Elena Pérez Barredo Lan sailburuordeak Galesko ordezkaritza bat hartu du, Gizarte Ekonomiaren euskal ereduan interesa duena

Argitalpen-data: 

Perez_Barredo_Gales_1.jpeg
  • “Wales & Euskadi: Wellbeing Economy Learning Exchange” nazioarteko programaren baitan egin dute visita, eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko balio izan du garapen iraunkorrean eta politika ekonomikoetan

 

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Pérez Barredok Galesko ordezkaritza instituzional baten bisita jaso du astelehen honetan, Gizarte Ekonomiaren euskal eredua, kooperatibismoaren garapena eta ongizatearen ekonomiara bideratutako politika publikoak zuzenean ezagutzeko. Testuinguru horretan, Pérez Barredok kooperatibismoaren euskal eredua aurkeztu dio ordezkaritzari, baita kalitatezko enpleguari, gizarte kohesioari eta lurralde sustraitzeari egindako ekarpena ere.

Galesko ordezkaritza Jonathan Tench, Rhydian Davies eta Glenn Bowenek osatzen dute, beste ordezkari instituzional batzuen artean, eta Galesko Etorkizuneko Belaunaldien Komisarioaren Bulegoak eta Cwmpas erakundeak sustatu dute trukea. Ekimenaren helburua da garapen iraunkorraren, ongizatearen ekonomiaren eta kooperatiba sarea indartzearen arloko esperientziak partekatzea.

Gasteizen burutuko dute lehen jardunaldia, eta ordezkaritzak hainbat bilera instituzional egingo ditu Eusko Jaurlaritzako arduradunekin, 2030 Agendari, deskarbonizazioari, landa garapenari eta gizarte-ekonomiari lotutako politika publikoak aztertzeko.

Programaren baitan, halaber, bilerak egingo dituzte gizarte berrikuntza, trantsizio energetikoa eta nekazaritzako elikagaien garapenaren arlo estrategikoetako arduradunekin. Esparru horietan, Euskadik Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datozen politikak garatu ditu.

Bisitaren bigarren egunean, Mondragon Korporazioaren ekosistema kooperatiboa bisitatuko dute, haren egitura, funtzionamendua eta enplegu iraunkorra sortzeko gaitasuna ezagutzeko. Topaketa horri esker, kooperatibismoak garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa duen zereginean sakondu ahal izango du ordezkaritzak.

Gales eta Euskadiko gobernuek sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren baitan kokatzen da bisita. Memorandum horrek sustatzen du politika ekonomikoetan eta garapen iraunkorrean lankidetza. Alde horretatik, aldebiko harremanak sendotzen eta lankidetza aukera berriak identifikatzen lagunduko du trukeak, besteak beste, energia berriztagarrietan, nekazaritzako elikagaien sektorean eta gizarte ekonomiaren sustapenean.

Topaketaren emaitza gisa, etorkizuneko lankidetza-ildoetan aurrera egiteko ondorioak eta gomendioak bilduko dituen txosten bat egitea aurreikusi dute, ongizatearen ekonomiaren eta garapen kooperatiboaren arloko balizko truke gehigarriak eta baterako ikerketa proiektuak kontuan.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak positiboki baloratu ditu Euskadi Gizarte Ekonomiaren erreferente gisa kokatzen duten nazioarteko ekimen horiek, eta sendotu egiten dute garapen eredu iraunkorrarekin, inklusiboarekin eta pertsonen ongizatearekin konprometitutako lurralde gisa duen posizionamendua.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)