Eskualdeetako eta tokiko gobernuen garapenerako laguntza ofiziala % 59 igo da azken bost urteetan (2019 - 2023)

Argitalpen-data: 

Imagen_portada(2).jpg
  • Lankidetza deszentralizatuari buruzko 2025ko txostenak, lurraldeetako elkartasun globala, maila anitzeko gobernantza eta garapenaren finantzaketa herritarrei hurbiltzeko duen ahalmena azpimarratzen du.
  • Eskualdeetako eta tokiko gobernuek, mundu mailan, 3,6 milioi dolar bideratu zituzten Garapenerako Laguntza Ofizialera 2023an.
  • Munduko diru-emaile deszentralizatu nagusien artean Eusko Jaurlaritza, EAEko hiru hiriburuak eta foru- aldundiak daude.

Gaur Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkari Nagusia den Ander Caballerok zuzendu du Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakunde arteko Batzordea. Batzordeko saio horretan, ECOPER eta eLankidetza –Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak elkarlanean egindako «Lurralde ikuspegia duen lankidetzarantz» 2025 Lankidetza Deszentralizatuaren Txostena aurkeztuko da.

Eusko Jaurlaritzako, hiru aldundietako eta EAEko udal nagusietako ordezkariek txostenaren edukiak eta ondorioak ezagutzeko eta horiei buruz eztabaidatzeko aukera izango dute.

Errekor berri bat

2023an, Garapenerako Laguntza Ofizial Deszentralizatuak (GLOD) 3.644 milioi dolarreko bolumena izan zuen guztira; gehieneko historiko berri hau GLBko herrialdeen aldebiko GLOaren % 4ren baliokidea da. 2018tik, GLODak hazkunde iraunkorreko ibilbideari eusten dio, 2.292 milioi dolar izatetik 3.644 milioi izatera igaro baita 2023an, hau da, bost urtean % 59ko igoera metatua.

Lankidetza deszentralizatua hainbat mailatako gobernuen eta lurraldeko hainbat eragileren inguruan egituratzen da; multilateralismoa zalantzan jartzen den testuinguruan, deszentralizatuak laguntza politikoak eta teknikoak mobilizatzen ditu, herritarrak lankidetzaz jabetu daitezen laguntzen du eta diru-emaileen lurraldean garapena finantzatzeko agenda ere finkatu du. 2023an, estatu azpiko 869 emailek parte hartu zuten GLODan, eta horrek lankidetza-modalitate honen erakunde– eta lurralde–zabaltasunaren isla da.

Euskadiko erakundeak nabarmentzen dira lankidetzarekin duten konpromisoagatik

Eskualde-mailan, 162 gobernu-emaile zenbatu ziren. Eusko Jaurlaritza bosgarren postuan dago nazioartean eta hirugarren postuan Estatuan, 60.7 milioi dolarreko laguntzarekin.

Udal-eremuan, txostenak 574 hiri-emaile identifikatzen ditu. EAEko eta Nafarroako hiriburuak Estatu mailako lehen 10en artean daude; eta gainera, Bilbo eta Gasteiz nazioarteko zerrendan nabarmentzen dira baita ere.

Azkenik, probintziako edo udalaz gaindiko eremuan, 133 erakundeen lankidetza-ekintzak jaso dira. Mundu mailako sailkapenean Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia nabarmentzen dira (3. eta 5. postuetan, hurrenez hurren).

Lurralde-ikuspegirako hurbilketa berri bat

Txostenak, GLODa neurtzeaz eta mapeatzeaz gain, lurralde-ikuspegidun lankidetza aztertzen du Bilbao Blueprint eta 11. GJHren markatzailetik abiatuta; txostenak ondorioztatzen du lankidetza deszentralizatuak oraindik ez duela hedatu lurralde-garapenari eta 2030. Agendaren kokapenari laguntzeko duen potentzial guztia.

eLankidetzako zuzendaria den Javier Cortések lankidetza deszentralizatuaren garrantzia azpimarratu du Giza Garapen Iraunkorraren Agenda Globalak planteatzen dituen erronkei heltzeko; bereziki erronka horiek lurralde-errealitateen testuinguruan kokatzeko orduan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)