Etxebizitza Sailak 500 milioi euroko muga gainditu du 2027ko aurrekontuan baliabide propioekin, eta 5.174 etxebizitza berri egingo dira, hots, legegintzaldiaren amaierarako helburuaren % 74

Argitalpen-data: 

El_consejero_Itxaso__durante_su_intervencion.jpg
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 504,1 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, MRR funtsak amaitu ondoren baliabide propioekin finantzatua, eta, Itxasoren hitzetan, “alokairuko 7.000 etxebizitza babestu egiteko konpromisoa lortzea eta gainditzea” ahalbidetuko duena
  • 413,1 milioi euro (Etxebizitza Programaren % 83,8) alokairura bideratuko dira, eta, aurreikusitakoaren arabera, 2027an 1.840 etxebizitza babesturen eta zuzkidura-apartamenturen obrak lizitatuko dira
  • Kontuek 83 milioi euro bideratuko dituzte Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboko prestazioetara, eta 30 milioi euro Gaztelagunera, baldintzak betetzen dituztenei laguntzeko zuzkidura zabalgarriekin
  • Hiru lege-erreformari esker, lurzorua esleitu ahal izango da Etxebizitzaren Gizarte Funtsera, BOEen babesa luzatu ahal izango da eremu tentsionatuetan, eta haien salerosketak antolatu ahal izango dira higiezinen agentzia publiko baten bidez. Era berean, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuetan sartuko du, udalekin eta etorkizuneko LAParekin koordinatuta bizitegi-jarduera estrategikoen garapena arintzeko

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok bere Sailaren 2027rako aurrekontu-proiektua —504,1 milioi eurokoa— aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Proiektuak baliabide propioetako 504,1 milioi euro mobilizatuko ditu. 2026. urtean, 422,1 milioi euro izan dira, eta, beraz, % 19,4ko igoera izango du aurrekontuak, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) Europako funtsen ekarpena amaitu den arren. “Euskadik ez du atzera egiten Europako funtsak desagertzen direnean. Euskadik areagotu egingo du bere konpromisoa baliabide propioekin”, adierazi du. Itxasok esan duenez, etxebizitza eskuratzeko arazoa pertsonarik kalteberenak zein enplegua duten gazteak, langileen familiak eta erdi-mailako klaseak eraginpean hartzen dituen krisia da. “Aurrekontu bat ez da zifren taula bat, besterik gabe. Lehentasun-adierazpen bat da”, adierazi du. Testuinguru horretan, erantzun jarraitu baten alde agertu da: “Etxebizitzaren krisiak ez du aldizkako politikarik onartzen”.

Proiektuak alokairu babestua eta eskuragarria handitzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko, prestazioak indartzeko eta dagoen parkea birgaitzeko finantzaketa biltzen du. Ahalegin horri EAEko Etxebizitzaren Legean lurzoruaren eta etxebizitza babestuaren gaineko esku-hartze publikorako ahalmena handitzeko egindako hiru aldaketa gehitu behar zaizkio.

Etxebizitza Programak 493,1 milioi euro izango ditu. 2026ko oinarriari hiri-berroneratzea gehitzen dion konparazio homogeneo batean, igoera 60,8 milioi eurokoa da (% 14,06). Zuzkidura horretatik, 413,1 milioi euro (guztizkoaren % 83,8) Alokairu Programa finantzatzera bideratuko dira.

