- Ipar Euskal Herriko eragileek zubi estrategiko gisa jardungo dute euskal sorkuntza lurralde frankofonoetan proiektatzeko
- Nazioarteko 15 jaialdi eta programaziotan hartuko dute parte euskal sortzaileek 2026an Ça colle au basque egitasmoaren baitan
- Ikuskizun eta emanaldiez gain, interbentzio artistikoak, sorkuntza egonaldiak, liburu aurkezpenak, topaketa profesionalak eta itzulpenak sustatzeko deialdi bat aurreikusten ditu programak
- Esparru akademikoan, bost unibertsitatetan eskainiko dira euskal ikasketak, Frantzian eta Quebecen
Etxepare Euskal Institutuak Ça colle au basque egitasmoaren 2026ko programa aurkeztu du gaur Biarritzen. Pasa den urtean abiatutako arnasa luzeko egitasmoa da Ça colle au basque, euskara, euskal kultura eta sorkuntza frantsesa hizkuntza komun duten lurraldeetan kokatzea, indartzea eta ikusaraztea, eta euskal kultur ekosistemarentzat aukera berriak sortzea helburu duena.
Ekitaldia Gare du Midi-n izan da, Malandain Ballet Biarritzen egoitzan, eta bertan hartu dute parte Ibone Bengoetxea lehen lehendakariode eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, eta egitasmoan lankide diren hainbat eragileren ordezkariek, hala nola, Arnaud Mahouy, Malandain Ballet Biarritzeko idazkari nagusiak, Damien Godet Akitania Hegoaldeko Eszena nazionaleko zuzendariak, eta Jon Koldo Vázquez, Artekaleko nazioarteko harremanen arduradunak. Bertan izan dira, baita ere, 2026ko programan protagonista izango diren dozena bat artista eta eragile: Deabru Beltzak, Harrobi Dantza Bertikala eta Osa + Mujika konpainia eszenikoak, Asier Altuna zinema zuzendaria eta Uharte Zentroa, ADDE, Musika Bulegoa, Bonat-Helleu Museoa eta Université de Pau et des Pays de l’Adour unibertsitateko ordezkariak, besteak beste.
Ça colle hau basque egitasmoaren lehen urtean, Bruselako Liburu Azoka, M pour Montreal jaialdia edota Quebeceko Maison de la littérature bezalako erakusleihoetan aurkeztu zen euskal kultura, eta euskal literatura espreski frantsesera itzuli eta argitaratzeko deialdia jarri zuen abian Institutuak, besteak beste. Maila akademikoan, nazioarteko kongresu bat antolatu zuen Parisko Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateetan, hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak ardatz. Eta maila instituzionalean, Quebec hirian egin zen Frankofoniaren Nazioarteko Biltzarrera gonbidatua izan zen Euskadi, munduko 93 herrialderekin batera.
Egitasmoaren bigarren urte honetan, Frantzia, Belgika eta Quebeceko 15 jaialdi eta programaziotan izango dira protagonista diziplina anitzetako euskal sortzaileak. Interbentzio artistikoak, liburu aurkezpenak, eta topaketa profesionalak ere aurreikusten ditu Ça colle au basque-ren 2026ko programak, baita bi sorkuntza-egonaldi ere.
Euskarazko literatura frantsesera itzuli eta argitaratzea ere sustatuko da horretarako espreski abiatutako deialdi batekin, bigarren urtez egingo dena.
Esparru akademikoan, berriz, Bordele, Paue, Paris eta Montrealen jada indarrean dauden euskal ikasketen programa eta katedrez gain, katedra berri bat abiatuko da Sorbonne unibertsitatean, Frantziako hiriburuan.
Aliantza-sare sendoa, eta Ipar Euskal Herria sarbide
Etxepare Euskal Institutuak 30 eragilek osatutako aliantza-sare sendoa aktibatu du 2026an ekintza hauek guztiak burutzeko, nazioartekoen eta tokikoen arteko elkarreragina sustatuz. Horietatik 17 frankofoniaren eremuko eragileak dira, eta beste 13 Euskal Herrikoak.
