzatu zuen proiektua ikus daitekeen “Hiria, lehian” erakusketan. Bertan ikusi daitekeenez, gobernu frankistak etxebizitza sozialen eraikuntza sustatzen zuen bitartean, autogestio-mugimenduak garatzen eta indarra hartzen joan ziren, hala nola SUT-aren eskutik. SUT Lanaren Unibertsitate Zerbitzuak 14.000 ikasle inguru mobilizatu zituen 1950 eta 1969 bitartean 500 auzolandegi baino gehiagotan.

SUT-ak sustatutako igandeetako lanetan, unibertsitateko ikasleek beren auzuneak eraikitzen laguntzen zieten langileei. Lan horiei esker «prestazio pertsonala» eskuratzen zuten langileek, eta horrekin, diruz lagunduta ez zegoen etxebizitzaren portzentajea ordaintzen duten. "Hiria, lehian"-en zati honetan erakusten den dokumentazioa Lanaren Unibertsitate Zerbitzuaren Lagunak elkartearen herritarren lanari esker berreskuratu da. Hala, elkarte honetako kideekin erakusketaren inguruko topaketa bat egingo da ekainaren 3an, erakusketa ixteko antolatu den programaren barruan. Orcasitas eta Caño Roto herrixken dokumentazioa ere erakusten da erakusketan, eta bertan zehazten da zein eraikuntzatan parte hartu zuen SUT-ak. 

SAAL

Bigarren aretoa Portugali eta SAAL (Serviço de Apoio Ambulatorório Local) programari soilik  eskainia dago. Programa hau Portugaleko behin-behineko gobernuak sortu zuen 1974ko abuztuan, Krabelinen Iraultzaren ondoren. Porto bezalako hirietan, etxebiztza gabezia arazo larriak zituzten komunitateei lagundu zien proiektuak, eta XX. mendeko Europako arkitekturaren historian herritarren parte hartze esperimentu erradikalenetako bat izan zen. 26 hilabeteko epean 40.000 seniderentzako 170 etxebizitza-proiektu baino gehiago eraikitzera iritsi zen SAAL programa. Etxebizitzarako eskubidearen aldeko manifestazioei lotutako kartelak eta pankartak ikusi daitezke erakusketan, baita SAAL-eko brigadisten aktak, txartelak eta petaginak eta prozesu horren liburu zuria.

Aurreko kasuetan bezala, gaur egun goraipatuak izan diren arkitekto gazteek ere parte hartu zuten SAAL-en, hala nola Álvaro Sizak, inplikazio politiko eta sozial handiarekin, brigadista eta iniziatiba honetako parte-hartzaile guztiek bezala. Hala, SAALek  herrialdearen iparraldean izan zuen eraginean zentratzen da "Hiria, lehian", Porto hiriko Sao Victorreko etxebizitzak bezalako obrak erakutsiz. Proiektu honek ezin hobeto erakusten du Ilha Proletaria kontzeptua, lehen industrializazioko langile-etxebizitzei lotua. Sizak kontzeptu hori kontzeptualki zein materialki erabili zuen, lehen industrializazioko langile-etxebizitzen multzo isolatuak hiriko gainerakoekin lotuz. Halaber, Portugali eskainitako atalak Nuno Portas, Álvaro Siza eta Alexandre Alves arkitekto ezagunek Italiara egindako bidaia jasotzen du. Arkitekto horiek estatu horretara joan ziren SAAL-en izandako esperientziak arkitektura eskoletan partekatzeko.

Azkenik, SAALen amaiera azaltzen duen epilogo batekin amaitzen da erakusketa. Mugimendua orokorrean amaitu egin bazen ere, Portoko auzorik xumeenetako batean iraun egin zuen, eta bertan, Elvira Leite artista eta pedagogoak, komunitate horretako haurrekin proiektu esperimental bat hasi zuen. Proiektu horrek 2 urte inguru iraun zuen, eta bertan kalean egiteko proposamen kolektiboak planteatzen ziren, oso baliabide gutxirekin eta imaginazio handiarekin. Espiritu hori bera izango da maiatzaren 23an eta ekainaren 13an egingo diren "Express yourself" tailerraren ardatza.

Programa osagarria

Erakusketarekin batera, publiko familiarrari eta espezializatuari zuzendutako jarduera-programa bat aurkeztu da. Tailerrei dagokionez, 'L con H/Express Yourself' izenburu orokorrarekin, bi jarduera-mota proposatzen dira 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta familientzat zein helduentzat, 11:30etik 13:00etara, doan eta formatu elebidunean. 

Apirilaren 18an eta 25ean egingo diren 'L con H' tailerrak Rafael Leoz arkitektoaren 'Hele' moduluaren aukera konbinatorioak aztertzea proposatzen dute. Modulu hori 60ko hamarkadan Espainian garatutako eraikuntza modularrari buruzko ikerketa bat da, etxebizitza soziala industrializatzea bilatzen zuena, aldakortasun espazialari uko egin gabe. Maiatzaren 23rako eta ekainaren 13rako antolatutako 'Express Yourself' tailerrek kartelak, pankartak eta paskinak modu kolektiboan ekoiztera gonbidatzen dute, SAALen errebindikazio-espiritua eta Elvira Leite artista eta pedagogoaren figura erreferentziatzat hartuta. Izen-emateak doakoak dira eta edu@eai.eus helbidera idatziz egin daitezke.  Horrez gain, Euskadiko Arkitektura Institutuak erakusketaren edukiekin lotutako hitzaldi-ziklo bat eskainiko du, maiatzaren 6 eta 20rako eta ekainaren 3rako aurreikusitako saioekin, erakusketa ixteko programa gisa, SUT-eko kideen parte-hartzearekin. Hizlariei eta gaiei buruzko xehetasunak laster iragarriko dira www.eai.eus webgunean.

Komiosarioei buruz

María García Ruiz artista bisuala eta ikertzailea da, arkitekturan lizentziatua, arte eta diseinuko ikerketako masterra duena eta filosofiako doktoregai dena. Bere jarduna arkitekturaren eta pentsamendu kritikoaren bidezko ikerketa artistikoan oinarritzen da, gorputzaren, espazioaren eta gatazkaren arteko harremanak aztertuz. Besteak beste, Vienako Secessionen, Leongo MUSACen edo Tenerifeko TEAn egindako erakusketa-proiektuetan parte hartu du. Moisés Puentek arkitektura ikasi zuen A Coruñako, Erromako eta Bartzelonako eskoletan, eta ibilbide luzea egin du arkitektura-editore gisa Editorial Gustavo Gilin eta 2G aldizkariko zuzendari gisa. 2016an Puente Editores sortu zuen, arte eta arkitekturari buruzko saiakeretan espezializatutako argitaletxea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)