 “Alokairu eskuragarriak edozein etxebizitza-politika serioren egiturazko atal izan behar du”, adierazi du sailburuak. 2027. urterako aurreikuspenen arabera, 1.840 zuzkidura-apartamenturen eta babes publikoko etxebizitzaren obrak abiaraziko dira: 279 Sailak sustatuko ditu zuzenean, eta 1.561 Visesak. Hasiera horiek obren lizitazioari dagozkio; fase hori behin-behineko kalifikazioa edo sustapenen hasiera administratiboa baino aurreratuagoa da. Zuzeneko sustapeneko zorroak 3.655 etxebizitza eta apartamentu biltzen ditu, hots, aurreikusitakoaren arabera 2027an hasiko diren 1.840ak eta aurreko ekitaldietako 1.815ak. Haiei guztiei alokairu eskuragarria sustatzeko 40,3 milioi euroko zuzkidura duen programako 952 etxebizitza gehitu behar zaizkie; haietatik, 610 2027an emango dira. Guztira, bi lerro horiek garapen-fase desberdinetan dauden 4.607 etxebizitza eta apartamentu biltzen dituzte. Kopuru hori 5.174 etxebizitza eta apartamentura iristen da, Benta Berriko 510 etxebizitzak eta Kutxabanki erositako 57ak kontuan hartuz gero.

Lurraldeak kontuan hartuta, Araban 683 etxebizitza berri hasiko dira: 29 BOE Laudion, 58 BOE Agurainen, 23 BOE Oionen, 167 BOE + 130 etxebizitza sozial Gasteizko Salburua auzoan eta 276 BOE Zabalgana auzoan. Haiei guztiei gaur egun Gasteizen, Laudion eta Eltziegon obretan dauden beste 465 etxebizitza gehitu behar zaizkie. Beraz, zuzenean sustatutako 1.148 etxebizitza izango dira guztira. Gainera, 2027an alokairu eskuragarriko programako 522 etxebizitza entregatuko dira, eta beste 173 egikaritzen hasiko dira (guztiak Gasteizen). Hortaz, guztira 1.843 etxebizitza jarriko dira abian Araban.

Bizkaian, berriz, 187 etxebizitza egiten hastea aurreikusi da: 75 BOE Muskizen, 40 BOE Abanto-Zierbenan eta 72 BOE Zorrotzaurren. Beste 847 dagoeneko eraikitzen ari dira Bilbon, Ortuellan eta beste eremu batzuetan. Guztira, zuzenean sustatutako 1.034 etxebizitza izango dira, eta haiei Bilboko, Derioko eta Barakaldoko beste 257 etxebizitza gehituko zaizkie alokairu eskuragarriko programaren barruan. Hortaz, 1.291 etxebizitza jarriko dira abian lurraldean.

Azkenik, Gipuzkoan 970 obra berri hasiko dira: 472 BOE Irunen, 44 BOE Zumarragan, 190 BOE Ordizian, 80 BOE Andoainen, 71 BOE Azkoitian, 16 BOE Azpeitian, 30 BOE Soraluzen, 27 BOE Errenterian eta 40 zuzkidura-apartamentu Eibarren. Haiek guztiak Tolosan, Donostian, Zumarragan, Lezon, Ordizian eta Beizaman eraikitzen ari diren 503 etxebizitzei gehituko zaizkie, eta 1.473 etxebizitza izango dira guztira.

Aurreikusitako eragiketen artean, arestian aipatutako Benta Berriko 510 etxebizitzen erosketak daude, 100 milioi euroko zenbatekoa dutenak eta 2027an eta 2028an aurrekontu-eragina izango dutenak. Halaber, Kutxabanki 5,7 milioi eurotan erositako 57 etxebizitzak aipatu behar dira.

10.000 etxebizitzarako lurzorua eta egungo parkearen babesa

Planteatutako lehen lege-erreformak lurzoruak zuzenean Etxebizitzaren Gizarte Funtsera esleitzeko aukera gaituko du. Tresna hori lurzoruaren erreserba estrategikoari lotuta dago, eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez eta plangintza publikopean, funtsean langile-klaseei eta erdi-mailako klaseei zuzendutako alokairu eskuragarriko 10.000 etxebizitza berri bultzatzeko aukera emango du. “Betiko babestutako etxebizitzez ari gara, beti alokairu eskuragarrira bideratuak eta arau publikoen mendekoak”, zehaztu du Itxasok. Sailburuak lursailen eskuragarritasuna aurreratu behar dela adierazi du: “lurzorurik gabe ez dago eskala handiko alokairu eskuragarririk”.

