- Lankidetza-hitzarmen hori funtsezko mugarria da Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako CO2-aren balio-katearen garapen koordinaturako, eta CO2-a atzitu, garraiatu eta biltegiratzeko korridore estrategikoaren sorreran aurrera egitea ahalbidetuko du, Europako deskarbonizazio-helburuekin bat
Enagás enpresak, Eusko Jaurlaritzak —Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez— eta Petronor, Heidelberg, Calcinor eta Terresis Centro de Magnesitas Navarras industria-enpresek Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) sinatu dute ‘Iparraldeko Hub’ deiturikoa elkarrekin eta koordinatuta garatzeko. Proiektu integrala da, eta CO"-a atzitu, garraiatu, erabili eta biltegiratzeko balio-kate osoa (CCUS) diseinatuko du.
Proiektua funtsezkoa izango da deskarbonizazio-zaileko industria-sektoreak deskarbonizatzen laguntzeko —CO"-a murrizteko Europako helburuekin bat—. Arian-arian hedatuko da Estatuko iparraldeko beste enpresa eta eskualde batzuetara, ‘Iparraldeko Hub COnet2’ proiektuaren barruan. Proiektu hori Europako Interes Komuneko Proiektuen behin-behineko zerrendan dago.
Baterako ekimen horri esker, laguntzak eskatzeko estrategia koordinatua ezarri ahal izango da, barnean direla Europa Konektatzeko Mekanismoaren (CEF) funtsa eta Berrikuntza Funtsa (Innovation Fund).
Akordioa ahalegin erabakigarria izango da Europako funts horiek jasotzeko hautagaien heldutasun teknikorako eta komertzialerako, alde bakoitzaren finantzaketa-eskaerei gehituko baitzaie.
Lankidetza-eredu aitzindaria
‘Iparraldeko Hub’aren elkarlanerako akordioaren helburu nagusia da lurralde horietan CO"-aren balio-kate osoaren garapen integratu, ordenatu eta eraginkorra bermatzea: parte hartzen duten industria-zentroetan CO"-a atzitzetik azpiegitura logistikoen bidez garraiatzeraino (azpiegitura horiek barnean hartuko dituzte eroanbide espezifikoak, aldi baterako biltegiratzeko eta likidotzeko terminala eta beharrezko itsas azpiegiturak), betiere biltegiratze geologikorako eta/edo balorizaziorako.
Enagás enpresak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin eta Nortegas enpresarekin koordinatuta gidatuko dute CO"-aren azpiegitura logistikoaren diseinua, oinarri hartuta Enagás Transporte del Norte (ETN) sarea eta Bahía de Bizkaia Gas (BBG) lantegia —bi sozietate horietako partaide dira Enagás eta Energiaren Euskal Erakundea—.Bestalde, Petronor, Heidelberg, Calcinor eta Terresis enpresak CO"-a atzitzeko proiektu propioak garatzen ari dira. Gainera, Petronorrek CO"-a balorizatzeko teknologiak sustatzea aztertuko du, eta horrek proiektuaren izaera zirkularra indartuko du eta industria-aukera berriak ireki.
Proiektu hau zuzenean sartzen da Euskadi 2030 Industria Planean, elektrifikazio zaileko industria-prozesuak deskarbonizatzeko ‘Hard to Zero’ ekimenean barne hartzen baita. ‘Hard to Zero’ proiektu eraldatzaile gisa onartua dago, ‘Deskarbonizazio Harana’ izenarekin, eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoko industria-politikaren barruan duen izaera estrategikoa indartzen du.
‘Iparraldeko Hub’a garatzeko funtsezko bultzada
‘Iparraldeko Hub’a lankidetza publiko-pribatuaren adibide argia da, eta industriako CO"-a kudeatzeko balio-kate koherente eta efizientea eraikitzera bideratzen da. Baterako garapenak aukera emango du kostu logistikoak optimizatzeko, proiektuen bideragarritasuna hobetzeko eta industria-deskarbonizazioko ekimenek bide-orri komun bati jarraitzen diotela bermatzeko. Hartara, Estatuko iparraldeko industria-lehiakortasuna hobetuko da eta Europako klima-neutraltasunaren helburuak lortzeko konpromisoa indartuko da.
Parte hartzen duten konpainiek, akordioa sinatzearekin, urrats erabakigarria egin dute Europar Batasuneko erreferentziazko proiektu bat bultzatzeko, eta deskarbonizazio-eredu bideragarri eta jasangarri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duten soluzio berritzaileen aldeko apustua indartu dute.
Enagás enpresari buruz
Enagás Europako TSO (Transmission System Operator) bat da, 50 urteko esperientzia duena energia-azpiegituren garapenean, jardunean eta mantentze-lanetan. 12.000 kilometro gasbide, lurrazpiko hiru biltegi eta birgasifikaziorako zortzi planta baino gehiago ditu. Espainian, gas-sistemaren kudeatzaile teknikoa da, eta, 8/2023 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera, hidrogenoaren sare nagusiko (HTNO) behin-behineko kudeatzaile gisa jarduteko izendatu dute. Trantsizio energetikoarekin duen konpromisoaren indarrez, konpainiak aditzera eman du 2040an karbonoan neutroa izateko helburua duela eta, horretarako, deskarbonizazioaren eta gas berriztagarrien erabilera —batik bat hidrogenoa— bultzatzearen aldeko apustu sendoa egin duela.
