Errenteriako Altzaten alokairuko 45 BOEak 2028ko lehen hiruhilekoan hasiko dira eraikitzen

Argitalpen-data: 

Aizpea_Otaegi_y_Denis_Itxaso__durante_la_firma_del_convenio.jpeg
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren artean sinatuko den hitzarmenaren bidez etxeak eraikiko diren partzela bisitatu dute
  • Sustapen honen lanek 2 urteko epea izango dute, 8,8 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du, eta Alokabidek kudeatuko du
  • Lizitazioa “proiektua eta obrako” eredu kolaboratibo baten bidez garatuko da, enpresa kontratistaren ekarpen tekniko eta operatiboak hasierako faseetatik integratuz, proiektuak bideragarritasuneko, kostuen kontroleko eta segurtasun handiagoko irizpideekin aurrera egiten duela ziurtatzeko

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Visesa sozietate publikoaren bitartez, eta Errenteriako Udalak asteazken honetan sinatu dute lankidetza-hitzarmena, Altzate esparruan alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko 45 etxebizitza sustatzeko. Jarduketa horren helburua udalerrian etxebizitza eskuragarrien parke publikoa indartzea eta Etxebiden dagoen eskaera handiari erantzutea izango da. Sustapena Alokabidek kudeatuko du.

Gaur goizean sinatu dute akordioa, etxebizitzak eraikiko diren partzelan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegi izan dira sinadura-ekitaldi horretan. Bertan, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindosek eta Hirigintzako zinegotzi Eneko del Amok ere hartu dute parte. Hitzarmena sinatu ondoren, Itxaso sailburuak iragarri du “45 etxebizitza horien obra 2028ko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusten” dela, eta aurreratu du “2030eko lehen hiruhilekorako amaituta egotea” kalkulatu dela. Jarduketak 7,6 milioi euroko obra-aurrekontua (eraikuntza eta lotutako urbanizazioa) izango du, eta 8,77 milioi euroko inbertsioa, guztira. Besteak beste, lurzorua erostea eta prestatzea, etxea eraikitzea, lotutako urbanizazioa, ordainsari teknikoak, ekipamendua eta lizentziak sartuko dira bertan.

Ekitaldian, sailburuak azpimarratu du operazioa "erakundeen arteko aliantza berri bat dela, eskari handia eta iraunkorra duen Errenteria bezalako udalerri batean alokairuko parke publiko eskuragarria handitzen jarraitzeko"; era berean, defendatu du "etxebizitza publikoa lehenago iritsi behar dela, hobeto eraiki behar dela eta pertsonen beharrei erantzun behar zaiela, bereziki gazteen eta gaur egun eskarian ordezkaritza handia duten bizikidetza-unitate txikien artean". Sinatutako hitzarmenaren arabera, Errenteriako Udalak doan lagako dio lurzorua Visesari, urbanizazio-kargarik gabe. Bertan, erregimen orokorreko babes ofizialeko 45 etxebizitza sustatuko dira, oso-osorik alokairu eskuragarri gisa.

Alkateak, bere aldetik, azpimarratu nahi izan du Errenteria apustu garrantzitsua egiten ari dela udalerriak etxebizitza babestuen parke gero eta handiagoa izan dezan, dagoen premiari erantzuteko, eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskertu du. Horren erakusgarri, azpimarratu du 2026, 2027 eta2028 urteetan babes ofizialeko hiru etxebizitza-bloke eraikiko direla Errenterian: bi Esnabiden eta bat Altzaten, babes ofizialeko 99 etxebizitza guztira.

Alde batetik, aurten bertan Esnabiden 27 BOE eraikitzen hasiko dira erosketa-erregimenean. Gainera, udalak obra-lizentzia eman dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari, Esnabiden ere alokairu sozialeko beste 27 etxebizitza eraikitzeko. 2022an udalak Eusko Jaurlaritzari doan lagatako udal lurzatian kokatuko dira, eta lanak datorren urtean hasiko dira. Bestalde, gaur sinatutako hitzarmenaren ondorioz, 2028. urtearen hasieran 45 BOE eraikitzen hastea aurreikusten da, alokairurako. Beraz, dagoeneko adostuta eta aurreikusita dauden hiru sustapen dira, eta datozen urteetan gauzatuko dira.

Bat, bi eta hiru logelako etxebizitzak

Eraikina ia finalista jotzen den partzela batean eraikiko da, esparrua urbanizatzeko lanak egin baitira eta Altzateko inguruaren zati handi bat garatuta baitago. Errenteria eta Lezo artean kokatua dago, GI-636 errepideak, trenbideak eta Oiartzun ibaiak mugatzen duten eremuan. Sustapenak 1.770 metro koadroko sabai-partzela bat hartuko du, 3.660 metro koadroko bizitegi-aprobetxamenduarekin eta merkataritza-aprobetxamendu txiki batekin beheko solairuan.

Proiektuak sotoko bi solairu, beheko solairua eta bederatzi goi-solairu izango dituen eraikina aurreikusten du, 45 etxebizitzaz osatutako bizitegi-programarekin. Hala gela bateko bederatzi etxebizitza, bi logelako hogeita zazpi etxebizitza eta hiru logelako zazpi etxebizitza egingo dira, baita mugikortasun urria duten pertsonentzat egokitutako bi etxebizitzatan ere. Sustapenak, halaber, aparkalekuak izango du lurpeko bi solairutan, jarduketaren benetako beharrizanetara egokitutako soluzio batekin: 45 plaza, bat etxebizitza bakoitzeko, eraikinetik bertatik sartzeko aukerarekin, hirigintza-plangintzak hasieran aurreikusitako gehieneko ahalmenen ordez —alokairu-parke publiko baterako neurriz gainekotzat jo ziren—.