Horixe da, hain zuzen, egitasmoaren gakoetako bat: erakunde eta eragileekin lankidetza marko egonkorrak garatzea euskal kultura eta sorkuntza frankofoniaren zirkuitu, sare eta ekosistemetan txertatzeko.
Helburu horretan funtsezko rola jokatzen dute Ipar Euskal Herriko erakunde, eragile eta sortzaileek. Izan ere, testuinguru linguistiko eta egitura instituzional partekatuari esker, euskal kultura eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, unibertso horretara sarbidea erraztuz eta harremanak bideratuz. Era berean, azpimarratzekoa da Aktiania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak lankidetza egituratua garatzeko eskaintzen duen abagunea.
Zentzu horretan, Etxepare Euskal Institutuak lankidetza estuan dihardu Iparraldeko erreferentziazko eragileekin, eta 2026ko programa gauzatzeko ezinbesteko bidelagun dira Malandain Ballet Biarritz, Akitania Hegoaldeko Eszena nazionala, Baionako Euskal Museoa, Bonnat-Helleu Museoa eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea bera.
Lankidetza horren emaitza dira, besteak beste, Biarritzen Maitaldia - Le Temps d'Aimer la danse jaialdiaren baitan bigarren aldiz antolatuko euskal konpainia eszenikoen programazio berezia; Bilaka Kolektiboak Akitania Hegoaldeko Eszena nazionalarekin ekoitzitako sorkuntza berria, ondoren Akitania Berria eskualdean zehar bira egingo duena; eta Malandain Ballet Biarritz-ek, Parisko Théâtre des Champs-Élysées antzokiko dantza denboraldiaren baitan burutuko duen emanaldia.
Jaialdiak, programazioak, egonaldiak…
2026an euskal sorkuntza frankofoniaren eremuko 15 jaialdi eta programaziotan izango da ikusgai. Musikaren alorrean, esaterako, M pour Montréal jaialdian bi euskal artista arituko dira, eta industria topaketa bat egingo da Musika Bulegoarekin elkarlanean. Zinemaren esparruan azpimarratzekoa da amaitu berri den Festival du Cinéma Espagnol de Nantes (FCEN) jaialdian egon den partaidetza zabala (10 film luze, zazpi film labur eta telesail bat) eta Fenêtre Basque sailaren 25. urteurrena ospatzeko Nantesko operan egin den emanaldi berezia Karmele eta Elai Alai filmen proiekzio bereziarekin. Horrekin batera, azken urteetan Euskadiko Filmategiak zaharberritutako filmen zikloa egingo da Quebeceko Zinematekan (Montreal) eta hainbat ekoizpen aurkeztuko dira Quebec Hiriko Zinema Jaialdian (FCVQ), Zinebirekin lankidetzan.
Arte eszenikoetan, euskal konpainiek presentzia berezia izango dute Alès-eko (Frantzia) Cratère Surfaces jaialdian, Euskal Herria ohorezko gonbidatu izango baita. Artearen eremuan azpimarratzekoa da June Cresporen parte hartzea Lyongo Biurtekoan; eta literaturan, euskal idazle baten presentzia bermatua dago Quebec hiriko Maison de la littérature zentroan.
Bi sorkuntza egonaldi ere egingo dira. Lehenbizikoa, Bordeleko Zébra3 arte garaikide zentroan Damaris Pan artista bizkaitarrak egingo duena. Bigarrena, hautatzear den euskal koreografo batek (deialdia martxan da) Montrealgo Circuit-Est dantza sorkuntza zentroan burutuko duena.
Itzulpenak: frantsesezko bi edizio bidean
Euskarazko literatura frantsesera itzuli eta argitaratzea sustatzeko deialdia ireki du Etxepare Euskal Institutuak bigarren urtez, euskal idazleen lanak frankofoniaren merkatuetan zabaltzeko helburuz. Laguntza-lerro honek jatorriz euskaraz idatzitako obren itzulpena babesteaz gain, nazioartekotze-prozesuaren fase desberdinetan laguntza eskaintzen du: eremu frankofonoko argitaletxeen azterketa, lanaren lagin baten itzulpena —beharrezkoa bada—, eta, azkenik, argitaletxe batekin argitalpen-konpromisoa formalizatzea.
