Erasmus+ programaren bidez Lanbide Heziketako ikasleen eta irakasleen nazioarteko mugikortasuna sustatuko da

Argitalpen-data: 

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da 2026-2027 ikasturtean Erasmus+ programaren esparruan Lanbide Heziketako ikasleen eta irakasleen nazioarteko mugikortasunak kofinantzatzeko laguntzen deialdia. Deialdiak 500.000 euroko zuzkidura du.

Laguntzak Euskadiko itunpeko ikastetxeei eta Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteei zuzenduta daude, ikasle eta irakasleek 2026-2027 ikasturtean Erasmus+ programaren esparruan egiten dituzten nazioarteko egonaldiak kofinantzatzeko. Ikasleek beren prestakuntzaren zati bat beste herrialde batzuetako enpresa eta erakundeetan egiteko aukera dute, nazioarteko inguruneetan lanbide-gaitasunak eskuratzeko eta lan-merkatuan txertatzea errazteko. Irakasleen kasuan, mugikortasun horiek metodologien trukea sustatzen dute, eta Europako esperientzia eta jardunbide egoki berriak ikastetxeetako hezkuntza-jardunean txertatzen laguntzen dute.

Antoñanako jantoki soziala

Gobernu Kontseiluak Antoñanan (Araba) adinekoentzako jantoki sozial bat finantzatzeko 10.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du.

Antoñanak 147 biztanle ditu eta jantoki sozial berriari esker astelehenetik ostiralera, eguerdian, adinekoak Gizarte Etxera bazkaltzera joan ahal izango dira. Ekimena Antoñanako adinekoentzat pentsatuta dago, 65 urtetik gorakoentzat, bakarrik edo bikotekidearekin bizi direnentzat, modu autonomoan elikatzen direnentzat, elikadura orekatuarekin laguntza behar dutenentzat edo espazio erlazional eta abegikorra behar dutenentzat.

Jantoki sozialak honako helburuak ditu: erabiltzaileen nutrizio-premietara egokitutako janaria ziurtatzea; adinekoek elikaduran ohitura osasungarriak gara ditzaten erraztea; ahalik eta denbora luzeenean bizimodu autonomoa izan dezaten laguntzea; etxean eta ingurunean egoteko aukera ematea; arrisku-egoerak detektatzea eta sareak eta gizarte-harremanak sortzea erraztuko duten espazioak sustatzea.

400.000 euro Euskal Kultura Ondare Immateriala zaindu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko proiektuak sustatzera

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2026-2027 aldian Euskal Kultura Ondare Immaterialaren arloko proiektuak garatzeko laguntzen deialdia arautzen duen agindua. Deialdiak 400.000 euroko aurrekontua izango du, 2026 eta 2027 ekitaldien artean banatuta, Euskadiko kultura-ondarea ezagutarazi, zaindu eta belaunaldi berriei transmititzen lagunduko duten ekimenak babesteko.

Deialdia bi laguntza-ildotan egituratzen da. Lehenengo ildoa ikerketa, dokumentazio, katalogazio eta azterketa-proiektuetara bideratuta dago, Euskal Kultura Ondare Immaterialaren ezagutza handitzeko eta hura zaintzeko tresnak garatzeko. Bigarren ildoak, berriz, tradizioak bizirik mantendu eta herritarrengana hurbiltzea du helburu. Horretarako, lanbide eta jakintza tradizionalak berreskuratzeko ekimenak, belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko jarduerak, argitalpenak, dokumentalak, kongresuak, erakusketak, tailerrak eta interpretazio-zentroak lagunduko dira.

Musikeneren Mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman integratuko da

Bestalde, Gobernu Kontseiluak onartu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Musikene Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena, Musikeneren Mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman eta Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) integratzeko.

Hitzarmen honi esker, Musikeneren funts bibliografikoak Euskadiko Katalogo Kolektiboaren bidez kontsultatu ahal izango dira. Horrela, musikaren inguruko dokumentu-funts espezializatu horiek ikusgarritasun handiagoa izango dute, eta herritarrek nahiz ikertzaileek errazago eskuratu ahal izango dituzte. Integrazioa pixkanaka egingo da, funtsen titulartasuna Musikenerena izaten jarraituko duen arren.

Gaur egun, Musikeneren Mediatekak 40.500 bibliografia-erregistro baino gehiago ditu, eta Euskadiko musikaren arloko dokumentazio-zentro espezializatu garrantzitsuenetako bat da. Hitzarmenak ez du kostu ekonomikorik ekarriko alderdi sinatzaileentzat.

Euskal-DYArekiko lankidetza indartu da larrialdien eta babes zibilaren arloan

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Segurtasun Sailaren eta Euskal-DYA Federazioaren arteko lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzeko, arrisku kolektibo larriko egoeretan, hondamendietan, larrialdi publikoetan eta erakunde humanitario horren parte-hartzea beharrezkoa den beste larrialdi batzuetan erantzun bateratua indartzeko.

Hitzarmenak sendotu egiten du Euskal-DYA larrialdien eta babes zibilaren euskal sistemaren erakunde laguntzaile gisa. Federazioak bere bitartekoak eta baliabideak jarriko ditu Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren esku, egoerak hala eskatzen duenean mobilizatu ahal izateko. Halaber, baliabide horien aktibazioa protokolizatuko da, eta herritarren borondatezko parte-hartzea bultzatuko da, bai eta babes zibilari, arriskuei eta autobabes-neurriei buruzko ezagutzen prestakuntza eta zabalkundea ere. Ekintza horiek bi aldeek adostutako Jardueren Urteko Programan jasoko dira.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du sinatzen denetik, eta gehienez ere lau urtez luzatu ahal izango da, aho batez hala adostuz gero. Hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko, Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Alde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta urteko programa gainbegiratuko du eta egindako jarduerak ebaluatuko ditu.

Ertzaintzaren eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, ikasleak praktiketan prestatzeko

Azkenik, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin (UNIR) hitzarmena sinatzeko, hezkuntza-arloko lankidetza bat ezartzeko, ikasleei prestakuntza integrala, teorikoa eta praktikoa eskaintzeko eta, horrela, etorkizuneko enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko gaitasuna hobetzeko prestakuntza profesionala bermatzeko.

Akordioari esker, unibertsitateko ikasleek Ertzaintzaren bulegoetan egin ahal izango dute praktiketako prestakuntza, haien aholkularitzapean eta laguntzarekin, eta praktika horiek hartzeko eta tutorizatzeko programa bati jarraituz. Hitzarmenak 4 urteko indarraldia izango du, eta beste 4 urtera luzatu ahal izango da.

 

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)