Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Urteko Estatistika Programa onartu du, Euskadiko datu ofizialen ekoizpena indartzeko (Gobernu Kontseilua 2026-06-02)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Aurtengo dekretuak ehun estatistika eragiketa baino gehiago arautuko ditu, eta balio handiko datuei buruzko Europako eskakizun berriak jasoko ditu

Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordearen eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren proposamenez, Urteko Estatistika Programa onartu du astearte honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan 2026an egingo diren estatistika eragiketa ofizial guztiak definitzen eta antolatzen dituen tresna.

Estatistika programa hori 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren baitan dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea betetzen du. Lege horrek urtero plan horiek dekretu bidez onartzera behartzen du Eusko Jaurlaritza.
Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak egin du aurtengo programa, Euskal Estatistika Kontseiluaren babesarekin eta Euskal Estatistika Batzordearen nahitaezko txostenarekin.

Urteko Estatistika Programak estatistika eragiketen zerrenda zabala biltzen du, eta askotariko eremuak hartzen ditu: demografia, osasuna, hezkuntza, ekonomia, lan merkatua, ingurumena, etxebizitza, mugikortasuna, kultura eta euskara, besteak beste. Barne hartutako inkesta eta estatistiken artean daude, adibidez, Osasun Inkesta, Bizi Baldintzen Inkesta, Biztanleriaren Estatistika Erregistroa, Mugikortasun Inkesta edo Euskararen Adierazle Sistema.

Dekretuak, gainera, hasiera batean 2023-2026 Euskal Estatistika Planean aurreikusi gabeko bi estatistika eragiketa berri jasotzen ditu: bata, adinekoentzako egoitza zentroetako kalitate adierazleei buruzkoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak proposatuta, eta, bestea, delitu estatistikei buruzkoa, Segurtasun Sailaren ekimenez.

Urteko Estatistika Programak datu irekiei buruzko Europako Zuzentarautik eta Europako Batzordearen 2023/138 Betearazpen Arautegitik eratorritako betebeharrak ere jasotzen ditu. Bertan, datu horiek berrerabiltzeko jendearen eskura jarri behar diren balio handiko datu estatistikoen multzoen zerrenda bat ezartzen da. Araudi hori aplikatuz, Eustatek Euskadiri dagozkion balio handiko datu estatistikoak zabalduko ditu programazio interfazeen bidez (API) eta, ahal denean, deskarga masiboaren bidez, lurralde historikorainoko lurralde desagregazioarekin.

Programan sartutako estatistikak nahitaez bete beharrekoak dira eragiketa bakoitzean identifikatutako informatzaileentzat. Emaitzak Eustaten webguneko zerbitzarian eta sail bakoitzeko atarietan argitaratuko dira. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretua, eta 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)