Deialdiaren lehen edizioari esker, lau literatura-lanen frantseserako edizioak bidean dira jada. Horietatik bi aurten merkaturatuko dira: Euri zitalari esker (Itxaro Borda) eta Aitaren etxea (Karmele Jaio).
Katedra berria Sorbonne unibertsitatean
Alor akademikoari dagokionez, 2026an euskara eta euskal kultura programak mantenduko dira Université Sorbonne Nouvelle, Sorbonne Université eta Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA) unibertsitateetan. Horrekin batera, euskal ikasketen katedrak indartuko dira Université Bordeaux Montaigne eta Montrealgo McGill unibertsitatean, eta katedra berri bat abiatuko da Parisko Sorbonne unibertsitatean, Esther Ferrer artistaren izena eramango duena.
Bestalde, 2025ean Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateetan burututako ‘Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer’ (Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu) nazioarteko kongresuaren emaitzak argitalpen batean bilduko dira, hizkuntza gutxituen inguruko ezagutza eta eztabaida akademikoa indartzen laguntzeko.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da, eta bere eginkizuna da euskara, euskal kultura eta euskal sorkuntza nazioartean proiektatzea, eta hauen bidez beste eskualde, herrialde eta kulturekin harreman sendo eta iraunkorrak eraikitzea. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, sortzaileen, artisten eta kultura eta sormen industrietako profesionalen mugikortasuna bultzatzen du, eta euskal ikasketak sustatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko lankidetza sustatzen du, bai kultura arloan bai unibertsitatearen esparruan.
Informazio gehigarria - Ça colle au basque 2026 programa
LITERATURA
Quebeceko Nazioarteko Poesia jaialdia (FIP), Québec
Harkaitz Canok hartu du parte martxoaren 5etik 7ra bitarte egin den Quebeceko Nazioarteko Poesia Jaialdian (FIP). Jaialdi hau poesia garaikidearen erreferentziazko topaketa bat da nazioartean, eta mundu osoko poetak biltzen ditu. Spoken Word Québec-ek, Maison de la littérature-rekin lankidetzan ekoitzia, programazioak irakurraldiak, performanceak, instalazioak eta solasaldiak uztartzen ditu, UNESCO Literatura Hiria den Quebecen.
Maison de la littérature, Québec
Urrian, Quebec hirian, Maison de la littérature-k euskal literaturari eskainiko dion programan hainbat euskal idazleren presentzia aurreikusten da, euskal sorkuntza literarioa frankofoniako irakurle eta eragileei hurbiltzeko helburuz.
Transpoesie, Brusela
Irailean, euskal idazle batek hartuko du parte Transpoésie jaialdian, Europako hizkuntza aniztasuna ospatzeko Bruselan EUNIC Europako kultura institutuen sareak sustatzen duen ekimenean. Halaber, 2027ko edizioan euskal literaturari leiho zabalago bat eskaintzeko helburuz, 2026ko edizioan prospekzio-bidaia bat antolatuko da.
MUSIKA
M pour Montréal, Montreal
Azaroan, bi euskal artistak hartuko dute parte M pour Montréal-en. Musika industriaren erreferentziazko hitzordu honek jaialdia, showcase-ak, industria-topaketak eta networking profesionala uztartzen ditu, artista eta taldeei nazioarteko programatzaile, agente eta eragileekin konektatzeko aukera eskainiz. Testuinguru horretan, bi showcase eta topaketa profesional baten bidez aurkeztuko da euskal musika, Musika Bulegoarekin lankidetzan eta Basque. Music. markaren aterkipean, euskal musikaren nazioarteko proiekzioa indartzeko helburuz.
