Donostiako Topo berriaren lurpeko pasabidetik probako lehen trenak igarotzen hasi dira dagoeneko

Argitalpen-data: 

Donostiako Topo berriaren lurpeko pasabidetik probako lehen trenak igarotzen hasi dira dagoeneko

Donostiako Topo berriko lurpeko pasabidean Euskotrenen trenen lehen probak egin dituzte ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren menpe dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak gauzatutako 4,2 kilometroko eta hiru geltoki berriko azpiegitura berrian zehar. 

Lehen unitateak Lugaritzetik abiatu eta Amarako lurpeko geltoki berrira iritsi dira, Benta Berri eta Kontxa-Erdialdea zeharkatuz. Proba horiek dinamikoak eta galibokoak deritze, eta helburu dute material trenak inguruabar guztietan behar bezala jokatzen duela egiaztatzea, bai bihurguneetan, bai zuzenguneetan, bai tunelen barruan, bere barnealdean pisu handiagoa edo txikiagoa duela. Gainera, trenek une oro nasekiko, seinaleztapenekiko eta gainerako azpiegiturarekiko distantzia egokiak mantentzen dituztela berrestea ahalbidetzen dute proba hauek. 

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak baieztatu duenez, “Euskotreneko makinistak tarte berrian trebatzen hasi aurreko funtsezko urratsa da gaurkoa”. Zirkulazio horiek Euskotreneko gidariak azpiegiturarekin ohitzera zuzenduta daude. Martxa zuriak deitzen dira, eta Donostiako lurpeko pasabidea funtzionamenduan jarri aurreko urratsa dira. Pasabideak Amarako geltokiko zokogunea desagerraraziko du (gaur egungo linearen bukaera, eta beraz trenek errebotea egiten duten puntua), hiru geltoki berri jarriko dira eta maiztasunak 7,5 minutura hobetuko dira Añorga eta Pasaia arteko tarte osoan. “Beraz, urrats bat gertuago gaude tarte berri hori zerbitzuan jartzetik, eta, horren ondorioz, datozen Gabonak baino lehen Gipuzkoako ekialdetik mendebalderako linea jarraitu bat izango dugu, zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzea ahalbidetuko duena”, adierazi du. 

Zerbitzuaren hobekuntza batzuk asteburu honetan bertan hasiko dira nabaritzen, uztailean Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea abian jarri ondoren. Horri esker, larunbat honetatik aurrera maiztasun gehiago egongo dira. Hala, neguko ordutegia indarrean sartu arren, larunbat gauetako udako maiztasunak mantenduko dira. Bihartik aurrera, gaueko trenek ordubeteko udako maiztasuna mantenduko dute Lasarte-Oria eta Hendaia artean, eta 30 minutukoa, gutxi gorabehera, Amara eta Pasaia artean, bi noranzkoetan eta gau osoan. 

Era berean, Altza eta Galtzaraborda arteko tarte berriari esker, Euskotrenek zerbitzua hobetu ahal izango du Errenterian eta Oiartzunen. Izan ere, bertan, ordutegi berriarekin 15 minutuko maiztasunak eskainiko dira (larunbat goizeko oraingo 30 minutukoen aldean), baita igande eta jaiegunetan ere, egun osoan.