Etxebizitza Saila pozik dago BOEen salmentaren ezkutuko gainprezioa gaitzesten duena EAEANen epaiarekin

Argitalpen-data: 

Bloque_de_VPO_ajeno_a_la_sentencia.JPG
  • Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du higiezinen agentzia bati jarritako 45.000 euroko zehapena, etxebizitza babestuak saltzeko baldintza gisa altzariak erostea ezartzeagatik
  • Ebazpenak berresten du etxebizitzaren funtzio soziala eta legezko prezioen kontrola kontratuen autonomiaren gainetik daudela
  • Denis Itxaso sailburuak adierazi duenez, “legearen indarrarekin jazarriko dugu babes ofizialeko etxebizitzen erabilera espekulatibo oro, zergadun guztien diruarekin finantzatu zen ondasun publiko bat baita”

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila pozik dago EAEAN Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki emandako epai batekin. Epai horrek ezetsi egiten du higiezinen agentzia baten apelazio-errekurtsoa —Eusko Jaurlaritzak ezarritako zehapenaren legezkotasuna berretsita—, BOE babes ofizialeko etxebizitzen merkaturatzean iruzurrezko jardunbideak detektatu ondoren. Testuinguru horretan, Denis Itxaso arloko sailburuak azpimarratu duenez, “dinamika espekulatiboak dira kaltegarrienak bizitegi-merkaturako eta etxebizitzaren merkaturako”, eta hau defendatu du: “Gobernuak merkatu osasuntsuago baten alde egiten du, etxebizitzen salerosketan espekulazioa nagusi izango ez den merkatu baten alde”.

81/2026 epaiak berresten du etxebizitza babestu baten salerosketa altzariak nahitaez erostearen baldintzapean jartzea ezkutuko gainprezio bat ezartzea dela. Frogatutako egitateen arabera, higiezinen agentziak altzarien kontratuak osorik ordaintzea eskatzen zuen higiezinaren salmenta eskritura publiko bihurtzeko ezinbesteko baldintza gisa. Gainera, ikusi zen ustezko altzarien inbentarioan etxebizitzaren beraren egitura osatzen duten elementuak justifikaziorik gabe sartzen zirela, hala nola bainuontzia, konketa, bideta edo komuna.

Sailburuak gogorarazi duenez, merkatu libreak bere arauen arabera badihardu ere, “etxebizitzaren merkatu librearen arauak horiek direla aitortuta, ezin dugu onartu hori merkatu babestuarekin gertatzea, etxebizitzaren merkatu librearen espekulazio-dinamiken ondorio negatiboak arintzeko pentsatuta baitago, hain zuzen ere”.

Epai judiziala argia da: partikularren arteko itunak egiteko askatasunak muga gaindiezin bat du etxebizitza babestuei buruzko araudian. Epaiak berretsi egiten du indarrean dagoen legeriaren nagusitasuna, eta azpimarratzen du Etxebizitzaren Euskal Legearen 26. artikuluak zorrotz debekatzen duela etxebizitza babestuen eskualdaketan baimendutako gehieneko prezioa aldatzen duen gainpreziorik edo zenbatekorik jasotzea. Ildo horretatik, Itxasok argi eta garbi adierazi duenez, “ezin dugu inolaz ere onartu etxebizitza babestuarekin negozioa egitea”.

Auzitegiak higiezinen bitartekarien erantzukizuna nabarmendu du, eta adierazi du agentzia horiek muga administratiboak ezagutu eta errespetatu behar dituztela, eta, horrenbestez, ezin dutela saihestu haien zehapen-erantzukizuna, prezio-igoerak estaltzeko ustezko “kontratu-autonomia” aitzakiatzat hartuta. Azkenik, nabarmentzen da horrelako praktikak etxebizitzaren funtzio sozialaren aurkako zuzeneko eraso bat direla; izan ere, gainprezioarekin saltzea gehien behar dutenei bizitokirako sarbidea bermatzeko helburuaren aurkakoa da, interes publikoak larriki urratzen ditu eta bidezko alarma soziala eragiten du.

Irmotasuna parke publikoaren kontrolean

Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila bat dator 45.000 euroko zehapena egokitu egiten dela proportzionaltasun-printzipiora, kontuan hartuta higiezinen agentziak beharrezkoa ez zen alarma soziala eta erosleen kontura legez kanpoko etekina sortzen zuen modus operandi batez jardun zuela. Itxasoren hitzetan, “gure esku dauden lege-ekintza guztiekin jarduten jarraituko dugu, etxebizitza babestua baliatzen duten iruzurrezko jokabideen atzetik ibiltzeko, bere garaian etxebizitza babestu baten saria izan zuten pertsonengan gainbalioak eta legez kanpoko aberastasunak sortzeko, horrek dakarren guztiarekin”.

Era berean, gaineratu duenez, BOE bat eskuratu zutenek “diru publikoa kostatu zen eta zergadun guztien diruarekin finantzatu zen ondasun publiko baten saria eskuratu zuten” eta, ondorioz, “merkatua berotzeko eta gainbalio horiek gerta daitezen laguntzeko etxebizitza-azpiegitura publiko horren legez kanpoko edozein erabileraren atzetik ibiliko gara”.

Ebazpen honen bidez, mezu irmoa bidaltzen zaie sektoreko operadore guztiei: Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko babes ofizialeko etxebizitzen lege-araubidea hutsalduko duen jardunbiderik. Epai honek funtsezko aurrekari juridikoa ezartzen du herritarren eskubideak eta etxebizitza-politika publikoen osotasuna defendatzeko.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)