Le Rocher de Palmer, Cenon – Bordele
Euskal musikak presentzia izango du Bordeleko Le Rocher de Palmer aretoan. Urte osoan zehar kontzertuak, jaialdiak eta sorkuntza-proiektuak hartzen dituen espazio honek lotura estua du sare profesionalekin, eta artista berrientzat zein ibilbide sendokoentzat nazioarteko zirkuituetara sartzeko plataforma gisa jarduten du.
ZINEMA
FCEN, Nantes
Martxoaren 21etik 29ra, Festival du Cinéma Espagnol de Nantes (FCEN) jaialdiaren baitako Fenêtre Basque sailaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia antolatu da. Ohiko film hautaketaz haratago (10 euskal film luze, Kimuakeko 7 laburmetrai eta telesail 1), Nanteseko operan Karmele eta Elai Alai filmak proiektatu dira, Asier Altuna zuzendariaren presentziarekin, eta Joserra Senperenaren zuzeneko musikak lagunduta.
Cinémathèque québécoise, Montreal
Montrealen kokatuta dagoen Cinémathèque québécoise-n euskal zinema klasikoaren ziklo bat eskainiko da udazkenean, ondare zinematografikoa nazioarteko publikoari hurbiltzeko eta euskal zinemaren historiari ikusgarritasuna emateko helburuz. Azken urteetan Euskadiko Filmategiak zaharberritutako filmen zikloa egingo da bertan: Tasio, Zergatik Panpox, Oraingoz Izenik Gabe, Hamaseigarrenean aidanez, 100 metro.
Festival de cinéma de la ville de Québec (FCVQ), Québec
Irailean, Festival de cinéma de la ville de Québec jaialdian, Kimuak programako film laburrak eta bi euskal film luze aurkeztuko dira, Zinebirekin lankidetzan.
EUNIC Film Festival
Urrian, Bruselan, EUNIC Film Festival programazioaren barruan euskal film baten proiekzioa aurreikusten da. EUNIC Europako kultura-institutuen sareak sustatutako jaialdi honek Europako zinema garaikidea nazioartean zabaltzea du helburu, eta herrialde desberdinetako filmak testuinguru partekatu batean aurkezteko plataforma kolektiboa da
ARTE PLASTIKOAK
Lyongo Biurtekoa, Lyon
June Crespo artistaren lana ikusgai egongo da iraila eta abendua bitartean egingo den Lyongo Biurtekoan, arte garaikidearen nazioarteko erreferentziazko hitzorduetako bat.
Kometak. Huarte Arte Garaikideko Zentroa, Uharte – Zébra3, Bordele
Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Zentroa eta Zébra3-rekin lankidetzan, Kometak egonaldi artistikoen programa gauzatuko da, Akitania Berria–Euskadi–Nafarroa Euroeskualdearen babesarekin. Bi norabideko egonaldi honek sorkuntza artistikoaren ikerketa eta esperimentazioa sustatzea du helburu, eta testuinguru horretan, apirilean, Damaris Pan euskal artistak Bordelen egingo du egonaldia, eta Matthias Briche-Malefond artista frantziarrak Uharte Zentroan. Egonaldietan garatutako sorkuntza-prozesuak publikoarekin partekatuko dira ondoren, mugaz gaindiko lankidetza eta nazioarteko sareen aktibazioa indartuz.
Asier Mendizabal: liburu aurkezpena Parisen
Asier Mendizabal artistak Recto Verso: An Anthology of Works and Writings argitalpenaren aurkezpena egingo du Parisen. Bere ibilbide artistikoan zehar egindako lanak eta testuak biltzen dituen liburua honek, Mendizabalen praktikaren dimentsio eskultorikoa, diskurtsiboa eta ideologikoa uztartzen ditu, artearen eta politikaren arteko harremanak aztertuz. Liburua Paraguay Press argitaletxe frantziarrak argitaratu du. Aurkezpenean Kim West eta Thomas Botoux izango dira hizlari, eta nazioarteko testuinguru kritiko bat eskainiko diote lanari. Ekitaldia Cité Internationale des Arts-en izango da.
