Ertzaintzak ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena areagotuko du aste honetan

Argitalpen-data: 

Irekia.JPG
  • Batez ere pneumatikoen egoeran, argietan eta IATn jarriko da arreta

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, batez ere bigarren mailako bideetan zirkulatzen duten ibilgailuen baldintza teknikoen zaintza indartuko du datorren aste honetan, ekainaren 1etik 7ra bitartean. Kanpaina honen helburua da, zirkulatzeko araudiak ezartzen dituen eskakizunak betetzen direla egiaztatzea. Batez ere, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT), argiak eta pneumatikoen egoeran jarriko da arreta.

Ikuskapeb hau, 2026. urterako Trafikoa eta Garraioa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen egutegiaren baitan programatu diren 33 kanpainen parte da.

2025ean, kanpainen egutegi horren barruan, Ertzaintzak ibilgailuen baldintza teknikoak zaintzeko 331 kontrol egin zituen. Guztira, 1.632 ibilgailu ikuskatu ziren, eta horietatik 192, guztizkoaren %11,8, salatuak izan ziren ibilgailuaren baldintza teknikoekin lotutako arau-hausteren bategatik.

Kontrol horien bidez, gogorarazi nahi da oso garrantzitsua dela ibilgailua behar bezala mantentzea, EAEko errepide-sarean istripuak saihesteko eta prebenitzeko. Mugikortasun seguruaren erronka lortzea bideen erabiltzaile guztien erantzukizuna da.

IAT egunean ez izatea arau-hauste larria da, eta 200 euroko zehapena dakar. Argiei dagokienez, anomaliaren bat antzemanez gero, gidariari jakinaraziko zaio, zuzen ditzan. Anomalia bidean gertatzen bada, ez da eragotziko bidean aurrera jarraitzea, arriskutsua izan ezean; izan ere, gaur egun ez da nahitaezkoa ordezko lanpara-sorta bat eramatea. Era berean, pneumatikoek errodamendu-arteketan gutxienez 1,6 mm-ko sakonera izan behar dute. Gainera, beti gorde behar dituzte arauzko inskripzioak, eta ezin dute babarik, deformaziorik, hausturarik, pitzadurarik edo ageriko kablerik izan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)