Bigarren aldaketak 2003. urtea baino lehenagokoak diren, eremu tentsionatuetan dauden eta 2027. urtetik aurrera babesa gal dezaketen etxebizitza babestuen aldi baterako kalifikazioa luzatzea proposatzen du. Helburua da parke hori merkatu librera ez igarotzea, hain zuzen ere prezioen gaineko presiorik handieneko lekuetan. “Etxebizitza-politika ez datza gehitzean soilik. Ez galtzean ere badatza”, azpimarratu du. “Ez luke zentzurik izango herritarrei gero eta aurrekontu-ahalegin handiagoa eskatzea etxebizitza babestu berriak eraikitzeko, lehendik dagoen parkearen zati bati ihes egiten uzten diogun bitartean”.

BOEen salerosketa antolatzeko higiezinen agentzia

Hirugarren tresna etxebizitza babestuen inguruko higiezinen agentzia publiko bat da, bigarren mailako merkatua antolatzeko helburua duena. Proposamenak aukera emango du partikularren artean eskualdatzen diren etxebizitzak nork erosi behar dituen zehazteko, Etxebiden erosketa-eskatzaile gisa inskribatutako pertsonen artean eta bizikidetza-unitatearen beharrak, erregistroko antzinatasuna eta errenta kontuan hartuta.

Euskadin mila etxebizitza babestu pribatu inguru saltzen dira urtero. Neurriaren bidez, esleipen gardenak bermatu eta ezkutuko gainprezioei aurre egin nahi zaie (hala nola altzarien nahitaezko erosketen bidez eskatutakoei). “Etxebizitza babestua ezin da abantaila publiko baten gainean eraikitako abusu pribatuko espazio bihurtu”, ohartarazi du Itxasok.

Aurrekontuekin batera doazen hiru lege-aldaketa horiez gain, sailburuak aurreratu du Eusko Jaurlaritzak 2027an zuzenketa bat egingo diola gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari den jarduera ekonomiko jasangarria sinplifikatu eta arintzeko lege-proposamenari, goi-mailako interes publikoko proiektuek babes publikoko etxebizitzetarako bizitegi-jarduerak ere jaso ahal izan ditzaten.

Tresna berri horri esker, Gobernu Kontseiluak, bere interes orokorra eta etxebizitza babestuaren eskaerari erantzuteko egiten duen ekarpena justifikatu ondoren, jarduketa estrategikoak onartu ahal izango ditu, lurralde- eta hirigintza-plangintzan integratzen laguntzeko, betiere legezko bermeak eta erreserbak errespetatuz. Itxasok azpimarratu du ekimen hori udalekin koordinatuta eta etorkizuneko Etxebizitzaren Lurralde Plan Sektorialarekin lotuta garatuko dela. Plan horrek aukera emango du udalerri bakoitzaren bizitegi-beharrak identifikatzeko, lehentasunak ezartzeko eta inbertsio publikoak bideratzeko. "Ez da nahikoa bizitegi-lurzoru planifikatua izatea, urteak igaro badira garatu gabe. Euskadiren ikuspegi orokorra behar dugu, premiei aurrea hartu eta plangintza benetan eraikitako etxebizitza bihurtzeko gai diren tresnak eduki ", adierazi du.

Etxebizitza mobilizatu gehiago eta kudeaketa publikoko ahalmen handiagoa

Visesak 166,3 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Alokabidek 187,1 milioi euro izango ditu. Kontuek 35,15 milioi euro biltzen dituzte Visesaren 2022tik 2027ra bitarteko programa-kontratuetarako, eta 80,42 milioi euro Alokabidek alokairuko sustapenak eskura ditzan, Visesak 2027an emango dizkion 711 etxebizitzak, besteak beste. “Aurrekontua izatea ez da nahikoa; gauzatzeko ahalmena eduki behar da”, adierazi du sailburuak.

