Ermua, Adinekoekin Herri Lagunkoia proiektuak hamar urte bete ditu

Argitalpen-data: 

Ermua, Adinekoekin Herri Lagunkoia proiektuak hamar urte bete ditu

«Ermua, adin guztientzako» lelopean, udalerria inklusiboagoa, irisgarriagoa eta adin guztientzat egokiagoa izan dadin egindako lana ospatuko du aurten proiektuak. Udaleko Gizarte Zerbitzuen arloak sustatzen du ekimena, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa izan du urte hauetan.

Hamar urteko ibilbide honetan, elkarlana eta zeharkako lana izan dira proiektuaren oinarriak. Helburua da pertsona guztiek beren bizi-proiektua garatzeko, erabakiak hartzeko eta ahalik eta autonomia handienaz bizitzeko aukera izatea, adina muga edo diskriminazio-iturri izan gabe.

Adinekoen Talde Sustatzaileak zeregin garrantzitsua izan du prozesu horretan. Herritarren kezkak eta beharrak bildu ditu, gabeziak bertatik bertara identifikatu, eta hobekuntza-proposamenak helarazi dizkio Udalari. Horrela, adinekoen ikuspegia udal-politiketan txertatzen lagundu du.

Urteurrenaren harira, adinagatiko diskriminazioari buruzko kontzientziazioa jarri da agendan: zahartzaroari lotutako estereotipoak, aurreiritziak eta diskriminazio-jarrerak desagerrarazteko beharra, hain zuzen. Ospakizunak urriaren 1ean hasi ziren, Adinekoen Nazioarteko Egunean. Egun horretan, adierazpen-mezu bat jarri zuten Udaletxearen fatxadan, alkatearekin batera.

Sentsibilizatzeko ekimenak

Urriaren 6an, Talde Sustatzaileko kideek Udaleko Informazio Batzordean parte hartu zuten, egindako lanaren balantzea udal-taldeei aurkezteko. Horrez gain, adinekoek duintasunez eta aktiboki zahartzeko duten eskubidea aldarrikatzen duen manifestua irakurri zuten, herritar guztien eskubide eta aitortza berarekin.

Hausnarketa herriko eragile eta herritar guztiengana zabaltzeko, datozen asteetan hainbat ekimen egingo dituzte espazio publikoan. Besteak beste, adinagatiko diskriminazioari buruzko egutegi dibulgatzailea banatuko dute, horma-irudi kolektibo bat sortuko dute eta egunerokoan adinagatiko aurreiritziak nola hautematen diren jasotzeko iritzi-inkesta bat egingo dute.

Ekimen horien bidez, Ermuan belaunaldien arteko berdintasuna, adinekoen esperientziaren balioa eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatu nahi dituzte.