Zerga-arloan, hitzarmenak Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) % 95eko hobaria jasotzen du, lizentziei, hirigintza txostenei eta sustapena gauzatzearen ondoriozko tramitazioei lotutako udal-tasen salbuespenaz gain, indarrean dagoen ordenantza fiskala aplikatuz.

Enpresa kontratistak kontratazio goiztiarra, segurtasun tekniko eta ekonomiko handiagoz eraikitzeko

Sustapenaren elementu bereizgarrietako bat Visesak aukeratutako kontratazio-eredua izango da, enpresa kontratista egikaritze-proiektuaren idazketan goiz sartzean oinarritua. Sistema horri esker, eraikuntza-soluzioak aurrez alderatu ahal izango dira, eta esleipendunak ezarritako helburu-prezioarekin lerrokatu. Hala, aurrerantzean egin beharreko aldaketak gutxituko dira, eta obran desbideratze ekonomikoak eta aldi baterakoak gertatzeko arriskuak minimizatu.

Praktikan, lizitazioa “proiektua eta obrako” eredu kolaboratibo baten bidez garatuko da, enpresa esleipendunaren ekarpen tekniko eta operatiboak hasierako faseetatik integratuz, proiektuak bideragarritasuneko, kostuen kontroleko eta segurtasun handiagoko irizpideekin aurrera egiten duela ziurtatzeko. Lankidetza-kontratazioko eredu hau berariaz definituta dago Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legean (PNL).

Proiektuak idazteko eta obrak zuzentzeko lizitazioa 2026ko ekainerako aurreikusita dago, eta obrak idazteko eta egiteko lankidetza-prozedura, berriz, 2027ko martxorako. Zentzu horretan, Itxasok zera defendatu du: “Horrelako formulek sustapen publikoan segurtasuna eta efizientzia irabaztea ahalbidetzen dute. Etxebizitza babestu gehiago eraikitzeaz gain, tresna hobeekin egin behar dugu, azkenean etxebizitza baten zain daudenei eragiten dieten ziurgabetasunak murriztuz, kostuak kontrolatuz eta atzerapenak saihestuz", gaineratu du.

Altzateko sustapena, gainera, Errenterian eskari-presio handia dagoen errealitate baten aurrean planteatzen da. 2026ko maiatzaren 1ean, udalerriari lotutako 3.373 bizikidetza-unitate zeuden Etxebiden izena emanda etxebizitza babestua eskatzen, eta horietatik 2.308k (% 68,4) alokairu-erregimeneko etxebizitza eskatzen zuten. Kolektibo horren barruan, 1.773 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eskatzen diren baldintza ekonomikoak —urtean 9.000 eta 46.463 euro bitarteko diru-sarrerak edukitzea—, eta horrek agerian uzten du jardueraren onuradunen unibertso potentzial zabala.

Esleipen-irizpideei dagokienez, hitzarmenak bi profil bereziki garrantzitsu nabarmentzen ditu. Alde batetik, 36 urtetik beherako pertsonak, kupo handienetako bat osatzen dutenak: alokairu babestua eskatzen duten 700 bizikidetza-unitate talde horretan sartzen dira. Beste alde batetik, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateek 1.200 eskaera dituzte, eta etxekoen unitateen osaerari dagokionez ematen ari den gero eta aldaketa handiagoa islatzen dute. Etxebizitzak esleitzeko Errenterian gutxienez hiru urtez jarraian edo azken hamar urteetan bost urtez erroldatuta egon izana egiaztatzea eskatuko da, udalerriko sustapen babestuetarako ezarritako irizpideekin bat etorriz

Europako TRUEHOME proiektuari lotutako sustapen pilotua

Altzateko jarduketa, gainera, TRUEHOMEren —"Beautiful, sustainable, and inclusive housing through true pricing, co-creation, and innovative building, procurement, and financing solutions"— parte izango da. Visesak parte hartzen duen berrikuntza-proiektu europarra da hau, eta Espainiako erakusle pilotu gisa kokatzen du Errenteriako sustapena. Ekimenak etxebizitza benetan eskuragarria egiteko modu berriak ikertu nahi ditu, jasangarritasun, inklusio, industrializazio eta kalitate arkitektonikoko irizpideak txertatuz, Europako Bauhaus Berriaren printzipioekin lerrokatuta. Praktikan, eraikuntza-soluzio aurreratuak, material biooinarrituak eta birziklatuak, sistema industrializatuak, sentsore integratuak, biki digitalak edo kontratazio- eta gobernantza-eredu berriak esperimentatzea ahalbidetuko du, eraikinaren kalitatea hobetzera eta bizi-ziklo osoan kostuak murriztera bideratuta.

Proiektuak lau urteko iraupena du, eta hamabi kideko nazioarteko partzuergo batek osatuko du. Gainera, Visesak etxebizitza sozialei aplikatutako berrikuntzan Europako erreferentzia gisa duen zeregina indartzeko aukera emango du, parke publiko osora transferitu daitekeen ezagutza txertatuz. "Etxebizitza babestua hobeto, berrikuntza erabilgarri eta jasangarriarekin, eta eskuragarritasunari uko egin gabe eraikitzeko moduaren adibide izatea nahi dugu Errenteria", adierazi du Itxasok. Era berean, egungo erronka "parke publikoa handitzea, prozesuak azkartzea eta herritarren benetako beharretara egokitutako kalitatezko etxebizitzak bermatzea" dela azpimarratu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)