- Polizia-arduradunek EBA sistemaren koordinazioa eta erabilera partekatua indartu dituzte, indarkeria matxistaren aurrean erantzun homogeneo eta eraginkorra bermatzeko.
Segurtasun Sailak gaur goizean “EZAGUTZA PARTEKATUZ” jardunaldiaren edizio berri bat egin du, Koordinazio Zuzendaritzak antolatuta. Jardunaldiaren ardatza EBA sistema (Etxekoen eta Emakumeen Babesa) izan da, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta eta babesa emateko polizia-koordinaziorako funtsezko tresna.
Topaketak arlo honetan zuzeneko erantzukizuna duten udaltzaingoetako buruak, buruburuordeak eta bitarteko agintariak bildu ditu, ezagutza partekatzeko eta polizia-kidegoen arteko lankidetza operatiboa sendotzeko helburuarekin.
KOORDINAZIOA ETA SISTEMAREN ERABILERA PRAKTIKOA
Jardunaldiak bi hitzaldi nagusi izan ditu. Lehenik eta behin, Edurne Arce, Ertzaintzako Emakumearen aurkako Indarkeriaren eta Berdintasunaren koordinatzaileak, honako izenburupean eskaini du bere hitzaldia: “EBA plataforma, espedientea eta polizia-koordinazioa indarkeria matxistako kasuen aurrean”. Bertan, jarduteko prozeduretan, espediente bakarraren balioan eta erakundeen arteko koordinazioaren garrantzian sakondu du, biktimei babes eraginkor eta jarraitua bermatzeko.
Ondoren, Eva Moral Basauriko udaltzainburuak tresnaren funtzionamendu operatiboa eta benetako kasuetan duen aplikazioa azaldu ditu, informazio partekatuaren jarraipena eta eguneratzea egiteko sistemak duen erabilgarritasuna nabarmenduz.
Saioa Mikal Etxeberriak aurkeztu eta dinamizatu du; Orioko udaltzainburua da eta EUDELeko lantaldearen ordezkaria. Lantalde hori 2025eko martxoaren 3an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta EUDELen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan eratu zen, polizia-arloko lankidetza eta koordinazioa sustatzeko.
Bere esku-hartzean, Etxeberriak azaldu du jardunaldi hau aipatutako lantaldearen ekimenetik sortu dela, eta nabarmendu du beharrezkoa dela polizia-kidegoen arteko lankidetza etengabe indartzea, indarkeria matxistaren aurrean erantzuna hobetzeko.
ERANTZUN KOORDINATUA
Jardunaldiaren ondorio gisa, azpimarratu da garrantzitsua dela udaltzaingo guztiak —handiak zein txikiak— EBA plataforman integratuta egotea, biktimen eta erasotzaileen inguruko informazioaren baliozko gordailu komun bakarra baita. Polizia-kidego bakoitzak funtsezko ikuspegia ematen du, arrisku-balorazioa hobetzen eta babes eraginkorra indartzen laguntzen duena.
Era berean, azpimarratu da beharrezkoa dela biktima guztiei arreta homogeneoa bermatzea, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen artean partekatutako irizpideak aplikatuz, indarkeria matxistaren aurrean erantzun koordinatu, koherente eta eraginkorra ziurtatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)