- Lasterketa abuztuaren 1ean, larunbata, jokatuko da eta Gipuzkoako hiriburuan izango ditu hasiera eta amaiera
- Ertzaintza eta udaltzaingoak arduratuko dira txirrindulari-proban laguntzeko eta segurtasuna bermatzeko dispositiboaz
Abuztuaren 1ean, larunbata, jokatuko da Donostiako Klasikoa txirrindularitza lasterketaren 45. edizioa. Ohi bezala, Donostiako Boulevardean izango ditu irteera eta helmuga eta, guztira, 211,4 kilometroko ibilbidea izango du. Txirrindulariak 11:20ean abiatuko dira eta, antolatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, 16:29ak edo 17:02ak aldera amaituko da lasterketa.
Eusko Jaurlaritzak koordinatuko du txirrindulari-proban laguntzeko eta segurtasuna bermatzeko dispositiboa (Ertzaintzaren Trafiko Unitateko, Brigada Mugikorreko, Zaintza eta Erreskateko eta ertzain-etxeetako agenteek parte hartuko dute), lasterketak eragina izango duen herrietako udaltzaingoekin batera.
Donostiako Klasikoak zeharkatuko dituen errepideak itxita egongo dira lasterketa burua igaro baino 20-30 minutu lehenago, eta parte-hartzaile guztiak igaro ondoren irekiko dira berriro. Lehiaketak ez die eragingo gaitasun handiko bideetako zirkulazioari, ez eta bide-sare nagusiko zirkulazioari ere, puntu hauetan izan ezik:
- GI-21 (lasterketako 0,8 kilometroan): GI-20 errepidetik Añorga auzorako bi irteerak moztuko dira, 10:40tik aurrera.
- GI-21 (lasterketako 134,1 kilometroan): GI-20 errepidetik Añorga auzorako bi irteerak moztuko dira, 13:50etik aurrera.
- GI-636 (lasterketako 147,9 kilometroan): GI-636 errepidea itxi eta zirkulazioa Molinaoko biribilgunera desbideratuko da, 14:10etik aurrera.
- GI-636 (lasterketako 171,7 kilometroan): GI-636 errepidea itxi eta zirkulazioa Iparralde etorbidera desbideratuko da, 14:45etik aurrera.
- GI-636 (lasterketako 196,4 kilometroan): GI-636 errepidea itxi eta zirkulazioa Lezora desbideratuko da, 15:20etatik aurrera.
Donostiako Klasikoa 2025 lasterketari buruzko informazio guztia web-orri, aplikazio eta Twitter kontu ofizialen bidez hedatzen da. Gainera, herritarrek Eusko Jaurlaritzaren 011 telefono-zenbakia, 24 orduetan aktibo dagoena, erabil dezakete trafikoari buruzko informazioa jasotzeko, bai eta www.trafikoa.euskadi.eus webgunea edota X sare sozialeko @TrafikoaEJGV kontua ere. Era berean, Euskadiko errepide-sarean kokatuta dauden mezu aldakorreko panelen bidez emango da trafikoko eraginen eta murrizketen berri.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)