Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du plan horiek “enplegu duin, inklusibo eta lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako ereduaren motorra” direla, eta aukera ematen dutela udalerriak eta aldundiak “euskal enplegu sistemaren eraldaketaren erdigunean” kokatzeko

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur goizean iragarri duenez, “2026a izango da Enplegu eta Toki Garapeneko Planak orokortuko diren urtea”. Plan horietan jasotako proiektuak eta jarduerak “inplementatzeko” 5.832.000 eurotik gorako aurrekontua dute plan horiek.
Irungo Bidasoa Bizirik garapen agentzian egindako hitzartzean, Torresek jakinarazi du hedapena apirilean hasiko dela 20.000 biztanletik gorako udalerrietan —hamalau plan berri eta 48 udal— eta urrian jarraituko duela 10.000 eta 20.000 biztanle arteko erakundeetan —hamazazpi plan berri eta 36 udal partehartzaile—.
Torresek nabarmendu duenez, Enpleguaren 15/2023 Legea aplikatzea “inflexio puntua izan da Euskadik haren enplegu politika publikoak ulertzeko, planifikatzeko eta hedatzeko duen moduan”, eta azpimarratu du enpleguko eta tokiko garapeneko planak direla “eredu berri baten motorra”, zeinak “enplegu duin, inklusibo eta lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutakoa” duten oinarri, “inor atzean gera ez dadin”.
Lehendakariordeak aditzera eman duenez, lege berriak “dagokion zeregin estrategikoa itzuli dio lurraldeari, udalerriak eta aldundiak euskal enplegu sistemaren eraldaketaren erdigunean jarriz”. Ildo horretan, gogorarazi du arauak udalei eskumen propioa aitortzen diela tokiko enplegu eta garapen planetan, eta indartu egiten duela “jarduera ekonomikoa suspertzeko, enplegua sustatzeko eta ekintzak programatzeko gaitasuna gehien behar duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko”.
“Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila tokiko erakundeei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematen ari zaie trantsizio horretan, enplegu plan bakoitzak haren errealitate zehatzari eta, aldi berean, lurraldearen helburu estrategiko handiei erantzungo diela ziurtatzeko”, berretsi du Mikel Torresek.
Fase pilotua
Torres Lehendakariordeak zehaztu duenez, 2025ean jarri zen martxan fase pilotua, 1.560.000 euroko aurrekontuarekin eta 31 udal biltzen dituzten hamaika planekin, Irun eta Hondarribia barne, eta horien dokumentuak azken txanpan daude. Azaldu duenez, ikuspegi berri horrek “ahalegin tekniko handia eskatzen du, baita benetako ekosistema multieragile eta maila anitzekoak eraikitzeko lankidetza ariketa bat ere”, diagnostiko partekatuetan oinarrituta eta lurralde bakoitzaren beharretara egokituta.
"Eta hori ez da teoria. Abian da dagoeneko. Eta hemen, Irunen, errealitate bihurtzen ari da”, gaineratu du, Irunek, Hondarribiak eta Bidasoa Bizirikek fase pilotuaren esparruan egindako lana balioan jarriz. Bestalde, goizeko lehen orduan, Torres Lehendakariordeak bertatik bertara ezagutu du Via Irun proiektua.