Espainiako Gobernuak iragarritako ezohiko erregularizazio-prozesuari buruz

Argitalpen-data: 

Azken egunotan Espainiako Gobernuak atzerritarren ezohiko erregularizazio-prozesuari buruz argitaratu dituen informazioak ikusita, Eusko Jaurlaritzak argitu nahi du Estatuaren eskumeneko prozesua dela, bai araudiaren definizioari dagokionez, bai balizko onarpenari eta abiarazteari dagokienez. Atzerritartasunaren eta immigrazioaren esparru orokorra Estatuari dagokio, Konstituzioaren 149.1.2 artikuluaren eta indarrean dagoen Atzerritartasun Erregelamenduaren beraren arabera.

2026ko urtarrilaren 27an, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak prozesu horren izapideak hasi zirela iragarri zuenetik, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun instituzionalarekin, lankidetzarako borondatearekin eta zerbitzu publikorako bokazioarekin jardun du. Ministerioaren komunikazio ofizialaren arabera, orduan iragarritakoa errege-dekretu bat izapidetzen hastea eta eskaerak "apirilaren hasieran" edo "bi hilabete inguruko epean" abiaraztea zen, nahitaezko izapideak bete ondoren. Hasierako aurreikuspen hori hainbat komunikabidek ere jaso zuten.

Testuinguru horretan, eta behin betiko araurik ez zegoenez, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko informazio-kanpaina bat jarri zuen abian, herritarrei estatuko zirriborroari buruzko informazio ulergarria helarazteko, eta une oro ohartarazi zuen ez dela behin betikoa eta aldaketak jasan behar dituela. Helburua desinformazioa eta itxaropen faltsuak saihestea izan zen, eta hasiera-hasieratik laguntza zorrotza eskaintzea.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzak zirriborroaren azterketa teknikoa egin zuen, eta alegazioak eta proposamenak egin zituen prozesuaren segurtasun juridikoa hobetzeko, aplikazioa errazteko eta gizarteratzea indartzeko. Jarduera hori leialtasun instituzionalaren eta Estatuko Administrazio Orokorrarekiko lankidetzaren logikaren barruan egin zen.

Halaber, otsailaren 16an bilera bat egin zen Ministerioarekin, eta Eusko Jaurlaritzak bere jarrera azaldu zuen eta lankidetza eskaini zuen. Bilera horretan, Ministerioak argi utzi zuen ezohiko erregularizazioa Estatuak oso-osorik kudeatuko zuela, autonomia-erkidegoen inplikazio operatiboaren beharrik gabe. Une horretatik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren jarduna esparru horretara egokitu zen.

Horregatik, aparteko prozesu hori eta Euskadira transferitutako beste eskumen betearazle batzuk argi eta garbi bereiztea komeni da. 2025eko uztailaz geroztik, Euskadik bere lurralde-eremuan egiten ditu atzerritarren hasierako lan-baimenen arloko eginkizunak, baina Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, oraindik ere, aplikatu beharreko legeria, bizileku-baimena eta transferitu gabeko baimen guztien izapidetzea. Transferentzia horrek, beraz, ez du Eusko Jaurlaritza agintari eskudun bihurtzen ezohiko erregularizazio bat onartzeko edo aktibatzeko.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren zeregina zorroztasun instituzionalez jardutera mugatzen da: egiazkotasunez informatzea Estatuko behin betiko arau bat dagoenean, haren irismena aztertzea eta herritarrei informazio fidagarria ematea, espekulazio edo iragarki goiztiarrak saihestuz.

Eusko Jaurlaritzak, beraz, berretsi du hasiera-hasieratik lan egin duela erantzunkidetasunarekin, aurrerapenarekin eta leialtasun instituzionalarekin, baina ezohiko prozesuaren erabakia, erregulazioa eta kudeaketa Espainiako Estatuari soilik dagozkiola. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak bere horretan jarraituko du: informazio fidagarria helaraztea behin betiko errege-dekretu bat dagoenean, eta seriotasun eta erantzukizun publiko handienarekin egitea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)