Bizigunek 55,4 milioi euro izango ditu (% 10 gehiago), 8.500 etxebizitzara iristeko. Atzemate berriek, Sailaren lagapenek eta Visesari egindako erosketek Alokabidek kudeatutako 19.000 etxebizitzako parke baterantz aurrera egiteko aukera emango dute. Era berean, Alokaplusek 2 milioi euro izango ditu alokairua ez ordaintzeagatiko konpentsazioetarako. Udalei 500.000 euroko laguntza ematen jarraituko da, etxebizitza hutsen kanona aplikatzeko, eta beste 2 milioi euro bideratuko dira etxebizitzako udal-planak egiteko eta hirigintza-planak arintzeko.

83 milioi euro prestazioetarako eta 30 milioi euro Gaztelagun programarako

Aurrekontuak 83 milioi euro esleituko ditu etxebizitzarako eskubide subjektiboari lotutako prestazio ekonomikoetarako, eta 2026an baino 18 milioi euro gehiago izango dira. Zuzkidura zabaldu ahal izango da eskubidea aitortuta duten pertsona guztiei erantzuteko. Aurreikusitakoaren arabera, 2027. urtea eskubide hori duten 34.000 familia titularrekin itxiko da. “Etxebizitza ezin da eskubide erretoriko bat izan”, adierazi du Itxasok, eta eskubidearen aitorpenari parke publikoa, prestazioak eta kudeatzeko ahalmena gehitu behar zaizkiola defendatu du. “Berme progresiboa eta galdagarria izan behar du, eta aurrekontu-zuzkidura behar du”.

Gaztelagunen zuzkidura 30 milioi eurora igoko da, eta zenbateko hori ere zabalgarria izango da. Sarbide-atalaseen aurreikusitako zabalkuntzarekin, Sailak 11.000 onuradunera iristea espero du, eremu tentsionatuetako errenta handiko alokairuetarako laguntzak barnean hartuta. Gainera, alokairu eskuragarriko etxebizitzen % 50 36 urtetik beherakoentzat erreserbatzeko konpromisoari eutsiko zaio. “Etxebizitzaren krisia belaunaldi baten bizi-egutegia hausten ari da”, ohartarazi du sailburuak. Eskaini duen hitzaldian, alokairu-politikak eta emantzipaziorako laguntzak bizitegi-egonkortasunarekin, familia berriak osatzearekin eta aukera-berdintasunarekin lotu ditu.

Birgaitzea eta berroneratzea, hiri-berdintasuneko politikak

Auzoak Birgaitzeko eta Berroneratzeko Zuzendaritzak 81,49 milioi euro izango ditu. Bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetzeko laguntza berriek 56,8 milioi euroko zenbatekoa izango dute, 2027rako finantzaketa eta ondorengo ekitaldietarako konpromisoak barnean hartuta. Auzoak berroneratzeko programak 23,9 milioi euro izango ditu. “Birgaitzea ez da garrantzi txikiko politika: hiri-berdintasuneko politika da”, defendatu du Itxasok, eta irisgarritasunik eza, isolamendu urria eta auzoen degradazioa gizarte-kalteberatasuneko egoerekin lotu ditu. Hortaz, eraikitako hiriaren gaineko jarduketak etxebizitza berrien sustapena osatuko du. Sailburuak, amaitzeko, aurrekontua, lurzorua, erreformak eta kudeaketa publikoa uztartuko dituen erantzun bat aldarrikatu du: “Ez gatoz etxebizitzaren krisia konpondu dela esatera. Euskadi erantzun sendoagoa, estrukturalagoa eta osatuagoa eraikitzen ari dela esatera gatoz”. “Etxebizitza eskuragarririk gabe ez dago emantzipazio errealik. Etxebizitza egonkorrik gabe ez dago bizi-proiekturik. Etxebizitza duinik gabe ez dago aukera-berdintasunik”, amaitu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)