- Sare berria aurretik zegoenarekin lotzeko lanak gauean zehar egin dira, aurreikusitako denboran, eta Pasaia eta Anoetaren arteko parekotasun-aldaketa planifikatutakoaren arabera amaitu da
- Lehen trenak 6:45ean zeharkatu du trenbide-pasantea Lasarte-Oriatik zetorrela, eta Bentaberrin lehen geldialdia egin du
- Ibilbide berriak 4,2 kilometro izango ditu, eta hirigunean, Amaran eta Antiguan geltokiak izango ditu. Trenak 7,5 minutuero pasako dira Donostialdean
Topoa, egitura berria abiarazita, normaltasunez ari da dagoeneko. Donostiako erdigunetik beherako trazadura du, eta horri esker, linea jarraitua da: Gipuzkoako ekialdea eta mendebaldea etenik gabe lotzen ditu, trenak errebotatzen zituen Amarako geltokiko zaku-hondorik gabe.
Horrez gain, linearen optimizazioak aukera ematen du gaur goizetik aurrera trenak 7,5 minutuero pasa daitezen hiriaren mendebalderantz hedatzeko, Añorgako geltokiraino. Horrenbestez, Donostialdeak dagoeneko metro-maiztasunak ditu ia aste osoan, eta asteburuetako zerbitzua hobetu egin da Gipuzkoako lurraldeko zati handienean. Gainera, ibilbide berriak Easo plazako geltoki zaharrean egiten ziren tren-aldaketa gehienak saihesten ditu.
Amara, Kontxa Zentroa eta Bentaberriko hiru geltoki berriak dagoeneko erabil ditzakete herritarrek, eta, orain, Toporako sarbide berriak dituzte hiriko erdigunean edo Antigua auzoan eta unibertsitateetan, besteak beste.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak azaldu duenez, “Topo berria normaltasunez hasi da, gaur gauean tren-azpiegitura berria gaur egungoarekin lotzeko egin beharreko lanak egin ostean. Lehen ordutik, pertsona asko ari dira hurbiltzen geltokiak ezagutzera, gero egunerokoan erabiltzeko, hori baita gure helburua, hau da, gure zerbitzu publikoarekin lan-, prestakuntza- edo aisialdi-aukerak dauden tokietara iristen laguntzea. Gaurkoa garraio publikoa aldarrikatzeko eta Euskal Trenbide Sareko eta enpresa kolaboratzaileetako ehunka profesionalei eskerrak emateko eguna da, gaur hemen egon gaitezen urte hauetan egin duten lan eskergagatik; baita Euskotreni ere, gaurtik aurrera Donostian emango duen zerbitzu jasangarri, fidagarri, irisgarri eta eskuragarriagatik. Ziur nago hiriburuari eta Gipuzkoari lagunduko diela etorkizunera begira”.
Azaroak 21, goizeko 6:45
Gaurtik aurrera larunbatetarako aurreikusitako ordutegiari jarraituz, ibilbide berria egin duen lehen Topoa Lasarte-Oriatik datorrena izan da; Lugaritzeko geltokian Donostiako lurpeko pasantea hartu du, Bentaberriko geltoki berrira goizeko 6:45ean iristeko. Tren hori bera izan da Kontxa-Zentroko geltokian hartu duten lehena, Pasaiatik datorrenarekin gurutzatu aurretik, Amarako lurpeko geltoki berria 6:47an estreinatu duena. Zerbitzu berriari esker, nabarmen hobetu dira larunbat gauetako maiztasunak, gauetan etengabe ordu erdiro pasako baitira trenak. Hala, Topo berria 40 orduz jarraian egongo da zabalik, igandeko 23:15ean pasantea zeharkatuko duen azken trenera arte.
Ostiraletik larunbaterako gauean programatuta zeuden lanak amaitu dira, Morlans parean dagoen azpiegitura berriarekin lotzeko. Leku horretan, trenek atzora arte zuten ibilbidea utzi eta lur azpiko hiru geltoki berrietan sartuko dira. Trenbideak alboetatik 40 metro mugitzea normaltasunez egin dute, eta lotura aurreikusita zegoen moduan egin dute.
Gainera, Topo berria martxan jartzearekin batera eta zerbitzurik ematen ez den orduetan, joan den gau osoan zehar Pasaia eta Anoeta arteko geltokien noranzkoa aldatu egin da, trenen martxa azpiegituraren ezkerraldetik bateratzeko. Horrek aldaketak ekarri ditu seinalizazioan, eta herritarrentzako abisu akustikoak eta bisualak jarri dira.
Abiaraztea, kulturaz inguratuta
Lurrazpian eta trenetan bertan, herritarrek makinen beraien zarata artearekin nahasten dela ikusten dute. Alde batetik, Victor Goikoetxea gipuzkoarraren ‘El eco de la bahía’ esku-hartze artistiko-arkitektonikoa deskubritzeko aukera dago, Kontxa-Zentroko eta Bentaberriko lau sarbideetan. Bestetik, Mikel Casal tokiko artistaren kolaborazioa ikusi ahal izan dute Kontxa-Zentroko eskaileretan.
Era berean, hiru geltoki berriak bisitatzen dituzten lehen pertsonak bertako artisten emanaldiekin topo egiten ari dira, hala nola, Sonakay taldea, Maria Amolategi, Olana Liss edo Paul San Martin, eta horiei entzuteko aukera izango dute zerbitzua martxan jarri eta lehen hiru egunetan.
Topoa Donostiako erdigunera itzuli da
Donostia eta Frantziako mugaren arteko lehen bidaia 1916an egin zuen Topoak, eta 72 urte geroago itzuli da Gipuzkoako hiriburuaren erdigunera. 1954an hiriko Udalak Topoaren operatiboa kendu zuen hiriaren bihotzetik; tranbia moduan iristen zen hiriko erdiguneko kaleetatik Peñaflorida kalean Gipuzkoa Plaza inguratzean zuen geltokiraino.
Gaurkoa ere egun historikoa izan da Amarako geltokiarentzat; 1895etik Easo plazako geltokian hartzen zituen trenak, eta bart egin ziren bertan azken zerbitzuak. Zehazki, Hendaiatik abiatutako trenean zihoazen pertsonak izan ziren euren nasetan jaisten azkenak, 23:11n. Bilbo-Matiko, Lasarte-Oria eta Irun alderako azken trenak 20:50ean, 22:16an eta 22:45ean abiatu ziren, hurrenez hurren.
Datorren udara arte, Easo eta Autonomia kaleen artean dagoen trenbidea gauez erabiltzen jarraituko den arren, aurreikusita dago Zumaiako kotxetegien eraikuntza amaitzearekin batera Amarako lur gaineko geltokiak trenbide-erabilera izateari uztea. Hala, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak 21.000 metro koadroko gune bat jarriko du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eskura, hiriaren erdigunean, herritarrentzat 400 etxebizitza eskuragarri baino gehiago eraikitzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)