- Foru-fiskalitateak lehiakortasuna, kalitatezko enplegua eta herrialdearen oparotasun ekonomikoa indartzeko betetzen duen zeregin estrategikoa defendatu du, Bilbon, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak
Fiskalitatea ez da diru-bilketarako tresna hutsa, eredu ekonomikoa bideratzeko, berrikuntza teknologikoa bultzatzeko eta trantsizio energetikoa laguntzeko palanka estrategikoa ere bada. Horixe izan da Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko sailburuordeak gaur Bilboko B Accelerator Tower-ean egin den “Fiskalitatea berrikuntza teknologikorako eta trantsizio energetikorako tresna gisa” jardunaldian aditzera emandakoaren ideia nagusietako bat.
Sailburuordeak Ekonomia Itunaren garrantzia nabarmendu du enpresa, erakunde eta finantzaren arloko ordezkarien aurrean. Adierazi du autogobernu fiskalaren eredu berezia dela, edozein estatuk zerga-arloan duen erabakitzeko ahalmenaren pareko ahalmena ematen baitio Euskadiri. Ohartarazi du, moneta-politika zentralizatuak eta zerga-murrizketek markatutako Europako testuinguru honetan, autonomia hori dela herrialdeak duen ekonomia-politikarako tresna nagusia.
Sailburuordeak nabarmendu duenez, Ekonomia Itunari esker, Euskadiren lehentasunetara egokitutako zerga-politika diseina daiteke eta hurbileko foru-ogasun garden eta egonkorrei euts dakieke —izan ere, foru-ogasunek segurtasun juridikoa ematen dute eta lehiakortasun-faktore bereizgarria dira nazioarteko ingurunean—.Araudiaren egonkortasuna eta erakundeen gaineko konfiantza lehen mailako aktibo ekonomikoak dira gaur egun.
Esparru horretan, sailburuordeak foru-fiskalitateak azken hamarkadetan izan duen bilakaera errepasatu du, eta jarduera ekonomikoa, berrikuntza, kalitatezko enplegua eta gizarte-kohesioa etengabe sustatzera bideratuta egon dela nabarmendu du. 2014ko eta 2018ko zerga-erreformen ondorioz eta 2025eko zerga-berrikuspenaren ondorioz, enpresa-lehiakortasunaren, trantsizio berdearen, ekintzailetzaren eta kultura- eta gizarte-mezenasgoaren aldeko apustua egiten duen eredua finkatu ahal izan da.
Fiskalitatea, industria eta oparotasuna
Sailburuordearen hitzaldiaren ardatz nagusietako bat fiskalitatearen, industriaren eta oparotasunaren arteko lotura izan da. Ildo horretan, sailburuordeak 2025ean aurkeztutako Euskadi 2030 Industria Planaren barruan bildu du politika fiskala. Plan horren abiapuntua uste komun honetan datza: industria da herrialdearen iragana, oraina eta etorkizuna. “Industria gehiago, industria hobea eta emisio txikiagoa” lelo bat ez ezik, hurrengo belaunaldientzako kalitate handiko enplegu egonkorra sortzeko estrategia ere bada.
Plana ziurgabetasun geopolitiko eta ekonomiko handiko testuinguru globalean hedatzen da, Europak aurre egin behar baitio Ameriketako Estatu Batuekin eta Txinarekin lehiakortasuna galtzeko arriskuari. Egoera horretan, Euskadik bere industria-oinarria indartzearen alde egiten du, betiere Europako industria-politika berriarekin eta Europako Batzordeak aurkeztutako Lehiakortasunaren Iparrorratzarekin bat eginik.
Sailburuordeak aditzera eman du Euskadik erronka horiei aurre egiteko indargune bereizgarriak dituela: industria-sare indartsua, berrikuntza-ekosistema aurreratua, enpresen premiekin bat datorren prestakuntza teknikoko sarea, eta lankidetza publiko-pribatuko kultura sendoa. Eta horri Ekonomia Ituna gehitu behar zaio, erabakigarria den aldetik.
Etorkizunari begira, funtsezko erronkak identifikatu ditu, hala nola energia-trantsizioarekin lotzen diren pizgarriak finkatzea, nazioarteko inbertsioak erakartzea, enpresetan belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzea, finantza-plaza propioa garatzea eta foru-ogasunak administrazio moderno, hurbil eta konprometitu gisa indartzea.
“Gure ahalmen fiskala guztiz baliatzea ez da autogobernu kontu hutsa”, adierazi du. “Euskadirako ongizate handiagoaren, kalitatezko enplegu gehiagoren eta oparotasun handiagoaren aldeko apustua da”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)