Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren azalpen-oharra, Barakaldoko Urbanen alokairuko 108 BOEri buruz argitaratutako informazioei buruzkoa

Argitalpen-data: 

Ambito_en_el_que_se_encuentra_la_promocion.jpeg

Barakaldoko Urban auzoan alokairuko babes ofizialeko 108 etxebizitza sustatzeari buruz azken egunotan argitaratu diren informazioak direla eta, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak honako gogoeta hauek helarazi nahi dizkio iritzi publikoari:

  1. Ez dago salaketa formalik

Lehenik eta behin, ez Alokabiden ez Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailean ez da, orain arte, zabaldu diren gertaerekin lotutako salaketa edo kexa formalik jaso. Alderdi hori garrantzitsua da kontuan hartzea egoera behar bezala neurtzeko.

  1. Gorabeherak dagozkien bideetatik bideratzeko beharra

Deskribatutakoak bezalako gorabeherak gertatzen ari badira —lapurretak, mehatxuak edo gizalegearen aurkako beste jokabide batzuk—, gogorarazten da agintari eskudunei jakinarazi behar zaizkiela, hala nola Udaltzaingoari edo Ertzaintzari, herritarren segurtasunarekin lotutako gaiak direlako, eta ez etxebizitzaren kudeaketa-esparruarekin lotutakoak.

  1. Etxebizitza babestuen sustapenen ohiko funtzionamendua

Joan den martxoan banatu zuten Urban promozioa, alokairuko 108 etxebizitza babestuz osatua. Euskal Autonomia Erkidegoko sustapen guztietan ohikoa den bezala, giltzak emateko unean, esleipendunei maizter gisa zituzten eskubideen eta betebeharren berri eman zitzaien, bizikidetza egokia bermatzeko helburuarekin.

Era berean, Alokabidek hiru hilabete inguruko epea ezartzen du etxebizitzak osorik entregatzen direnetik "Esku-hartze komunitarioko proiektua" izenekoa aktibatzeko; ekimen parte-hartzailea da, auzo-komunitatearen bizi-kalitatea hobetzera bideratua, egon daitezkeen premiak edo arazoak hautemateko eta horiek konpontzeko.

Kasu honetan, proiektu hori oraindik ez da martxan jarri, etxebizitzak entregatu berri direlako. Hala ere, sustapenaren bolumena dela eta, proiektua martxan jartzea aurreratuko da. Horretarako, datorren astelehenean, apirilaren 27an, bizilagunekin bilera informatiboa egitea aurreikusi da, hurrengo astean proiektua abiarazteko. Egun horretan, aurreikuspenen arabera, gizarte-hezitzaileak egongo dira sustapenean, lehen esku-hartzea eta egoeraren hasierako diagnostikoa egiteko. Azterketa horretatik abiatuta, eta ateratako ondorioen arabera, hartu beharreko neurriak baloratuko dira.

  1. Argitaratutako informazioen ondoren berehala abian jarri beharreko jarduketak

Informazio horiek agertu ondoren, Alokabidek zenbait prebentzio- eta egiaztatze-jarduketa jarriko ditu martxan:

  • Sustapeneko etxebizitza guztiekin telefono bidez banan-banan harremanetan jartzen ari gara, elkarbizitzaren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta gerta daitezkeen gorabeherak detektatzeko.
  • Egoera irregularrak identifikatuz gero, inplikatutako pertsonei Alokabideren bulegoetara bertaratzeko dei egingo zaie kontratuzko betebeharren, jokabide desegokiak errepikatuz gero ezar daitezkeen zigorren eta horien lege-ondorioen berri emateko.
  • Zonaldean Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin elkarlana indartuko da, Udalari azken erakunde horren presentzia handiagoa eskatuz.
  1. Erakundeen arteko koordinazioa eta ekintza komunitarioa

Erakundeen arteko lankidetzaren esparru horretan, udaletako gizarte-zerbitzuekin koordinatuta jarraitzea adostu da.

  1. Bizikidetzaren inguruko konpromisoa

Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du bizikidetzaren inguruko konpromisoa etxebizitza babestuen sustapen guztietan, eta nabarmentzen du garrantzitsua dela zorroztasunez, erantzukizunez eta erakundeen arteko koordinazioarekin jokatzea herritarren ongizateari eragin diezaiokeen edozein egoeraren aurrean.

Alde horretatik, modu proaktiboan lan egiten jarraituko da ingurune seguruak eta kohesionatuak bermatzeko, eta herritarren eskura jarriko dira sor daitezkeen gatazkak konpontzeko behar diren baliabideak.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)