Etxebidek 109.783 etxebizitza-eskatzaile erregistratu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, 2025aren amaieran baino 5.503 izen-emate gehiago

Argitalpen-data: 

Viviendas_cooperativas_en_San_Sebastian.jpeg
  • Bizkaian biltzen dira eskarien erdia baino gehiago, eta Gasteizek erakusten du alokairurako profil handiena hiru hiriburuen artean

Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza eskuratzeko eskaera egiten zuten 109.783 bizikidetza-unitate zenbatu zituen Etxebidek 2026ko apirilaren 1ean. 2026ko lehen hiruhilekoan, guztizko eskaria % 5,3 igo da, 2025eko azken hiruhilekoarekin alderatuta.  Eskaera guztietatik, 85.286 alokairu-erregimenean izena emanda daude, eta 24.497 erosketa-erregimenean; horrek berriro berresten du alokairuko etxebizitza eskuratzeko eskaria nagusi dela argi eta garbi.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak zabaldutako datuek EAEko bizitegi-unearen argazki garbia erakusten dute: etxebizitza eskuragarria eskuratzeko beharra alokairuan kontzentratzen da nagusiki, hiri-izaera nabarmena du eta hiriburuetan eta udalerri handienetan kokatzen da bereziki. Etxebiden izena ematen duten hamar pertsonatik ia zortzik alokairuko etxebizitza eskatzen dute.

Lurraldeen eta hiriburuen araberako eskaria

Lurraldeka, Bizkaiak 58.131 eskatzaile ditu, EAEko eskatzaile guztien % 53; Gipuzkoak 32.211, hots, guztien % 29,3; eta Arabak 19.441, hots, guztien % 17,7. Hiruhileko honetan, 2025eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eskaeraren hazkunderik handiena Gipuzkoan izan da, % 12,8; Bizkaian eta Araban, berriz, eskaera % 2,3 eta % 2,5 igo da, hurrenez hurren. Hiru lurraldeetan alokairu-eskaera da nagusi, baina maila diferentetan: Araban eskariaren % 88 da alokairurako, Bizkaian % 77,9 eta Gipuzkoan % 71,1. EAEko hiru hiriburuek Etxebiden izena emandako kopuru osoaren zati handi bat biltzen dute. Bilbon 32.093 eskatzaile daude, Gasteizen 18.604 eta Donostian 15.955.

Bizkaian, Etxebidek 58.131 eskatzaile erregistratu ditu; horietatik 45.278k alokairuko etxebizitza eskatzen dute, eta 12.853k erosteko etxebizitza. Kopuru handiena Bilbon topatzen dugu, 32.097 eskatzailerekin; ondoren, Barakaldon, 9.322rekin; Getxon, 8.311rekin; Basaurin, 3.912rekin; Portugaleten, 3.665ekin; Leioan, 3.623rekin; eta Santurtzin, 3.459rekin. Hala, Bizkaiko eskariaren zati handi bat metropolialdean biltzen da, batez ere Bilbon eta hurbilen duen hiri-ingurunean.

Araban, 19.441 lagunek egin dute eskaera, 17.110k alokairuko etxebizitzak eskuratzeko eta 2.331k etxebizitza erosteko. Eskaeretatik ia guztiak Gasteizen biltzen dira, bertan 18.604 eskatzaile baitaude, hau da, lurralde osoan egiten diren eskaeren % 95 baino gehiago. Gainera, Arabako hiriburuak du hiru hiriburuak alderatuz alokairu-profil nabarmenena; izan ere, izen-emateetatik 16.265 mota horri lotuta daude (% 87,4).

Gipuzkoan, Etxebidek 32.211 eskatzaile ditu, 22.898 etxebizitza alokairuan eskuratzeko asmoz eta 9.313 erosteko asmoz. Azken erregimen horretan ikusi da gehikuntzarik handiena: aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, erosketa-eskaerak % 24,4 handitu dira, alokairurakoak % 8,6 handitu diren bitartean. Donostia dago, 15.956 eskatzailerekin, zerrendaren buruan, ondoren Irun (3.622), Errenteria (3.373), Zarautz (2.883), Hernani (2.102) eta Lasarte-Oria (2.060) agertzen dira. Beraz, eskaera ez da hiriburuan soilik kontzentratzen, lurraldeko beste udalerri estrategiko batzuetan ere eskaera handia dago.

Etxebizitza-eskatzaileen profila

Estatistikak eskariaren profilaren zenbait egiturazko ezaugarri ere berresten ditu. Bereziki nabarmentzen dira pertsona bakarreko familiak (69.042 izen-emate), bi kideko (17.560) eta hiru kide edo gehiagoko (23.181) bizikidetza-unitateen oso gainetik. Nahiz eta % 42,6 (46.734 eskatzaile) kupo orokorrak ordezkatzen duen, 36 urtetik beherakoen pisua nabarmentzekoa da (25.241 izen-emate), baita etxebizitza-premia bereziko kupoari dagokion bolumena ere (17.431). Talde espezifikoen artean, banantze- edo dibortzio-egoeran dauden pertsonak (13.194), 60 urtetik gorako pertsonak (11.419) eta guraso bakarreko familiak (5.263) daude.

Horri 16.272,29 euroko batez besteko errenta haztatua gehitu behar zaio EAEko eskaera osoari dagokionez, eta alde nabarmenak daude lurraldeen artean eta erregimenen artean, erosketaren bidezko batez besteko diru-sarrerak alokairuarenak baino askoz handiagoak baitira.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)