Energiaren Euskal Erakundeari buruz
Energiaren Euskal Erakundea (EEE) Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia da eta Euskadiko energia-politikak garatzeaz arduratzen da, bere esperientzian eta ezagutza teknikoan oinarrituta.
Energia-sektoreko eragile nagusiekin batera proiektuak eta ekimenak bultzatzen ditu zenbait arlotan, hala nola energia-efizientzian, kontsumoen elektrifikazioan, energia-hornidurako iturrien dibertsifikazioan eta bektore berrien eta energia berriztagarrien ezarpenean. Azken helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osorako energia-jasangarritasuna lortzea eta kalitatezko energia-hornidura lehiakorra bermatzea.
Petronor enpresari buruz
Petronor da Bizkaiko industria-motor Nagusia. Zuzenean 940 pertsonak egiten dute lan bertan, eta, zeharka, 6.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana. Azken bost urteetan 1.200 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu eta 201 pertsona kontratatu.
Bizkaiko lurraldeari egiten dion ekarpena Bilboko Portuko trafikoan islatzen da, trafiko osoaren % 40 Petronorri baitagokio, eta foru-ogasunen diru-bilketa osoaren % 5,5. Petronorrek 936 milioi euro jarri zituen, hiru foru-ogasunen eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatuta.
Heidelberg enpresari buruz
Heidelberg Materials eraikuntza-materialen arloko produktore global integratu handienetako bat da, eta Europan eta maila globalean liderra da zementuan, agregakinetan eta hormigoian. 50 herrialdetan eta 3.000 ekoizpen-zentrotan baino gehiagotan jarduten du, eta zuzenean 51.000 pertsonari baino gehiagori ematen die enplegua. Jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin duen konpromisotik abiatuta, gidatzen ditu deskarbonizazioaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloko ekimen sektorialak. "EvoZero" produktu guztiz deskarbonizatuak eskaintzen dituen sektoreko lehen produktorea da, zementu-industriaren industria-mailako lehen atzitze-instalazioa zerbitzuan jarri ondoren. Espainian, Heidelberg Materials Euskadiko zementu-ekoizle liderra da Bilbon eta Donostian dituen bi produkzio-zentroetatik, eta deskarbonizazioan aitzindari izan diren ekimenengatik nabarmentzen da.
Calcinor enpresari buruz
CALCINOR Euskal Autonomia Erkidegoan jatorria duen enpresa-talde familiarra da, epe luzerako ikuspegia eta industria-ibilbide sendoa duena. Erreferentea da erreaktibo kimiko gisa erabiltzen diren industria-mineralen esparruan. CALCINORek funtsezko soluzioak hornitzen ditu zenbait sektoretarako, hala nola siderurgiarako, kimikarako, ingurumenerako, eraikuntzarako, nekazaritzarako eta ur-tratamendurako.
Konpainia Europan, Magreben eta Ameriketako Estatu Batuetan presente dago, eta zuzenean 2.400 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu. Bere eragin-esparru nagusietan lidergo-posizioari eusten dio.
Etengabeko hobekuntzarekin, energia-efizientziarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta, CALCINORek bere produkzio-prozesuen deskarbonizaziorako berrikuntza-proiektuak bultzatzen ditu, trantsizio energetikoaren Europako helburuekin bat.
Terresis Centro de Magnesitas Navarras enpresari buruz
Terresis Centro de Magnesitas Navarras —Terresisen filiala— erreferentea da magnesitaren eta haren eratorrien erauzketan, eraldaketan eta merkaturatzean. 1945ean sortu zen eta 2000. urteaz geroztik Roullier Taldean integratuta dago. Bertikalki integratutako produktore multinazional gisa finkatu da, eta magnesio oxidoan (MgO) oinarritutako soluzioak eskaintzeko gai da siderurgia, nekazaritza, industria-mineralak eta ingurumena gisako sektoreetarako.
Bere helburuak gidatuta —“Funtsezkoa dena babestea”—, enpresak jasangarritasuna, berrikuntza eta kalitatea jartzen ditu bere eragiketa guztien erdigunean. Enpresaren ekipoek CO"-a atzitzeko teknologia aurreratuak garatzen dituzte, eta, horiei esker, emisioak nabarmen murriztu daitezke eta, horrela, prozesuen deskarbonizazioa bultza daiteke eta bezeroen ingurumen-trantsizioan lagundu.
Etorkizunera begiratzen duen ikuspegi irmotik, Terresis enpresak eboluzionatzen jarraitzen du eta gero eta zorrotzagoak diren merkatuen premiei erantzuten dieten berrikuntza garrantzitsuak ekartzen ditu.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)