Nader Koochaki: Museoa Urtu interbentzio artistikoa Frantzian zehar
Baionako Euskal Museoarekin elkarlanean, Nader Koochakiren Museoa Urtu interbentzio artistikoa Frantzian zehar ibiliko da, lurralde ezberdinetan bere proposamen esperimentala zabalduz. Proiektuak 54 joare berri biltzen ditu, metalezko joare eta tresna zaharretatik abiatuta sortuak, eta haien soinuen grabaketek osatzen dute lanaren dimentsio akustikoa. Artistak berak “eginkizun post-etnografiko” gisa definitzen duen proposamen honek ondarearen, memoriaren eta berrasmaketaren arteko harremanak jartzen ditu aztergai.
ARTE ESZENIKOAK
Cratère Surfaces, Alès
Uztailaren 2tik 4ra, Alès hirian egingo den Cratère Surfaces jaialdian Euskal Herria izango da ohorezeko gonbidatua, eta Focus Basque programazio bereziaren baitan euskal eszena garaikidearen erakusleiho zabala eskainiko da. Bertan, Rouge Elea, Bilaka Kolektiboa, Harrobi Dantza Bertikala, Deabru Beltzak, Osa+Mujika, Markeliñe eta Led Silhouette konpainiak arituko dira. Halaber, lau konpainia gaztek Outdoor Lab Experience formakuntza programan parte hartuko dute.
Circuit-Est, Montréal
Dantzerti, Circuit-Est koreografia zentroa, CALQ eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, dantza koreografoen egonaldi truke-programa garatuko da. Testuinguru horretan, euskal koreografo batek Montrealen egingo du egonaldia. Circuit-Est zentroan, 2026ko maiatzetik uztailera.
Fest’Arts, Libourne
Abuztuan, Libourneko Fest'Arts jaialdiaren baitako euskal leihoan Amaia Elizaran, Ertza eta Komerobi konpainiek hartuko dute parte, abuztuaren hasieran ospatzen den kaleko arteen nazioarteko jaialdian.
Maitaldia – Le Temps d’Aimer la danse
Irailean, Biarritzeko Maitaldia - Le Temps d’Aimer la danse jaialdiaren baitan, alde batetik, Saut de basque atalean sei euskal konpainiaren ikuskizunak eskainiko dira, eta bestetik, topaketa profesional bat antolatuko da ADDE-rekin lankidetzan, frankofoniaren eremuko programatzaileekin harremanak sustatzeko helburuz, euskal dantza konpainien lan berrien showcase baten bidez.
Théâtre des Champs-Élysées, Paris
Irailean Malandain Ballet Biarritz-ek Parisko Théâtre des Champs-Élysées antzokiko dantza denboraldia irekiko du hiru lanekin: Boléro (2001), Oiseu de feu (2021) eta Minuit demi (2021). Maurice Ravel, Igor Stravinsky eta Camille Saint-Saëns konpositore handien lanean inspiratutako sorkuntza koreografikoak.
CINARS Biannale, Montreal
Azaroan, Montrealen egingo den CINARS Biennale Ameriketako arte eszeniko azoka handienaren baitan, euskal konpainien eta ordezkarien presentzia sustatuko da, nazioarteko programatzaile eta eragile profesionalekin harremanak sustatzeko helburuz.
EREMU AKADEMIKOA
Université Sorbonne Nouvelle, Paris
Euskal ikasketen programa gauzatuko da.
Sorbonne Université, Paris
Euskal ikasketen programa gauzatzearekin batera, Esther Ferrer artistaren izena daraman euskal ikasketen katedra berria datozen hilabeteetan abiatuko da.
Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA), Paue
Euskal ikasketen programa gauzatuko da.
Université Bordeaux Montaigne, Bordele
Itxaro Borda idazlea izango da Jean Haritschelhar katedrako gonbidatua.
McGill University, Montreal
Elbira Zipitria euskal ikasketen katedraren baitan Gorka Espiau ikerlariak programa akademiko bat gauzatuko du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)