Donostiako Benta Berriko babes publikoko 510 etxebizitzen azalera-eskubidea erosteko akordioa

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzak babes publikoko etxebizitzaren kalifikazio iraunkorra bermatuko die 510 etxebizitzei, eta horien egungo babes-erregimena 2028ko azaroan amaitzen da.
  • Maizterrek alokairu babestuko erregimenean jarraituko dute beren etxebizitzetan.
  • Salerosketa-kontratua urtea amaitu baino lehen sinatzea aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Testa Residencial Socimi ("Testa") sozietateak aurre-akordioa lortu dute gaur, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Benta Berri auzoko babes publikoko 510 etxebizitzen gaineko azalera-eskubide osoa eros dezan. Testa da azalera-eskubide horren titularra; eskubide hori 2069ra arte dago indarrean, eta lurzorua, berriz, Eusko Jaurlaritzaren titulartasunekoa da. 

Aurre-akordioaren arabera, operazioan sartutako 510 etxebizitzak babes publikoko etxebizitzaren kalifikazio iraunkorra izango dute, eta 100 milioi euroko prezioa izango dute.

Urrats horri esker, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza horien izaera babestua eta soziala iraunkorki zaindu ahal izango du (egungo babes-erregimena 2028ko azaroan amaitzen da), eta maizterrei alokairua bermatu ahal izango die hiri-ingurune finkatu batean. Gainera, lurzorua eta etxebizitzak titulartasun publiko beraren pean bilduko dira.

Benta Berriko etxebizitzen jatorria 1994an Eusko Jaurlaritzak Metrovacesa eta Vallehermoso enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zion babes ofizialeko etxebizitzen itunpeko sustapenean dago. Eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzak lurrazal-eskubidea eman zien bi enpresei, 75 urterako, 2069ra arte. Etxebizitzak lehenengo maizterrei esleitu zitzaizkien 1998an, alokairu babestuan eta 2028ko azaroan amaitzen den babes publikoko etxebizitzaren kalifikazioarekin.

Etxebizitzak alokairu babestura bideratu dira, eta Testak kudeatu ditu, betebeharrak betez, babes-erregimenean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)